28/2018 Errege Lege-Dekretuak nahitaezko erretiroaren itzulera dakar?

Joan den urtarrilaren 1ean 28/2018 Errege Lege-dekretua indarrean sartu arte, indarreko Langileen Estatutuak (2/2015 Legegintzako Errege Dekretua) honakoa aurreikusten zuen Hamargarren Xedapen Gehigarrian: “Langileak Gizarte Segurantzaren araudian finkatutako erretiro-adin arrunta betetzeagatik lan-kontratua amaitzea ahalbidetzen duten hitzarmen kolektiboetako klausulak deusezak eta ondoriorik gabeak izango dira, klausula horien irismena edozein dela ere”. Neurri hori, nahitaezko erretiroa ohiko eran arautzeko gaitasuna mugatzen duena, ez zen 2015eko Langileen Estatutua aldarrikatzearen ondoriozkoa, uztailaren 6ko 3/2012 Legean baitu jatorria.
Lege horrek, 2012ko uztailaren 8an indarrean sartu zen unetik bertatik, aldatu egin zuen orduan indarrean zegoen 1995eko Estatutuak jasotzen zuen erregimena; azken horrek hitzarmen kolektiboetan klausula bat ezartzea ahalbidetzen zuen, zeinaren arabera, laneko kontratua iraungi zitekeen, langileak Gizarte Segurantzako araudiak ohiko erretirorako finkaturiko adina gainditzen zuen unean bertan. Nahitaezkoa zen klausula horiek zenbait baldintza betetzea; batetik, hitzarmen kolektiboan bertan adierazitako enplegu-politikekin koherenteak ziren helburuei lotuta egotea (enpleguan egonkortasuna hobetzea, aldi baterako kontratuak mugagabe bilakatzea, enplegua mantentzea, langile berriak kontratatzea, edota enpleguaren kalitatea hobetzea helburu duten bestelakoak), eta, bestetik, kontratua iraungitzearen ondorioz kalteak jasaten zituen langileak, gainerako baldintzez gain, gutxieneko kotizazio-epea gaindituta edukitzea, pentsioa kalkulatzeko orduan oinarri arautzaileari % 80ko ehunekoa aplikatu ahal izateko, gutxienez.
2012ko uztailaz geroztik, beraz, legezko gaikuntzarik ez zegoenez, ezinezkoa zen hitzarmenetan erretiroa behartzera bideraturiko klausularik txertatzea, ez soilik aurreikusita dauden ohiko adinetarako, baita erretiroa adinez aurreratu edota atzeratu ahal izateko ere. Hala ere, legea aldatu aurretik adostu, eta, aldaketa ostean oraindik indarrean zeuden Hitzarmen Kolektiboen kasuan, epealdi iragankor bat ezarri zen, 3/2012 Legean bertan 5. Xedapen Iragankorrean jaso zena hasiera batean, eta 2015eko Estatutu berriaren 9. Xedapen Iragankorrean errepikatu zena gero.
Hori izan da egoera, 28/2018 Errege Lege-Dekretuaren 1. Azken Xedapen bidez berriro ere aldaketa etorri (2019ko urtarriletik aurrerako ondoreekin), eta arestian aipatu dugun egungo Estatutuaren 10. Xedapen Gehigarria bertan behera geratu den arte, berriro txertatu delarik nahitaezko erretirorako ohiko klausulak ezarri ahal izateko nahitaezko lege-gaikuntza. Hala ere, ez du egiten 2012ko uztailera arte indarrean egondako termino berdinetan, klausula horiek bete beharreko baldintzetako bat aldatuta baizik.
Laneko kontratuaren iraungitzearen ondorioz kaltea jaso duen langileak Gizarte Segurantzari buruzko araudiak eskatzen duena bete beharko du, nahitaez, erretiroko pentsioa % 100ean jasotzeko eskubidea izan dezan, ordaindutakoaren arabera. Ez da nahikoa, lehen gertatzen zen bezala, kotizatzen duenarekin oinarri arautzailearen % 80 jasotzeko eskubidea izatea. Mantendu egiten da, ordea, neurri hori hitzarmen kolektiboan bertan adierazita dauden enplegu-politika koherentedun helburuei lotuta egoteari buruzko baldintza, eta aurreko testuan jasotakoei belaunaldi-erreleboa gehitzen zaie.
Jakina denez, horrek ez du esan nahi 2019ko urtarrilaz geroztik enpresek langileak erretiroa hartzera behartuko dituztenik baldin eta erretiroa % 100ean kobratzeko eskubidearekin iristen badira dagokien ohiko adinera; izan ere, hitzarmen aplikagarriak, aurretiaz, deskribatu diren klausuletakoren bat aplikatu beharko du horretarako. Seguruenik, klausula horiek apurka-apurka sartuko dira hitzarmenak berriztatu edota luzatzeko prozesuan; hala gertatu da, dagoeneko, aurten adostu diren hitzarmenetan.
Ondorioz, nahitaezko erretiroaren figura bueltatu da, baina langilearentzat horren kaltegarriak ez diren baldintzekin. Arauketa berriarekin, izan ere, ez da posible izango neurri hori aplikatzearen ondorioz prestazioan murrizketarik egotea. Jakina denez, neurri horiek, behin hitzarmenetan ezarrita daudenean, eraginkortasuna kenduko die Gizarte Segurantzari buruzko Lege Orokorrak 214. eta 215. artikulu bidez jasotako erretiro aktibo eta malguari buruzko xedapenei.
Iñaki Esnal
Mutualiako Aholkularitza Juridikoa