Aldi baterako ezintasun-egoerara pasatzen bagara, luzatu egiten da langabezia-prestazioa jasotzeko aldia?

Kontsulta asko egiten dira kasu horri buruz, eta ezin da erantzun unibokorik eman; izan ere, zuzenbidearekin bat datorren erantzun bat emateko, kontuan hartu behar dira egitateen azterketa zehatza, aldi baterako ezintasun-prozesuaren kontingentzia eta noiz igarotzen den langilea aldi baterako ezintasun-egoerara.
Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 283.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, langilea kontingentzia profesionalaren ondoriozko aldi baterako ezintasun-egoeran badago eta egoera horretan dagoelarik kontratua azkentzen bada, langabezia-prestazioa jasotzeko alditik ez da kenduko, kontsumitu gisa, aldi baterako ezintasun-egoeran egon den denbora.
Ez da gauza bera gertatzen ezintasuna kontingentzia arruntek eragindakoa bada; kasu horretan, langabezia jasotzeko alditik kendu egiten da, kontsumitu gisa, langilea aldi baterako ezintasun-egoeran egon den denbora. Ikusten dugunez, kontingentzia profesionalak tratu hobea eskaintzen dio langileari.
Orain beste egoera batetik abiatu behar dugu: lan-harremana amaitua da jada, eta langilea langabezia-prestazio osoa jasotzen ari da, eta orduan hasten da aldi baterako ezintasun-egoera (berdin dio aurreko prozesu bati dagokion birgaixotzea den ala ez). Legegileak ezarri du eta Auzitegi Gorenak berretsi du berriki, 2024ko urriaren 15ean, 3.302/2022 errekurtsoan emandako epai batean, langabezia-prestazioa jasotzeko aldia ez dela luzatuko aldi baterako ezintasun-egoerara igarotzeagatik, aldi baterako kontingentzia edozein dela ere (283.3 artikuluaren hirugarren paragrafoa).
Ikusten dugunez, legegileak erregulazio bereiziak sartu ditu langabezia-prestazioaren eta aldi baterako ezintasuneko prestazioaren gaineko ondorioetan, eta horiek kontuan hartu beharko dira gure ordenamendu juridikoaren araberako erantzuna emateko orduan.
Raquel Martínez Balbas
Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua
