Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren zor-erreklamazio bat hartu da, mediku-alta jaso ondoren GSINek ordaindu zion aldi baterako ezintasuneko prestazioaren zenbatekokoa. Galdetu digute ea ordainketa zatikatu daitekeen, zenbat epetan zatikatu daitekeen eta zenbat denboran.

Egitatezko kasu honetan, bidegabe jasotako prestazio bat dugu. Alderdi horri dagokionez, aldaketa garrantzitsu bat dago 2024ko uztailaren 1etik aurrera, martxoaren 26ko 322/2024 Errege Dekretuak aldatu egin baitu Gizarte Segurantzaren Diru Bilketaren Erregelamendu Orokorra, ekainaren 11ko 1415/2004 Errege Dekretuak onetsia. Kontsultari dagokion gaian, zehazki, bidegabe jasotako prestazioen erregulazioa aldatuta, diskrezionalitatea ezabatu da zor diren zenbatekoen ordainketa zatikatzeko eskaeren ebazpenetan. Orain, interesdunak eskatzen duen kasu guztietan eman daiteke aukera hori, eta 80.4 artikuluan ezarri dira gutxieneko zenbatekoa eta zatikatzearen gehieneko epea:
“…4. Prestazio horiek itzultzeko, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak zorraren erreklamazioa bidaliko du. Erreklamazio horretan dirua itzultzeko arauzko epea zehaztuko da, zeina erreklamazio horren jakinarazpenarekin batera hasiko baita eta jakinarazpen horren hurrengo hilabeteko azken egun baliodunean amaitu.
Zorraren erreklamazioan adierazitako epean ez bada dirua itzultzen, betearazpen-prozedura hasiko da. Horretarako, dagokion premiamendu-probidentzia bidaliko da, eta dagozkion errekarguak eta interesak aplikatuko dira.
Adierazitakoaren kalterik gabe, behartuta dagoen subjektuak eskatu ahal izango du, lehenengo paragrafoan zehazten den ordainketa-epearen barruan, zorra zenbait epetan zatikatuta ordaintzeko.
Ondorio horietarako, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiko organoek, erakunde horretako zuzendari nagusiak egindako eskumen-banaketaren arabera, zatikatze-epe horiek ezarriko dituzte, gutxieneko zenbatekoa hileko 100 euro izanik eta gehieneko epea bost urte…
Zatikatzearen hiru eperi dagokien zenbatekoa ordaintzen ez bada, automatikoki hasiko da betearazpen-bidea. Horretarako, premiamendu-probidentzia bidaliko da, ordaintzeke dagoen zenbateko guztiari dagokiona. Kasu horretan, eta dagozkion berandutze-interesen kalkulua zehazteko, ordaindu ez den lehenengo zatikatze-epeari dagokiona hartuko da ordaintzeko arauzko epetzat.
Emandako zatikatze-epeetako azkena ordaintzeko aldia amaitu eta ordaindu gabeko zenbatekoren bat badago, automatikoki hasiko da, halaber, betearazpen-bidea, dagokion premiamendu-probidentzia bidalita. Kasu horretan, eta berandutze-interesen kalkulua zehazteko, azken zatikatze-epeari dagokiona hartuko da ordaintzeko arauzko epetzat”.
Aginduaren bi idazketak alderatuta (uztailaren 1etik aurrera indarrean izango dena eta aurrekoa), hobekuntza ikusten dugu zatikatzearen onuradunarentzat ordainketa zatikatzeko baimena
errebokatzeari dagokionez. Izan ere, baimen hori errebokatutzat emango da soil-soilik zatikatze-epeetako hiruri dagokien zenbatekoa ordaintzen ez bada, eta ez epeetako bakar bat ordaintzen ez bada.
Cristina Cearra Guezuraga
Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua