Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak ofizioz ezabatu dezake Etxeko Langileen Sistema Berezian egindako langile baten alta, lan-harremanaren simulazioa dela-eta?
Erantzuna ezezkoa da, horri buruzko ebazpena eman baitzuen Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Salak, 2021eko irailaren 27ko epaian. Hain zuzen ere, ebazpen hartan, gai horri buruzko jurisprudentzia errepikatu zuen, zeinaren erakusgarri baitira, besteak beste, urriaren 11ko 2213/2016 epaia (673/2015 kasazio errekurtsoa) eta urtarrilaren 29ko 74/2019 epaia (2972/ 2016 kasazio errekurtsoa), non aipatzen baitira, halaber, 2014ko uztailaren 8eko epaia (3416/2012 kasazioa) eta irailaren 15eko 1133/2021 epaia (4068 /2019 kasazioa).
Jurisprudentzia horren abiapuntua da Gizarte Segurantzaren egintzen berrikuspena ez duela arautzen Administrazio Publikoen Administrazio Prozeduraren Legeak, haren legedi espezifikoak baizik. Legedi espezifiko hori Lan-arloko Jurisdikzioa arautzen duen legearen 146. artikulutik eta 84/1986 Errege Dekretuaren 54. artikulutik eta hurrengoetatik dator.
Hauxe dio arautegiak:
Lan-arloko Jurisdikzioa arautzen duen Legearen 146. artikulua: “Entitate, organo edo erakunde kudeatzaileek edo Soldatak Bermatzeko Funtsak ezin izango dituzte beren kabuz berrikusi eskubideak adierazteko egintzak, onuradunen kaltetan, eta, hala badagokio, lan-arloko epaitegi eskudunean eskatu beharko dute berrikuspena, adierazitako eskubidearen onuradunaren aurka dagokion demandaren bidez”. Eta jarraian gehitzen du, bigarren atalean, “Aurreko atalean ezarritakotik salbuetsiko dira: a) Akats materialak edo egitezkoak eta aritmetikoak zuzentzea, bai eta onuradunaren adierazpenean hutsuneak edo zehaztasun gabeziak egiaztatu izanaren ondoriozko berrikuspenak ere…”.
84/1996 Errege Dekretuaren 55. artikulua: “Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak ahalmenak ditu bere egintzak berrikusteko, ofizioz nahiz alderdiek hala eskatuta, inskripzioaren, lanbide arriskuen babesa gauzatzearen, aldi baterako ezintasunaren ondoriozko prestazioa estaltzearen, tarifazioaren, afiliazioaren, alten, bajen eta datu aldaketen inguruan. Edozelan ere, ahalmen horiek ezin izango dituzte ukitu eskubideak adierazteko egintzak, eskubide horien onuradunen aurka, salbu eta berrikuspenaren arrazoi direnean onuradunaren eskubide eta gainerako adierazpenetan egiaztatutako hutsuneak edo zehaztasun gabeziak”.
Diruzaintzaren asmoa da lan-harremanaren simulazioa “onuradunaren adierazpeneko hutsuneak eta zehaztasun gabeziak” kontzeptuaren barruan sartu ahal izatea, eta, ondorioz, ofiziozko berrikuspena egin ahal izatea, 146.2 artikuluan aurreikusitako salbuespena aplikatu behar dela ulertuta; dena dela, arau horren salbuespen bakarrak, lehen aipatutako arauekin bat etorriz, honako hauek dira: lehenengoa, akats materialen edo egitezkoen eta aritmetikoen zuzenketa hutsa izatea, eta, bigarrena, onuradunaren adierazpenetako hutsuneak edo zehaztasun gabeziak egiaztatu izanaren ondoriozko berrikuspena izatea.
Aipatu diren arauetatik ondorioztatzen da Gizarte Segurantzaren eskubideak adierazteko egintzen berrikuspena ezin dela egin administrazio bidetik, eta, aitzitik, jurisdikzio bidean eskatu beharko dela, dagokion demanda aurkeztuz eskumena duen lan-arloko epaitegian. Ideia da Administrazioak ezin utzi ahal izatea ondoriorik gabe eskubideak adierazteko egintzak, bere aginte hutsagatik, hain zuzen ere, partikular bati Administrazioak aldez aurretik aitortu dizkion eskubideak kendu nahi zaizkiolako; horregatik ezartzen zaio Administrazioari dagokion jurisdikzio organora jotzeko eta egintza legez kanpokoa dela frogatzeko zama.
Auzitegi Gorenak dio langileak Gizarte Segurantzan duen altaren baliozkotasun juridikorako beharrezkoa dela lan-harremana izatea bera eta lan-harremana benetan izatea eta lan-arloko jurisdikzioa dela gai hori ebazteko eskumena duena, eta ez Diruzaintza.
Era berean, uste du lan-harremanaren beraren simulazioa ezin dela sartu “onuradunaren adierazpeneko hutsune edo zehaztasun gabezia” esamoldearen barruan. Beraz, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak etxeko langileen alta baliogabetzeko hartutako erabakiaren oinarria zen ez zegoela alta egiteko beharrezkoa den benetako lan-harremanik eta erabaki hori ez zen oinarritzen onuradunaren adierazpenean hutsuneak edo okerrak edo zehaztasun gabeziak egotean, zeinak baitira ofiziozko berrikuspenari bide ematen dioten kasu bakarrak. Gainera, kontsultatutako kasuan, altaren onuraduna etxeko langilea litzateke, eta Gizarte Segurantzako altako inprimakia ez dago hark sinatuta, enplegatzailea baita horretara behartuta dagoena, eta, beraz, arrazoi gehiagorekin, ezin justifika daiteke ofiziozko berrikuspena onuradunen adierazpeneko hutsuneengatik edo zehaztasun gabeziengatik.
Planteatutako kontsultari erantzunez, ondorioztatu behar dugu Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak ofizioz berrikusteko interesa agertu behar zuela lan-arloko jurisdikzioaren aurrean, hark baitu benetako eskumena lan-harremanik zegoen edo ez erabakitzeko, eta ezin zen ofizioz berrikuspenera jo, ez baitzen betetzen Lan-arloko Jurisdikzioaren Legearen 146.2 a) artikuluan aurreikusitako salbuespena, ez delako onuradunaren adierazpenean egiaztatutako hutsuneen edo zehaztasun gabezien kasu bat.
María José Marcilla
Mutualiaren Aholkularitza Juridikoko abokatua
