Ba al dago aldatzerik epai irmo bidez aitortutako ezintasun iraunkor osoagatiko prestazioaren oinarri arautzailea, egitate berriak direla medio?
Galdera da ea alda daitekeen epai irmo bidez aitortutako ezintasun iraunkor osoagatiko (EIO) prestazioaren oinarri arautzailea, egitate berriengatik, enpresaren ustezko azpikotizazioagatik, zehazki.
Galderan aipatzen den kasuan, lan-istripuaren ondoriozko EIOa aitortu zaio langileari, epai irmoz, eta epaian adierazi da aitortutako prestazioaren zenbatekoaren oinarri arautzailea.
Gerora, langile horrek Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren aurrean eskatu du berrazter diezaiotela prestazioaren oinarri arautzailea, iritzirik egitate berriak daudela —enpresaren azpikotizazioa, zehazki—, eta erabaki beharko litzakete ea abia litekeen prozedura administratibo eta, gerora, judizial berri bat, oinarri arautzaile hori aztertu eta, hala behar izanez gero, aldatzeko.
Kontsultaren erantzuna aurrez eman izan du Auzitegi Gorenaren Laugarren Salaren doktrinak, hala nola 241/2018 DBKEn emandakoa, non esaten baita:
1. Ezintasun maila eta pentsio publiko baten oinarri arautzailea ezin bereizizko moduan daude elkarri lotuta prestazioa jasotzeko eskubidea aitortzeko uzietan eta epai irmoetan.
2. Ezin argudia daiteke pentsio baten oinarri arautzailea ez denik eskubidea aitortzeko epai irmoan epaitua, eztabaida prozesala ez zelako oinarritu oinarri arautzailean, oinarriari buruzko geroko prozesua alegazioak egiteko modua izan baitzen, aurretiko prozesuan zehar, eta Prozedura Zibilaren Legearen 222. artikuluan jasotzen den gauza epaituaren erakundeak ezartzen baitu, segurtasun juridikoko arrazoiak direla medio, emandako epaiaren erabateko eraginkortasuna, alderdi guztietan, egitateetan edo aplikatutako zuzenbidean balizko akats edo gorabeherarik gertatuta ere.
Horrenbestez, ez legoke prozedura berririk lehen prozesu judizialean eztabaidatu behar zen oinarri arautzailea aldatzeko, epai irmoaren bidez finkatuta gelditu baitzen; aurretiko prozesuan alegatu behar izango zatekeen eskatutako prestazioaren zenbatekoari buruzko guztia. Kasu hauetan, prestazioa aitortuz emandako epai irmoaren erabateko eraginkortasunari eutsi behar zaio.
Raquel Martinez
Mutualiaren Aholkularitza Juridikoko abokatua
