
COVID-19aren ondorioz langile batek enplegu-erregulazioko espedientean ematen duen denbora kotizatutako denbora gisa zenbatzen al da etorkizuneko langabezia-prestazioetarako?
Planteatutako egitatezko kasu hori iraupen mugatuko kontratu batekin zerbitzuak ematen ari den langile bati dagokio. Kontratu hori indarrean dagoen bitartean, bere enpresak COVID19-ABEE-Aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente bat aplikatzen du. Enpresa ABEEtik irten eta zerbitzuak berriro ematen hasten denean, kontratua bukatu egiten da kontratu-epea amaitzeagatik, eta langabezia-egoerara igarotzen da. Planteatutako gaia langilea ABEE egoeran egon den epeari buruzkoa da, eta enpresak, legezko xedapen bat dela-eta, ez du kotizatu langile horrengatik, kuotak ordaintzetik salbuetsita baitago. Zehatz esanda, enpresa-salbueste horrek langilearen etorkizuneko prestazioei eragiten baldin badie, aldi hori kotizatuta ez dagoelako.
Hortaz, termino juridikoetan, planteatutako gaia 8/2020 Errege Lege-dekretuaren 24. artikuluaren aplikazioaren interpretazioari buruzkoa da. Honakoa dio:
- Kontratuak eteteko eta lanaldia murrizteko espedienteetan, 22. artikuluan definitutako COVID-19ari lotutako aldi baterako ezinbesteko kasuetan baimendutakoetan, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak enpresa salbuetsiko du urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 273.2 artikuluan aurreikusitako enpresa-ekarpena ordaintzetik, bai eta baterako bilketaren kontzeptuen kuotei dagokion ordainketatik ere, 2020ko martxoan eta apirilean, baldin eta 2020ko otsailaren 29an 50 langile baino gutxiago (edo besteren konturako langileen antzekoak) izan balitu Gizarte Segurantzan alta emanda. Enpresak 50 langile (edo besteren konturako langileen antzekoak) edo gehiago baditu Gizarte Segurantzan alta emanda, kotizatzeko betebeharretik salbuetsiko da enpresaren ekarpenaren % 75.
- Salbueste horrek ez du eraginik izango langilearentzat, eta aldi hori benetan kotizatutako alditzat hartuko da ondorio guztietarako, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 20. artikuluaren 1. paragrafoan xedatutakoa aplikatu beharrik gabe.
8/2020 ELDaren 24. artikuluaren bigarren atalean xedatutakoa aplikatuz, honakoa ulertu beharko genuke: salbuestea ezartzeak ez du eraginik izango langilearentzat, eta aldi hori benetan kotizatutzat hartuko da. Kontsiderazio hori zabalduta, epe hori kotizatutzat jotzen denez, langileak eskubidea izango du kotizazioa egindakotzat jotzearen ondoriozko prestazioak jasotzeko. Horrek esan nahi du enpresei ezohiko egoera baten aurrean egindako salbuesteek ez dutela ondorio kaltegarririk izango, egoera hori erabateko ezohiko arauek erregulatzen baitute, kasu honetan bezala.
Xede horretarako, aipatutako ildotik, Bilboko lan-arloko 6 zenbakiko epaitegiak 203/2021 epaia eman berri du, 2021eko maiatzaren 13an.
Jesus M. Vicente Cuadrado
Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua
