JARDUERA ANITZETAN ARI DEN LANGILE BATEK LANEKO ISTRIPU BAT BADU ERREGIMEN OROKORREAN, LANEKO ISTRIPUAREN KALIFIKAZIO HORI BERA LANGILE AUTONOMOEN ERREGIMEN BEREZIAN DUEN EGOERARA HEDATZEKOA DA?
Kontsultaren xede den kasuko langilea honako egoera honetan dago:
• Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorreko (aurrerantzean, GSEO) enpresa bati zerbitzua ematen dio.
• Jarduera aniztasuneko egoeran ari da, sartuta baitago, aldi berean, Langile Autonomoen Erregimen Berezian ere (aurrerantzean, LAEB), eta bere borondatez hobetu du babes ekintzaren esparrua, laneko kontingentziei dagokien babesa ere erantsiz.
• Laneko istripu traumatiko bat izan du kontratatuta duen GSEOko enpresari zerbitzua ematen ari zitzaion bitartean.
• Medikuntza ikuspegitik, istripuaren ondorioz, bi jardueretarako dago langilea aldi baterako ezintasun egoeran: GSEOko enpresaren jarduerarako nahiz langilea LAEBen sartzea dakarren jarduerarako.
Kasu honetan, argitu beharra dago ea GSEOn laneko istripu bat deklaratzen delarik kalifikazio hori LAEBen duen egoerara hedatu beharko litzatekeen eta, azken batean, ea GSEOko laneko istripuaren kontingentziagatiko aldi baterako ezintasun prestazioa jasotzeko eskubidea aitortzea legokiokeen.
Abiapuntua hauxe da: laneko istripuen kontzeptuak ez dira homogeneoak Erregimen Orokorrean eta Langile Autonomoen Erregimen Berezian. Enplegu anitz dituen langile baten kasuan, laneko istripuen erregimenak homogeneoak izanik, gertaera bera laneko istriputzat hartuko da, baita istripua izan duenean langilea zerbitzua ematen ari zitzaion enpresa beste bat izanik ere (izan ere, enpresa guztien artean harremanetan egon beharko dute, gehieneko kotizazio oinarria ez gainditzeko).
Erregimen desberdinetan ari bada, aldiz, ez da hala.
Egia da laneko istripuaren kontzeptua homogeneizatuz joan dela bi erregimenetan, bereziki langile autonomoei zegozkien arauak Gizarte Segurantzako Lege Orokorraren Testu Bateginean txertatu zirelarik (horren adibide da LAEBen sartu izana in itinere laneko istripuak, esate baterako). Edonola ere, gaur egun, oraindik ez dira kontzeptu erabat homogeneoak. Horrenbestez, ezinezkoa da laneko istripuaren kontzeptua modu automatikoan hedatzea Erregimen Orokorretik Erregimen Berezira, kontzeptu desberdinak baitira.
LAEBeko laneko istripuaren kontzeptua Gizarte Segurantzako Lege Orokorraren Testu Bategineko 316.2 artikuluan jasota dago, jarraian adierazten den moduan: “Langile autonomoaren laneko istriputzat hartuko da langileak bere kontura egiten duen eta langilea erregimen berezi honen aplikazio esparruan sartzea dakarren lanaren zuzeneko eta berehalako ondorioz gertatutakoa”.
Ezinezkoa da jarduera aniztasuneko egoeran besteren konturako langile gisa ari den bitartean istripua duen langile batek aldi berean izatea istripua LAEBen, hautsi egiten baita, ezintasun nabariaz, langile autonomo gisa egin behar zuen eta erregimen berezian sartuta egotea dakarren lanaren eta une horretan egiten ari zen lanaren arteko nahitaezko kausalitate erlazioa. Hau da, langileak ez badu lesioa izan norberaren konturako lanari dagokion denboran eta tokian –alegia, besteren konturako erregimen orokorrean zerbitzua ematen duen enpresan izan badu lesioa–, ezinezkoa da estrapolazio hori egitea.
Kontsultan planteatutako kasuan, beraz, hauxe ondorioztatzen da: laneko istripua besteren konturako jarduera jakin batean gertatua izanik, lanekoa ez den istriputzat hartuko da langilea aldi berean LAEBen sartuta egotea dakarren norberaren konturako lan jarduerari dagokionez. Eta, hala, laneko istripuaren kalifikazioa ez da hedatuko LAEBera, eta, hortaz, ez dagokio LAEBeko laneko istripuen kontingentziagatiko aldi baterako ezintasun prestazioa jasotzeko eskubidea aitortzea.
Kontsulta berri bat egiteko, egin klik hemen
Susana Castaños
Mutualiko Aholkularitza Juridikoa

