consulta
Itzuli

KONTSULTA JURIDIKOA 2019KO MAIATZA: ALDI BATERAKO EZINTASUNA, ERRETIRO PARTZIALA ETA OPORRAK

Erretiro partzialean, nola kalkulatzen dira hartu ez diren oporrak, erretiro hori hasi baino lehen eta ondoren ABEn egonez gero?

Lehenengo eta behin, oso kontuan hartu beharra dago erretiro partzialean langileek aktibo eta Gizarte Segurantzako Sisteman alta emanda jarraitzen dutela, oraindik euren lan-zerbitzuak eskaintzen dituztelako (lanaldiaren ehunekoa txikiagoa bada ere) eta kotizaziopeko lan-harremanak bere horretan dirauelako (Gizarte Segurantzari buruzko Lege Orokorraren 215.2.g) artikulua eta arau horren 10. xedapen iragankorra). Hori dela eta, oporrak hartzeko eskubidea dute, eta modu generikoan aitortuta dago Langileen Estatutuaren 38.1 eta 2. artikuluan.

Aldi baterako ezintasuneko epealdiarekin bat datozen oporrei dagokienez, Auzitegiek hainbat aldaketa egin dituzte eskubide horretan, harik eta gaur egungo arauketara iritsi arte. Bertan, hain zuzen ere, langileek opor horiek hartzeko eskubidea dute aldi baterako ezintasuna amaitu ondoren, betiere, opor horiei dagokien urtearen amaieratik 18 hilabete baino gehiago igaro ez badira.

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak bete beharreko lerroa eta irizpidea zehaztu zituen 2009ko urtarrilaren 20ko epaian. Bertan adierazitakoaren arabera, oporrak hartzeko aukerarik eduki gabe baja bera urtearen amaierara arte luzatzen bazen, langileek hurrengo urtean hartzeko eskubidea zeukaten. 2010eko apirilaren 27ko epaiaren bidez, Auzitegi Gorenak irizpide hori ekarri duenez, egiaztatu da enpresan zehaztutako oporraldia baino lehen aldi baterako ezintasunean dagoenak epealdi berria esleitzeko eskubidea izango duela, urtearen amaierara iristen denean oporrak hartzeko aukerarik eduki ez badu.

Erretiro partzialari dagokionez, honakoa da zalantza: eskubidepeko oporrak garatutako lanaldi partzialaren araberakoak diren, eta, horren ondorioz, ordu gutxiagokoak diren, edo, bestela, Langileen Estatutuaren 12.4.d) artikuluaren arabera, lanaldi partzialeko langileek lanaldi osoko langileek bezalako eskubideak dituztenez, erretiro partzialean ere eskubide berbera daukaten, arau horretan bertan eskubide horiek lan egindako denboraren araberakoak izango direla xedatzen dela kontuan hartuta. Edonola ere, zer da lan egindako denbora? Urtean lan egindako orduak edo 365 eguni modu proportzionalean dagozkien urtea eta egunak?

Galdera horri erantzuteko, esan behar dugu, oporraldia bera urtekoa dela argi eta garbi dagoenez, oporraldia kalkulatzeko erreferentzia urtea bera eta osagai dituen egunak izango direla, eta ez egunero benetan lan egindako orduak.

Hartara, urte horretako zerbitzu guztiak ematen badituzte, urteko opor guztiak hartzeko eskubidea izango dute.

Beraz, Langileen Estatutuaren 38. artikuluan xedatutakoaren arabera, langile guztiek urtean gutxienez 30 opor-egun natural hartzeko eskubidea izango dute, garatzen duten

lanaldia edonolakoa dela ere, hau da, partziala, murriztua edo osoa. Horren ondorioz, lanaldi partzialeko langileek lanaldi osoko langileek beste opor-egun izango dituzte.

Horretarako, gainera, ez da eragozpena izango erretiro partzialeko langileek euren lanaldiaren % 25 hilabete batzuetan metatutako epealdian garatzea, azken batean urtean egin beharreko zerbitzu guztiak eskaintzen dituztelako, nahiz eta hilabete horietan metatu eta pilatu. Izan ere, aktibo jarraitzen dute, eta urte osoan kotizatzen dute.

Hori dela eta, hartu beharreko oporraldia hitzarmen bidez urteari dagokiona izango da, lanaldi osoko langileen antzera, nahiz eta lanaldi partziala garatu eta urte osoko zerbitzugintza hilabete zehatz batzuetan metatu.

María Urizar

Mutualiako Aholkularitza Juridikoa

Lotutako berriak