COVID-19aren isolamendu-aldiekin eta kutsatzeekin lotuta, ba al dute langileek laneko istripuen kasuetarako hitzarmen kolektiboan ezarritako aldi baterako ezintasunaren osagarria jasotzeko eskubidea?
Galdera da ea martxoaren 10eko 6/2020 Errege Lege-dekretuak bere 5. artikuluan jasotako egoeretan langileek eskubidea duten laneko istripuen kasuetarako hitzarmen kolektiboan ezarritako aldi baterako ezintasunaren osagarria jasotzeko, kontuan hartuta artikulu horren arabera laneko istripuarekin parekatutako egoeratzat hartuko direla COVID-19 gaixotasunaren ondorioz langileak isolatuta edo kutsatuta egon diren aldiak.
Kontsulta horri erantzuteko, Auzitegi Gorenak 2022ko urtarrilaren 20an eman berri duen Epaiaren arrazoibide juridikoetan oinarrituko gara. Epai horretan, Auzitegi Nazionalak 2021eko maiatzaren 13ko Epaian azaldutako argudioak berresten dira. Argitalpen honetan, Auzitegi Nazionalaren Epai hori aztertu genuen 2021eko ekainaren 24an.
Bi epaiek ukatu egiten dute aldi baterako ezintasuneko osagarria jasotzeko eskubidea, laneko istripuagatiko, gaixotasunagatiko edo ospitaleratzeagatiko aldi baterako ezintasunetarako, estatu-esparruko hitzarmenean osagarri hori jasotzen zen enpresa baten kasuan (Hitzarmenaren 96. artikulua).
Bi epaietan adierazten denez, 6/2020 Legegintzako Errege Dekretuaren 5. artikulua salbuespen gisa eman da, eta aldi baterako ezintasunaren prestazio ekonomikoaren ondorioei soilik egiten die erreferentzia; hala, 2020ko martxoaren 12tik aurrera besteren konturako eta norbere konturako langileek, Gizarte Segurantzaren edozein araubidetan alta emanda egonik, hartu dituzten bajei aplikatzen zaie.
Neurri hori abantaila bat da langileentzat; izan ere, batetik, ez du eskatzen gabealdirik, eta, bestetik, baja medikoaren hurrengo egunean hasten da jasotzen; gainera, zenbateko ekonomiko handiagoa jasotzen da, % 75, eta, beraz, gaixotasun arruntek eragindakoa baino prestazio handiagoa jasoko da.
Era berean, enpresentzat abantaila bat da; izan ere, gaixotasun arrunt bat izanez gero, subsidioaren 4. egunetik 15. egunera bitarteko egunak estali beharko lituzkete.
Auzitegi Gorenaren ustez, aipatutako xedapenean laneko istripuarekin parekatzen diren inguruabarrak (isolamendu-aldiak, COVID-19arekin kutsatzea) salbuespenezko inguruabarrak dira, eta, ondorioz, ezin dira hedatu horietan berariaz jasotakoak ez diren uneetara.
Gainera, nabarmendu duenez, aipatutako aginduaren hitzez hitzeko edukian bertan adierazten den moduan, Gizarte Segurantzako sistemaren aldi baterako ezintasunaren prestazio ekonomikorako soilik parekatzen da laneko istripuarekin, eta hala jasota badago, legegileak parekatze hori borondatezko hobekuntzetara zabaldu nahi izan ez duelako da; izan ere, hala nahi izan balu, esanbidez egingo zukeen legezko testuan.
Hortaz, 6/2005 Legegintzako Errege Dekretuan jasotako neurria salbuespenezkoa denez, modu ez hedagarrian eta edukiaren arabera interpretatu behar da. Beraz, isolamendu-aldiak eta COVIDaren kutsatzeak, gaixotasunaren kausa bakarra lanean jardutea izan ez denean (izan ere, kasu honetan laneko istripu garbi baten aurrean gaude, eta aldi baterako ezintasunaren osagarria jasotzeko eskubidea ekarriko luke), aldi baterako ezintasunaren prestazio ekonomikoaren ondorioetarako soilik hartzen dira laneko istripuarekin parekatutako egoeratzat, eta ezin dira borondatezko hobekuntzetara hedatu. Hain zuzen ere, borondatezko hobekuntzak, enpresaren karguko borondatezko osagarri diren aldetik, hitzarmen kolektiboan ezarri eta adostutakoaren arabera arautuko dira, zeina berori ezartzen duten klausulei jarraiki interpretatu beharko den. Gainera, aztertutako kasuan ez da aurreikusi COVID-19ak eragindako kutsatze, isolamendu edo mugikortasun-murrizketetarako, izan ere, laneko istripuetarako, laneko gaixotasunetarako eta ospitaleratzeetarako soilik aurreikusten da.
Gizarte Segurantzaren borondatezko hobekuntza horiek ez dira autonomoak, hobetzen duten prestazioaren dinamikaren araberakoak baizik, eta, kasu honetan, COVID-19aren ondoriozko isolamendu-aldiak, kutsatzeak edo langileek bizilekua duten udalerritik irteteko murriztapenak ez dira laneko istripuaren kontzeptuaren barruan sartzen, ez baitira lanaren ondorioz jasandako gorputz-lesioak.
Horrenbestez, eta ondorio gisa, batetik, kontuan hartuta hitzarmenaren hitzez hitzeko edukia, zeinak ez duen jasotzen aldi baterako ezintasunaren osagarria laneko istripuen parekotzat jotzen diren egoeretan aplikatu behar denik, martxoaren 10ekoa 6/2020 Legegintzako Errege Dekretuak bere 5. artikuluan jasotakoaren arabera, eta, bestetik, gizarte-segurantzaren arloko irizpideak aplikatuz, Auzitegi Gorenak erabaki du agindu konbentzionalean jasotako borondatezko hobekuntza ezin dela hedatu 6/2020 Legegintzako Errege Dekretuaren 5. artikuluan jasotako egoeretara, COVID-19aren ondorioz.
María José Marcilla
Mutualiaren Aholkularitza Juridikoko abokatua
