Aparteko ordainsarien hainbanaketa nominan. Beti bermatzen al du haien ordainketa?

Aparteko ordainsarien ordainketa Langileen Estatutuaren 31. artikuluak arautzen du, honako hau ezarrita:
Langileak urtean aparteko bi haborokin jasotzeko eskubidea du, horietako bat Eguberrietako jaiak direla-eta, eta bestea hitzarmen kolektiboaren bidez edo enpresariaren eta langileen legezko ordezkarien arteko akordioz ezarritako hilean. Haborokin horien zenbatekoa ere hitzarmen kolektiboaren bidez finkatuko da.
Hala ere, hitzarmen kolektiboan hitzartu ahal izango da aparteko ordainsariak hamabi hilabetekoetan hainbanatzea ere.
Beraz, gakoa da hitzarmen kolektiboan aparteko ordainsariak hilero hainbanatuta ordaintzea hitzartu den.
Hitzarmen kolektiboan aparteko ordainsariak hilero hainbanatuta ordaintzea hitzartu badin bada, era horretan egindako ordainketa baliozkoa izango da, eta horiek ordainduta egotea eragingo du.
Bestela, hitzarmen kolektiboan aparteko ordainsariak hilero hainbanatuta ordaintzea hitzartu ez baldin bada, aipatutako arauan ezartzen den denborazko ordainketa egingo da, ordainsari baten ordainketa Eguberrietan eginez eta bestea (edo hitzartutako besteak) enpresak eta langileen ordezkariek hitzartutako datan.
Halaber, hitzarmen kolektiboan aparteko ordainsarien hainbanaketa debekatu baldin bada, hainbanaketa hori soldata arruntzat joko da, eta, horregatik, ordainketa hainbanatuak ez du enpresaria aparteko haborokinak ordaintzetik libratuko, eta horiek erreklamatu ahal izango dira.
Hala jaso du Auzitegi Gorenak 2012-01-25eko ebazpenean (DBKE 4329/2010), zeinean xedatzen duen, aplikatzen den hitzarmenak aparteko ordainsarien ordainketa hainbanatua debekatzen duenean, hainbanaketa hori soldata arruntzat joko dela, eta, horregatik, ordainketa hainbanatuak ez duela enpresaria aparteko haborokinak ordaintzetik libratzen.
Zentzu berean agertu dute beren iritzia aipatutako Auzitegi Gorenak 2006-03-08ko ebazpenean (DBKE 958/2005), Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak 2012-10-16ko ebazpenean (erregutze errekurtsoa: 2152/2012) eta Madrilgo Justizia Auzitegi Gorenak 2004-01-14ko ebazpenean (erregutze errekurtsoa: 2018/2004).
Are gehiago, hitzarmen kolektiboak aparteko ordainsarien ordainketa hainbanatua debekatu ez arren, aipatutako data zehatzetan ordaintzea ezarri dela egiaztatuko balitz, beste data batzuetan egindako ordainketa, aparteko ordainsariei egokitzeko asmoz egina izanagatik ere, seguru asko soldata arruntaren ordaintzat joko litzateke, ordaintzeko geratuz aparteko ordainsariak aurretik zituzten zenbatekoetan.
- Aparteko ordainsarien hainbanaketako akordiora iristeko baliozko markoari dagokionez, nire ustez hitzarmen kolektiboak izan beharko du, arauan ordainketen hamabi hileko hainbanaketa ezartzeko aurreikusitako akordioa hitzarmen kolektiboa baita, eta ez lan kontratu zehatza.
Horrela eratortzen da Langileen Estatutuaren 31. artikuluaren terminoetatik, zeinak honako hau ezartzen duen:
“Hala ere, hitzartu ahal izango da hitzarmen kolektiboan aparteko haborokinak hamabi hilekotan hainbanatzea”.
Horrenbestez, aparteko ordainsarien hainbanaketako akordioa egin behar deneko markoa hitzarmen kolektiboa da.
Bestela, Langileen Estatutuaren 31. artikuluaren arauari jarraituz egingo da, zeinak ezartzen duen ordainketa egingo dela Eguberrietan eta enpresaren eta langileen ordezkarien artean hitzartutako datetan.
Ondorioak:
Hitzarmen kolektiboan aparteko ordainsarien hileroko hainbanaketa hitzartu baldin bada, ordainketa horrela egiteak horien ordainketa ekarriko du, eta ezin izango da soldata arruntaren ordaintzat jo, aparteko ordainsari horien zenbatekoaren erreklamazioarekin.
- Hitzarmen kolektiboan aparteko ordainsarien hileroko hainbanaketa hitzartu ez badin bada, arau horretan ezartzen den denborazko ordainketa egingo da, Eguberrietan ordainduta ordainsari bat eta hitzartutako bestea edo besteak enpresaren eta langileen ordezkarien artean hitzartutako datetan.
- Hitzarmen kolektiboan aparteko ordainsarien ordainketa hainbanatua debekatu baldin bada, hainbanaketa hori soldata arruntzat joko da, eta, horregatik, ordainketa hainbanatuak ez du enpresaria aparteko haborokinak odaintzetik libratuko, eta horiek erreklamatu ahal izango dira.
- Aparteko ordainsarien hainbanaketako akordiora iristeko baliozko markoa hitzarmen kolektiboarena izango da, arauan ordainketen hamabi hileko hainbanaketa ezartzeko aurreikusitako akordioa hitzarmen kolektiboa baita, eta ez lan kontratu zehatza.
Kontsulta berri bat egiteko, egin klik hemen
Pedro Fraile
Mutualiko Aholkularitza Juridikoa
Urtarrila 2019
