Pentsiodun batek eskaeraren aurreko 5 urteetako gutxieneko pentsiorako osagarriak jaso ditzake ala aurreko hiru hilabeteei dagozkionak bakarrik?

Zehaztu beharko litzateke zer efektu ekonomiko aplikatu behar zaizkien prestazio nagusia aitortu ondoren erreklamatzen diren gutxieneko pentsiorako osagarriei; hau da, eskaeratik hiru hilabeteko atzeraeraginarekin aitortu behar den edo bost urteko epe orokorrarekin.
Aztertzen ari garen kasu jakin honetan, erretiroagatiko pentsiodunak prestazio nagusiaren ondoren eskatu zuen gutxieneko pentsiorako osagarria aitortzea, eta erakunde kudeatzaileak eskaeratik hiru hilabeteko atzeraeraginezko ondorioekin bideratu zuen eskaera.
Auzitegi Gorena, 2023ko azaroaren 21eko epaian, gutxieneko pentsiorako osagarriak eskatu eta 5 urteko atzeraeraginarekin aitortzearen alde agertu da, alarguntasunagatiko pentsiodun baten antzeko kasu batean. Auzitegiak ondorioztatu zuenez, “erakunde salatuak auzi-jartzailearen datuak zituenez prestazioaren hasierako eskaera aurkeztu zen unetik, eta datu horiek, edozein kasutan, Ogasunak dituen datuekin kontrastatu daitezkeenez, hasieratik aitortu beharko zukeen osagarria. Eta, egin ez bazuen, oker material baten ondorioz izan zen, ez baita zalantzan jartzen hura jasotzeko eskubidea, eta atzeraeragina aurreko bost urteei dagokie”.
Auzitegiak errepikatu du erakunde kudeatzaileak osagarria ez duela ukatu prestazioa oinarritzen duten elementuak ez betetzeagatik, eta ez du zalantzan jarri eskatzailearen egoera ekonomikoa, familiarra eta bizikidetzakoa. Ondorioz, pentsatu behar da akatsen bat izan dela pentsiodunak osagarri horiek jasotzeko eskubidea duen zehazteko eragiketa aritmetikoak egitean, espediente administratiboan jasotzen baitziren horri buruzko datu guztiak, eta ez zen inolaz ere zalantzan jarri betetzen zituela osagarriak jasotzeko eskakizun guztiak alarguntasunagatiko pentsioa aitortu zitzaion unetik bertatik. Ez dago legezko oztoporik “pentsiodunari zuzenbidez dagozkion gutxieneko pentsiorako osagarriak aitortzeko 5 urteko atzeraeraginezko ondorioekin, gerora pentsioa aitortzea eragin duen berrikusteak oker material, egitatezko edo aritmetiko bat zuzendu baitu”.
Susana Castaños del Molino
Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua
