Itzuli

KONTSULTA JURIDIKOA 2019KO ABENDUA

JATETXEKO TIKETEN IZAERARI BURUZ. SOLDATA OSAGARRIA EDO KONPENTSAZIO OSAGARRIA?

Auzitegi Nazionaleko Lan Arloko Salaren 2019-10-04ko 1. sekzioaren epaiak, 178/2019 Gatazka Kolektiboko prozeduraren bitartez jaso denak eta Ramón Gallo Llanos jauna izan delarik txostengilea, jatetxeko tiketen izaera juridikoa aztertu du. Gatazka hori sindikatu batek sustatu du, eta soldata osagarritzat har dadila eskatu du, eta ez enpresak babesten duen konpentsazio edo soldataz kanpoko izaerakotzat.

Kontuan hartzen diren egitateak eta gatazka kolektiboaren esparrua 5.120 langileri mugatzen zaie, hain zuzen ere, jatetxeko tiketak, baldintza onuragarriago gisa, baliatzen zituzten langileei, zeinak nominan jasotzen zituzten, 9 euroko zenbatekoan, lanaldi zatituko lanegun bakoitzeko; zenbateko hori bateraezina zen dietak jasotzearekin, ez zen kontuan hartzen ordainsari aldakorra kalkulatzeko, ez eta aplikatzekoa zen sektore hitzarmenean aurreikusitako aldi baterako ezintasunaren osagarria kalkulatzeko ere, eta ez zen soldata eguneratzearen xede, nahiz eta kontuan hartzen zen kaleratzearen ondoriozko kalte-ordainak kalkulatzeko.

2017ko martxoan, bi sindikatuk tiketa monetizatzeko akordio bat hitzartu zuten enpresarekin, ezin konpentsatu eta xurgatu zena, eta jatetxeko tiket zaharren zenbateko monetizatua (1.500 € gordin urtean) nominan islatu zen, “Jatetxeko tiketaren eskubideen konpentsazioa” izeneko kontzeptuaren bitartez, hilean 125 euroko zenbateko gordinarekin.

Akordio hori posta elektronikoz helarazi zitzaien langile guztiei, eta bertan adierazten zenez, jatetxeko tiket eskubideen konpentsazioaren kontzeptuari buruzko akordioa bitartean, hau da, 2017/03/01era bitartean, enpresak aplikatzen zituen arauak eta baldintzak aplikatuko zitzaizkion, eta adierazten zen, halaber, konpentsazio hori langile bakoitzaren ordainsari globalaren zati dela, eta, beraz, jaso ondoren, askatasunez eta borondatez erabili ahal izango dela.

Akordio horretan honela ezartzen da, berariaz: aldi baterako ezintasunagatiko, amatasunagatiko, edoskitzeagatiko edo “lan egin gabeko denboragatiko” baja egoeretan ez da jatetxeko txartel eskubideen konpentsazioari dagokion zenbatekoa jasoko.

Enpresari aplikatu beharreko hitzarmenak osatu egiten ditu aldi baterako ezintasunagatiko prestazioak, 30 egunetik gorako gaixotasunagatiko bajaren 5. egunetik aurrera (egun hori barne), soldataren % 100era arte, baja hartu eta 12 hilabeteko gehieneko epean; hala ere, enpresak jarraitu duen ordainsari politika aldi baterako ezintasunaren osagarria bajaren lehen egunetik beretik ordaintzea izan da.

Auzitegi Nazionalak ulertzen duenez, erakunde sindikal demandatzaileak gauzatutako uziak, hau da, langileek aldi baterako ezintasunagatiko bajaren lehen egunetik jatetxe tiketetarako eskubidearen ondoriozko soldata osagarria jasotzeko duten eskubidea aitortzera kondenatzea enpresa, ezin du aldeko harrera izan, honako gogoeta hauetan oinarrituta:

1.- Langileen Estatutuaren 26.2 artikuluan xedatutakoaren arabera (urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretua), gaur egungo “Jatetxeko tiketaren konpentsazioa ordainsariko kontzeptua ez da soldata kontzeptua, baizik eta konpentsazio kontzeptua, horrekin ez baita benetako lana konpentsatzen; aitzitik, langileari lanaldi zatituko erregimenean zerbitzuak emateko, ordutegi jarraituaren erregimenean emateko ez bezala, sortzen zaizkion gastu handiagoak konpentsatzen zaizkio, bai langileak bazkaltzera etxera joan eta lanera itzuli behar duelako, bai ostatu batean bazkaldu behar duelako.

Auzitegi Nazionalak adierazten du, halaber, kontzeptu hori ezarri zen unetik beretik ez zela dietekin bateragarria izan, eta horrek agerian uzten duela bi kontzeptuek izaera juridiko bera dutela; beraz, kontzeptu hori ez da inolako ondorioetarako soldatatzat hartu behar, eta ondorio horrek ez du ezerezten enpresak kaleratzeagatiko kalte-ordainen ondorioetarako aintzat hartu izana, izan ere, Salaren iritziz, demandatutako enpresako langileek beren onurarako duten baldintza bat baino ez da.

2.- Bestalde, Auzitegi Nazionalak dioenez, ezin da inola ere ondorioztatu jatetxeko tiketa monetizatzeko 2017ko erabakiaren bidez hura aldi baterako ezintasunaren osagarrian sartzeko betebeharra bere gain hartu denik; izan ere, Auzitegi Gorenak ezarritako doktrinari jarraituz, argi dago aldeek jatetxeko tiketa monetizatzean ez zutela hobekuntza hori, aplikatu beharreko erregimen konbentzionalari dagokionez, aldi baterako ezintasunaren osagarritzat hartzerik nahi izan, zeinaren bitartez osatzen duen enplegatzaileak hitzarmenean ezarritakoa baino modu onuragarriagoan; izan ere, literaltasuna argia da, akordioan ezartzen baita “konpainiak 2017ko martxora bitartean aplikatzen zituen arau eta baldintza berberak aplikatzen jarraituko dira”, eta horrekin batera, alderdien ondorengo egintzek, enpresak plantillari egindako jakinarazpenak eta langileen ordezkariek prozedura honen demanda jarri arte erreklamaziorik aurkeztu ez izanak, bi urte baino gehiago igaro ondoren, agerian uzten dute alderdiek ez zutela asmorik izan, jatetxeko tiketa monetizatzearen ondorioz, hobekuntza hori enpresak ordaindu behar duen aldi baterako ezintasunaren osagarriaren parte bihurtzeko.

Beraz, aldeek berariaz bestelako kontsiderazio bat adosten ez badute, jatetxe tiketaren monetizazioa konpentsatzailea izango da, eta ez soldatakoa.

Lotutako berriak