CONSULTA-JURÍDICA
Itzuli

KONTSULTA JURIDIKOA 2019KO URRIA

Baldin eta nekazaritzako besteren konturako langile batek baja medikoa hartzen badu ohiko gaixotasunagatik edo lanekoa ez den istripuagatik jardunean ez dagoen hilabetean, aurreko hilabetean kotizatu ostean, ba al du eskubiderik Aldi Baterako Ezintasuneko prestazioa edo dirulaguntza jasotzeko?

Gizarte Segurantzako Lege Orokorraren 256. artikuluan araututa dago Nekazaritzako Besteren Konturako Langileen Sistema Bereziaren barruko langileak babesteko jarduera.

Artikuluak hauxe dio:

1. Nekazaritzako Besteren Konturako Langileen Sistema Bereziaren barruan dauden langileek eskubidea izango dute Gizarte Segurantzako prestazioak eskuratzeko, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean finkatutako moduan eta baldintzetan, hurrengo ataletan aipatuta dauden berezitasunekin.

2. Kasu bakoitzean egokiak diren prestazio ekonomikoak aitortu ahal izateko, beharrezkoa izango da langileek lanik gabeko aldiei dagozkien kotizazioetako ordainketak eginda izatea, horiek ordaintzearen erantzule diren heinean.

3. Lanik gabeko aldietan, sistema bereziaren babes ekintzaren baitan sartuko dira ondorengo arrazoiengatik emango diren prestazio ekonomikoak: amatasuna, aitatasuna, ezintasun iraunkorra, ohiko gertaerek eragindako heriotza nahiz biziraupena, eta erretiroa.

(. . .)

5. Aldi baterako ezintasunetik eratorritako gaixotasun ohiko egoeran izan bitartean eta arau bidez finkatutako moduan, dirulaguntza arautzeko oinarriaren zenbatekoa ezingo da izan baja medikoa baino lehenagoko azken hamabi hilabeteetan egiaz lan egindako egunei dagokien kotizazio oinarriaren hilabeteko batez bestekoa baino handiagoa.

Beraz, Nekazaritza Araubidean sartuta dauden langileen babes maila Araubide Orokorraren barruan dauden langileek dutenaren antzekoa da; hala eta guztiz ere, badira kontuan hartzea komeni diren desberdintasun batzuk, horien eraginez Aldi Baterako Ezintasun (ABE) prestaziorako finkatutako araudia ez baita aplikatzen.

Desberdintasun horiek era honetan zehaztuta daude:

1.- Gaixotasunaren edo lanekoa ez den istripuaren eraginez ABE prestazioa jaso ahal izateko, beharrezkoa da gaixotasun arrunta hasitako egunean edo lanekoa ez den istripua gertatutako egunean lan jarduneko aldian izatea.

2.- Lanik gabeko aldiei dagozkien kuotak ordainduta izateko betebeharra beteta izan behar da, eta ordaintzera gonbidatzeko mekanismoa ezingo da aplikatu (horri dagokionez, badago aurkako epairen bat).

3.- ABE prestazioaren ordezko ordainketa gauzatzea ez da egokia.

4.- ABEtik eratorritako gaixotasun ohiko egoeran izan bitartean, dirulaguntza arautzeko oinarriaren zenbatekoa ezingo da izan baja medikoa baino lehenagoko egiaz lan egindako azken 12 egunei dagokien kotizazio oinarriaren hilabeteko batez bestekoa baino handiagoa.

Esku artean dugun kasuan sartuta, kontuan hartu behar dugu nahitaezkoa dela, langileak ABE prestazioa jaso ahal izateko, ohiko gaixotasuna hasitako egunean edo lanekoa ez den istripua gertatutako egunean lan jarduneko aldian izatea.

Eskakizun hori gure gure Auzitegiek finkatu zuten, eta askotan berretsi izan da.

Zehatz adierazita, 2009-04-13 eguneko Auzitegi Gorenaren epaian (JB 2009/3829), zeinaren irizpidea Auzitegi berak 2013ko uztailaren 16ko epaian berretsi zuen, arrazoiketa hauek jaso ziren:

 1) aldi baterako ezintasun prestazioak laneko errentak jasotzea ordezkatzeko helburua duenez, gertaerako egunean zerbitzuak emateko betebeharra jarduera edo lan eraginkor ordainduko egoera bati buruzkoa da, eta ez laneko harreman banakako bateko latentzia fase bati;

 2) interpretazio finalistaren kanonaren aurka jotzeaz gain, helegitea aurkeztutako epaiaren tesiak behartu egiten du “hitzen berezko zentzua”, izan ere, “zerbitzuak emateko epealdiak ez baitira lan kontratu baten indarraldiarekin baliokideak; lan kontratu batek haren bizialdi baliozkoan izan ditzake lan prestazio eraginkorrik eta soldata jasotzerik gabeko epealdiak Langileen Estatutuaren (LBK 1995, 997) 45. artikuluko etete-hipotesiekin eta kontratu finko ez-jarrai baten barruko jarduerarik gabeko aldiekin gertatzen den bezala” (2003-5-26 AGE (JB 2003, 4372), aipatua); eta

 3) Nekazaritzako Araubide Berezian ezintasuna eragiteko gertaerako egunean zerbitzuak egiaz emateko betebeharra izateko exijentziak Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean alta egiteko betebeharrak daukan eginkizun berbera dauka, kontuan hartuta Araubide Berezi hartan alta egiteko eskakizuna ez dagoela lan jarduerako gorabeherei lotuta, mantentzen den neurrian “baldintza jakin batzuetan” erroldan izena emanda izatea “langile nekazarien lan-jardunik gabeko aldietan (84/1996 EDan (LBK 1996, 673, 1442) onetsitako kokatze-ekintzen Araudiaren 45.1.4. art.”)) (2003-5-26 AGE, aipatua).

Gure Auzitegietan piztu den hurrengo kontua honako hau da: interpretazio hori dela eta, beharrezkoa al da langilea baja egoera gertatu den egunean zerbitzuak ematen aritzea prestazioa jasotzeko eskubidea izateko?

Gure Auzitegiek interpretazio malgua aplikatuz zehaztu dute kontzeptua, eskakizun hori bete beharrekoa dela ulertuta, baldin eta enpresari zerbitzu jarraiak ematen bazaizkio, indarrean dagoen lan harreman bat izateagatik; horiek horrela izanda, asmoa da aldi baterako ezintasunaren babesa lan jarduerako aldiei bakarrik egokitzea, hain zuzen ere ezintasun horren ondorioz lana egiteko aukerarik eza, horrek dakarren soldata galerarekin, gauzatzen den aldiei (AN 2013-16-07, Murtziako JAN 13-19-12 eta 13-10-12, 07-23-04, 08-26-05, Granadako JAN 07-27-02).

Baina besteren kontura zerbitzuak eman gabe, nekazaritza sistema bereziaren barruan egote hutsagatik nahitaez bete beharrekoa dela ulertzeko bezain interpretazio zabala ezin da izan, 98-10-09ko Murtziako JANaren epaian adierazita dagoenaren arabera, gertatu ez den diru-sarrera akats bat ordezkatzen ariko litzatekeelako, eta hori ez da arauaren espiritua.

Ildo berean, Valentziako Elkargoko JANaren iritzia da, 2005-02-18ko haren epaiaren arabera, laneko harremana ez dagoela bizirik baldin eta bajako hilabetean egiazko jardunaldien truke egindako kotizaziorik idatziz jasota ez badago.

Epai horretan adierazita dago haren bigarren Zuzenbide oinarrian“lege eskakizuna ez da kotizatu izana, baizik eta aldi baterako ezintasuneko egunean lanean aritu izana.

Beraz, aipatutako jurisprudentziari jarraituta, ez da nahikoa gaixotasun arruntak eragindako ABEko egunaren ondoz ondo aurreko hilabetean kotizazioak izatearekin; bajako egunean langilea lan-jarduerako aldian izan behar da.

Ondorio gisa, ohiko gaixotasunak edo lanekoa ez den istripuak eragindako aldi baterako ezintasun prestazioa eskuratu ahal izateko, ABEko egunaren zuzenean aurreko hilabetean kotizazioak egin beharra izateaz gain, orobat beharrezkoa da bajako egunean langilea lan-jarduerako aldian izatea.

Jose Antonio Prieto

Mutualiako Aholkularitza Juridikoko Abokatua

Lotutako berriak