ESTATUKO HITZARMEN KOLEKTIBOAREN BIDEZ (OINARRIZKO SOLDATA GEHI SOLDATA-OSAGARRIA), URTERO JASOTZEN DEN ORDAINSARI GORDINAK LANBIDE ARTEKO GUTXIENEKO SOLDATA (LGS) GAINDITZEN BADU, APARTEKO BI ORDAINSARIAK BARNEAN HARTUTA, BIDEZKOA AL DA OINARRIZKO SOLDATAREN ZENBATEKOA HANDITZEA, 2019KO LGSREN KOPURURAINO?

Egindako galderari erantzun ahal izateko, aplikatu beharreko hitzarmen kolektiboaren edukia eta lanbide arteko gutxieneko soldata 2019rako arautzen duen xedapenak dioena hartu behar ditugu aintzat.
Abenduaren 21eko 1462/2018 Errege Dekretuak 1. artikuluan xedatzen duenez, “gutxieneko soldataren urteko kopuruan aplikatzeko, kontuan hartu beharko dira konpentsazioari eta xurgapenari buruzko arauak…”. Horrek 3. artikulura eramaten gaitu, hau xedatzen baitu konpentsazioari eta xurgapenari buruz: “lanbide arteko gutxieneko soldataren gehikuntza dela-eta, soldata profesionalen urteko kopuruko konpentsazioari eta xurgapenari dagokienez, honela jokatuko da:
- Errege-dekretu honetan ezarritako lanbide arteko gutxieneko soldataren berrikuspenak ez du eraginik izango langile horiek jasotako soldata profesionalen egituran, ez eta zenbatekoan ere, soldata horiek osotara eta urteko kopuruan hartuta gutxieneko soldata hori gainditzen badute.
Horretarako, konparaziorako aintzat hartuko den urteko kopuruko gutxieneko soldata izango da errege-dekretu honetan finkatutako gutxieneko soldata gehi 2. artikuluan aipatutako sortzapenak. Dena dela, urteko zenbatekoa inoiz ez da izango 12.600 €-tik beherakoa.
- Jasotako kopuru horiek konpentsatu ahal dira, errege-dekretu hau atera den egunean indarrean dauden legezko edo konbentziozko arauak, arbitraje-laudoak eta lan-kontratu indibidualak betez, langileek urteko kopuruan eta jardunaldi osoan kontzeptu guztiengatik jaso dituzten sarrerekin.”
Kontsulta-egileari dagokion hitzarmen kolektibora joz, soldata-taulen arabera, administrari laguntzailearen urteko soldata 12.203,06 € dira, 14 ordainketatan, eta horri polibalentziako gehigarria gaineratu behar zaio, hain zuzen, 678,02 € urtean. Horren sortzapena lehen aipatutako hitzarmen kolektiboaren 22. artikuluan dago araututa, honela xedatzen baita: “Administrarien IV. taldeko langileek, urteko polibalentziako gehigarria jasoko dute, oinarrizko soldatarekin erabiltzen diren irizpide berberekin berrikusiko dena… Gehigarri hori ordainduko da taldea osatzen dutenak ez diren eginkizunak eta kategoriak egiten direnean”.
Aplikatu ahal den hitzarmenaren 22. artikulua bat dator abenduaren 21eko 1462/2018 Errege Dekretuaren 1. eta 3. artikuluekin, eta, beraz, esan daiteke konpentsazioa eta xurgapena aipatutako lege-xedapenetan jasotako eran egin behar dela, eta, hortaz, oinarrizko soldata ez dela igo behar 2019ko lanbide arteko gutxieneko soldataren kopururaino.
Susana Castaños
Mutualiako Aholkularitza Juridikoa
Martxoa 2019