Itzuli

KONTSULTA JURIDIKOA 2020KO ABENDUA

KONTSULTA JURIDIKOA

COVID-19AK ERAGINDAKO ABEEE EGOERAN, ENPRESAN GELDITZEKO LEHENTASUNA AL DUTE ORDEZKARI SINDIKALEK?

COVID-19AK ERAGINDAKO ABEEE EGOERAN, ENPRESAN GELDITZEKO LEHENTASUNA AL DUTE ORDEZKARI SINDIKALEK? EDO, ALDERANTZIZ, 8/2020 ERREGE DEKRETUAK EZ DUENEZ LEHENTASUN ESKUBIDERIK EZARTZEN ORDEZKARI SINDIKALENTZAT, EZ DAGOKIO ABEEE MOTA HAUEI?

Gaia planteatu da; izan ere, Martxoaren 17ko 8/2020 Errege Dekretuan, zeina baita COVID-19aren eragin ekonomiko eta sozialari aurre egiteko aparteko premiazko neurriei buruzkoa, ez da sartzen enpresa batzordeko kideek eta ordezkari sindikalek beste langile batzuen aldean duten lehentasun eskubidea, lan kontratua ezinbesteko arrazoiengatik,hala nola COVID-19aren pandemiagatik, eteten den kasuetan.

Kontsulta berezitasun horrekin lotuta dago, eta nahitaezkoa da horri buruzko estatuko araudia aztertuz erantzutea.

Langileen Estatutuaren 51. artikuluak, kaleratze kolektiboari buruzkoak, 5. atalean berariaz aitortzen du langileen ordezkariek enpresan jarraitu behar dutela artikulu horietan araututako kaleratze kolektiboetan, lehenengo paragrafoan eta zazpigarrenean ezarritako arrazoiak direla eta.

Langileen Estatutuaren 51. artikuluaren lehen paragrafoak adierazten duenez, Lege honetan xedatutakoaren ondorioetarako, kaleratze kolektibotzat hartuko da lan kontratuak arrazoi ekonomikoetan, teknikoetan, antolamenduzkoetan edo ekoizpenekoetan oinarrituta azkentzen direnean, baldin eta laurogeita hamar eguneko epean, gutxienez honako hauei eragiten badie:

a) Hamar langileri, ehun langile baino gutxiago dituzten enpresetan.

b) Enpresako langileen ehuneko hamarrari, ehun eta hirurehun langile bitarte dituzten enpresetan.

c) Hogeita hamar langileri, hirurehun langile baino gehiago dituzten enpresetan.

Era berean, Langileen Estatutuaren 51. artikuluaren zazpigarren apartatuak ezartzen duenez, lan kontratuak azkentzea eragin duen ezinbesteko kausa lan agintaritzak egiaztatu beharko du, edozein dela ere eragindako langileen kopurua, paragrafo honetan eta erregelamendu garapeneko xedapenetan xedatutakoaren arabera izapidetutako prozedurari jarraitu ondoren. (…)

Langileen Estatutuaren 47. artikuluak arautzen du Kontratua etetea edo lanaldia murriztea arrazoi ekonomikoak, teknikoak, antolamenduzkoak edo ekoizpenekoak direla medio edo ezinbesteko arrazoiak direla medio, eta, zehazki, artikulu horren 3. apartatuak ezartzen du ezinbesteko kontratuen etete kolektiboak Langileen Estatutuaren 51.7 artikuluaren bidez arautzen direla, eta etete horietan ere aplikatuko dela 51.5 artikuluan jasotako lehentasuna,zeinaren arabera zuzentzen den Langileen Estatutuaren 51.7 artikuluko kasua.

Kontuan hartu beharreko beste artikulu bat Langileen Estatutuaren 68. artikulua da, hain zuzen ere, “Enpresa batzordeko kideek eta langileen ordezkariek, langileen legezko ordezkari diren aldetik, dituzten bermeei” buruzkoa.

Premiazko neurriei buruzko 8/2020 Errege Dekretuak Langileen Estatutuaren 68. artikuluko prerrogatiba berariaz ez artikulatzeak ere ez du ezabatzen enpresa batzordeko kideek beste langile batzuekiko duten lehentasun eskubidea lan kontratua COVID-19aren ondorioz eten denean, eta, beraz, ez du “isiltasun” hori baztertzen eta ezin da modu zabalean interpretatu, oinarrizko eskubide baten aurrean baikaude, zeina baita askatasun sindikala; eskubide hori urratu egingo litzateke aurretik aipatutako araudian agertzen den aurreikusitako lehentasuna aplikatuko ez balitz.

Azken batean, enpresa batzordeko kideek eta sindikatuetako ordezkariek ezinbesteko ABEEE kasuetan lehentasuna izateko eskubidea dute beste langile batzuen aldean, eta enpresak kontuan hartu beharko du eskubide hori langileei eragiteko orduan.

David Erauskin Perez, Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua

Lotutako berriak