Itzuli

KONTSULTA JURIDIKOA 2021EKO EKAINA

KONTSULTA JURIDIKOA

Aplikatzen al dira hitzarmeneko aldi baterako ezintasuneko borondatezko hobekuntzak laneko istripuarekin parekatutako aldi baterako ezintasun egoeretan?

Ekonomiaren arloan eta osasun publikoa babesteko premiazko neurriak ezartzen dituen 6/2020 Errege Lege-dekretuaren 5. artikuluaren arabera, COVID-19 gaitzaren ondorioz, laneko istripuarekin parekatutako egoeratzat hartzen dira isolamendu- edo kutsatze-egoerak edo langileek bizileku duten udalerritik ateratzeko mugak. Hori ikusirik, galdetu dute ea egokia den laneko istripuaren (aurrerantzean, LI) ondoriozko aldi baterako ezintasun kasuetarako (aurrerantzean, ABE) hitzarmenean aurreikusitako osagarria ordaintzea, adierazitako lege-arauaren ondoriozko LIekin parekatutako ABE-en kasuan.

Neurri hau salbuespenezkoa da, eta aldi baterako ezintasunaren prestazio ekonomikoari dagokio soil-soilik; gainera, inoren kontuko langileei nahiz norbere kontukoei aplika dakieke, Gizarte Segurantzaren edozein araubidetan izena emanda badago. LIekin parekatutako ABE-en halako kasuak ugaritu direnez, galdera hori jada aztertu da egoitza judizialean, gatazka kolektiboko jarduketa bat tarteko. Hala, auzi-jartzaileek ezezko erantzuna jaso zuten Audientzia Nazionalean, berriki eman duen 2021eko maiatzaren 13ko epaian (Errekurtso zk.: 406/2020); horren arrazoibideak zuzen aplika daitezke adierazitako kontua ebazteko. Hala, honakoa ondorioztatzen du:

“arau konbentzionalean jasota dagoen borondatezko hobekuntza ezin da hedatu, 6/2020 Errege Lege-dekretuaren 5. artikuluan jasotako COVID-19aren ondoriozko egoeretara.”

Horrenbestez, interesekoa da labur adieraztea zer arrazoibide juridikotan oinarritzen den erabaki judiziala:

“Borondatezko hobekuntza ezartzen duen araudian aurreikuspen berariazkorik ez badago, aldi baterako ezintasunari buruzko araudi aplikagarriak arautuko du; izan ere, Gizarte Segurantzaren borondatezko hobekuntzen izaera ez da autonomoa edo independentea, ezpada hobetzen duten prestazioaren beraren dinamikaren araberakoa da. Horrenbestez, hobekuntza horien irismenari dagozkion zalantzak argitzeko, hobetutako kontingentziaren kontzeptuari erreparatu behar zaio.

Elementu erabakigarria aldi baterako ezintasunaren etiologia da; izan ere, laneko istripua honela definitzen da: langileak pairatu duen gorputz-lesio oro, inoren kontura egiten duen lanaren kausaz edo ondorioz.

Hemen epaitutako kasu zehatzean, ez dira gertatzen laneko istripuaren lege-kontzeptua mugatzen duten eta lehen aipatu diren irizpide guztiak; izan ere, COVID-19aren ondoriozko isolamendu- edo kutsatze-egoerak edo langileek bizileku duten udalerritik ateratzeko mugak ez dira sartzen laneko istripuaren kontzeptuaren barruan.”


Susana Castaños

Aholkularitza Juridikoko eta Betetze Korporatiboko zuzendaria

Lotutako berriak