consulta
Itzuli

MutuaLex- Kontsulta juridikoa 2021eko abendua

Ezkontidearen seme-alaba adingabea adoptatzen duen pertsona batek jaso al dezake adingabearen jaiotzagatiko eta zaintzagatiko prestazioa?

Aztertzen den gaia da ea eskubidea dagoen adingabearen jaiotzagatiko eta zaintzagatiko subsidioa jasotzeko, ezkontidearen edo ezkontzaren antzeko afektibitate-harremana duen pertsonaren ondorengoa adoptatuz gero.

Martxoaren 1eko 6/2019 Errege Lege-dekretuak erreforma sakona egin zuen seme edo alaba jaio ondoko amatasun- eta aitatasun-baimenen erregimenean. Aurreko erregimenean, amak hartzen zuen erditzearen ondoko 16 asteko baimenaren onura; lehenengo sei asteak nahitaez hartu behar zituen amak, eta gainerakoak aitari laga ahal zizkion. Alabaina, erregimen hori guztiz aldatu zuen aipatu dugun arauak.

Erreformarekin, Langileen Estatutuan aurreikusitako amatasun- eta aitatasun-atsedenaldiak ezabatu egin ziren, eta haien ordez atsedenaldi bakar bat ezarri. Hala, amatasun- eta aitatasun-prestazioak desagertu egin ziren Gizarte Segurantzan, eta, horren ordez, “adingabearen jaiotzagatiko eta zaintzagatiko” prestazioa ezarri zen, eta prestazio hori guraso bakoitzari aitortzen zaio, Langileen Estatutuan aurreikusitako atseden-egoeretan. Hau da, hasiera batean amak sortutako eta aitari partzialki eskualda zekiokeen baimena bazter utzi, eta beste erregimen batera jo da; eta, hor, bi gurasoek beren baimena dute, iraupen eta zenbateko berekoa, elkarri transferitzeko aukerarik gabe.

Arau-aldaketa horrek ez zuen berariaz jaso zer gertatuko zen ezkontidea edo antzeko ezkontza-afektibitateko harremana zuen pertsona bere bikotekidearen ondorengoaren guraso bihurtzen bazen adingabea adoptatuta. Adoptatzaileak, guraso bihurtzen denak, jaso al ditzake adingabearen jaiotzagatiko eta zaintzagatiko baimena eta prestazioa?

Gai hori Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak ebatzi du 2021eko urriaren 19an, kontsulta bati erantzunez, eta kasu horietan baimena eta prestazioa onartzearen alde egin du. GSINren ustez, aipatutako erreformaren ondorioz, baimen horiek langileen eskubide indibidual bihurtzen dira, eta eskubide horiek guraso, adoptatzaile, adopzio-helburuko zaintzaile edo hartzaileetako batek baliatu ahal izango ditu, iraupen berarekin eta transferitzeko aukerarik gabe.

GSINk adierazten du indarrean dagoen Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 177. artikuluak, adingabearen jaiotzagatiko eta zaintzagatiko prestazioa aitortzeari dagokionez, babestutako egoeratzat hartzen dituela jaiotza, adopzioa, adoptatzeko asmoz egindako zaintza eta familia-harrera –betiere, azken kasu horretan gutxienez urtebeteko iraupena badu–, egoera horiengatik Langileen Estatutuaren 48. artikuluaren 4, 5 eta 6. paragrafoen arabera eta Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren 49 a), b) eta c) artikuluaren arabera erabiltzen diren atsedenaldietan.

Amaitzeko, adierazten du lan-kontratuaren 16 asteko etenaldia baliatzen duen adoptatzaile, zaintzaile edo hartzaile bakoitzak eskubidea sortu ahal izango duela adingabearen jaiotzagatiko eta zaintzagatiko prestazioa jasotzeko, indarrean dagoen legeriak jaiotza-kasuetarako jasotzen dituen modu eta baldintza berberetan, eta hori alde batera utzita beste gurasoak adingabearen jaiotzagatiko eta zaintzagatiko prestazioa hartu duen edo ez, eskubide indibidual eta independenteak baitira guraso bakoitzarentzat.

Iñaki Esnal


Mutualiaren Aholkularitza Juridikoko abokatua

Lotutako berriak