CONSULTA-JURÍDICA
Itzuli

KONTSULTA JURIDIKOA 2020KO UZTAILA

NOLA ARAUTZEN DA ALDI BATERAKO KONTRATUA AMAITZEAGATIKO SALBUESPENEZKO LANGABEZIA-SUBSIDIOA, ALARMA EGOERA DEKLARATU ONDOREN?

Martxoaren 31ko 11/2020 Errege Lege-dekretuaren 33. artikuluak, apirilaren 2tik indarrean dagoenak, aurreikusten du, alarma egoera deklaratu ondoren gutxienez bi hilabeteko aldi baterako kontratua amaitu zaien langileek, langabezia-babesa eskuratzeko nahikoa kotizaziorik ez badute, aldi baterako kontratua amaitzeagatiko salbuespenezko langabezia-subsidioa eskuratu ahalko dutela.

Joan den apirilaren 29an, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak (SEPE) eskabide horiek izapidetzeko prozedura finkatzeko instrukzioa argitaratu zuen. Hasiera batean, ez dago horretarako adin-mugarik, eta ez da eragozpena izango lehenago langabezia-prestazioa edo -sorospena jaso izana. Eskaerak aurkezteko epea uztailaren 20an amaituko da (egun hori barne), Alarma Egoeraren indarraldia ekainaren 21ra artekoa baita.

Logikoa denez, jasotzaileak aldi baterako kontratua amaitu zaiola-eta langabezian egon behar du, kontratu hori lanaldi osokoa edo partzialekoa izan den kontuan hartu gabe. Enplegu-eskatzaile gisa izena eman, eta jarduera-konpromisoa sinatu beharko du. Azkentze-data martxoaren 15a eta Alarma Egoeraren amaiera bitartekoa izan behar da (ekainaren 21a), bitarteko kontratuak, prestakuntzakoak eta errelebokoak barne (mugagabeak izan ezik).

Nahitaezkoa da iraungitako kontratuak langabeziagatiko kotizazio-betebeharra barne hartu izana eta, gutxienez, bi hilabeteko indarraldia izatea, datatik datara zenbatuta (urteko opor ordainduak eta hartu gabeak barne). Baldintza hori ez da betetzen langileak aldi baterako hainbat kontratu kateatu baditu eta horietako azkena bi hilabetera iritsi ez bada, nahiz eta kontratuen baturak aldi hori gainditu. Hala ere, aurrekoa betetzen dute gutxienez bi hilabeteko aldi baterako kontratua amaitu zaien eta aldizkako langile finkoen izaerari eusten dioten edo data jakin batzuetan errepikatzen diren lan finko eta aldizkakoak egiten dituzten langileek.

Era berean, kanpoan geldituko dira Alarma Egoerak iraun bitartean kontratuak eten zaizkien langileak, oinarrizko eskakizuna baita kontratua azkentzea. Azkentze hori langileak nahi gabe gertatu behar izango da, langabeziagatiko sorospenak lan egin ahal izan eta nahi izan arren lana galdu duten langileak soilik babesten baititu.

Salbuespenezko subsidioa bateraezina da kontratua azkentzen den egunean norberaren kontura edo besteren kontura lanaldi osoan lan egitearekin. Hala ere, ez da baztertzailea izango kontratua azkentzen den egunean lanaldi partzialeko beste kontratu bati eustea, edo aurrekoa iraungi ondoren kontratu berri bati ekitea. Hala ere, kontratu horrengatik jasotako soldata bai konputatuko da LGSren % 75 gainditzen den zehazteko orduan, hori baita beste errenta batzuk edukitzeagatik subsidioa eskuratzeko edo jasotzeko muga. Muga horretan ez dira kontuan hartuko familia-unitateko beste kide batzuek lorturiko errentak. Era berean, bateraezina izango da gutxieneko errenta, gizarteratzeko errenta,

gizarte-soldata edo edozein administrazio publikok emandako antzeko laguntzak jasotzearekin, horiek bai baitira bateragarriak langabezia-subsidio arruntarekin.

Ezohiko subsidioa edozein langabezia-modalitate arruntetara jo ezin dutenentzat bakarrik aurreikusten da, behar besteko kotizaziorik ez dutelako. Era berean, ez die eragiten 90 egun edo gehiagoko kotizazioa izanik familia-erantzukizunak dituzten langileei, kasu horretan ohiko subsidioan modalitate espezifikoa eskuratu dezaketelako. SEPEk ohiz kanpoko sorospena jasotzen duen pertsona batek baldintza eta familia-erantzukizun horiek aldi berean betetzen dituela ikusiz gero, sorospen hori baliogabetu egingo du, dagokion prestazioa aitortzeari kalterik egin gabe.

Eskabideak aurkezteko ohiko bidea telematikoa da, SEPEren egoitza elektronikoaren bidez. Eskubidea aitortzeak berekin ekarriko du aldez aurretik egiaztatzea: azkendu den kontratuaren gutxienez bi hilabeteko iraupena eta edozein langabezia-modalitate arrunt eskuratzeko kotizazioen eskasia. Aldi baterako kontratua amaitu edo ordaindutako eta hartu gabeko oporrak agortu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak eskubideak.

Eskubidea aitortzeko, ez da eragozpen izango enpresaburuarekin kontratua suntsiaraztearekin lotutako auziak egotea; hala ere, gatazka ebazteko moduaren arabera, aurrerago egin ahal izango dira bidezko erregularizazioak.

Salbuespenezko sorospenaren iraupena hilabetekoa izango da, eta luzatu ahal izango da Errege Lege-dekretu bidez hala zehazten bada; bestalde, ezin izango da behin baino gehiagotan jaso. Zenbatekoa IPREMen % 80 izango da, amaitu den kontratua lanaldi osokoa zein partzialekoa izan, eta SEPEk ordainduko du eskaera egin eta hurrengo hilabetetik aurrera.

Iñaki Esnal

Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua

Lotutako berriak