ALARGUNTZA-PENTSIOA
ETA IZATEZKO BIKOTEAK: EXIJITU DAITEKE BIKOTEKIDEA ADMINISTRAZIOAN
INSKRIBATZEA?

Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren (GSLO) 221 artikuluak izatezko bikoteei ere zabaltzen dizkie 219. artikuluan ezkontzetarako ezartzen diren alarguntza-pentsioak eskuratzeko eskubideak. Baina bi lotura-mota horien izaera juridikoa desberdina denez, arauak baldintza espezifiko bat ezartzen du izatezko bikoteentzat.
GSLOren 221. artikuluak izatezko bikotearen kontzeptua berariaz horretarako eratutako erregistroetan administratiboki inskribatzeko beharrarekin lotzen du, eta, pentsioa jaso ahal izateko, elkarrekin gutxieneko aldi jakin batez bizi izatea eskatzen du, betiere ez badago ondorengorik.
Hala ere, erregistroko inskripzio hori zer mailatan eska daitekeen eztabaidatu da, eta, erabaki judizial batzuetan, ordezko bideak onartu dira izatezko bikotea bera eta bizikidetzaren aldia egiaztatzeko. Testuinguru horretan, erabaki judizial esanguratsuena Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Salak eman zuen, apirilaren 7an (480/2021 epaia). Epai horretan, alarguntza-pentsioa aitortu zitzaion hildako funtzionario baten bikotekideari: funtzionarioarekin bizi izan zen hogeita hamar urtean, eta ez zeuden administrazio-erregistro egokian inskribatuta; hala ere, epaian jo zen egoera hori beste elementu batzuen bidez ziurta zitekeela (adibidez, erroldatze-ziurtagiria edo zuzenbidean baliozkoa den eta bizikidetza zalantzarik gabe egiaztatzen duen beste edozein proba baliodun).
Interpretazio malgu hori ez dator bat arauaren literaltasunarekin; zentzu zabalean behintzat, bazirudien ez zegoela zalantzarik izatezko bikotea egiaztatzeko elementu gisa inskripzio hori eskatzeko beharraren inguruan. Ezbairik gabe, administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren epai horretan oinarrituta (hildakoa estatuko langile baitzen) , lan-arloko jurisdikzioan ere prestazioa jaso nahi izan zen inskripzio hori falta zen kasu batzuetan, izatezko bikotea beste bitarteko batzuen bidez egiaztatuz. Hala, mota bateko eta besteko erabakiak hartu ziren epaietan, antzeko egitateetan oinarrituta. Horregatik, Auzitegi Gorenak, lan-arloko jurisdikzioan, doktrina bateratzeko epaia eman behar izan zuen, gaia behin betiko ebazteko.
Modu horretan, duela oso gutxi ebatzi da gaia, Auzitegi Goreneko Lan Arloko Salaren 2024ko ekainaren 5eko epaian (errekurtso-zk.a: 3216/2021). Erregistro-inskripzio hori izatezko bikotea eratutzat jotzeko ezinbesteko eskakizuntzat jotzearen irizpidea mantentzea berretsi du salak, eta ukatu egin du ordezko baliabideak erabiliz bikotea ziurtatzearen irizpide malguagoa. Epai horretan, Goi Auzitegiko Lan-arloko Salak ezagutzen du administrazioarekiko auzien jurisdikzioko sala homologoaren erabakia, baina haren interpretazioa ukatu du. Alde batetik, ez delako aginduzkoa jurisdikzio desberdinen artean doktrinak zabaltzea; eta, beste alde batetik, jotzen duelako inskripzioa exijitzea aplikatu beharreko arauan legegileak argi eta garbi jaso zuen borondatetik eratortzen dela. Izan ere, ikusi du interpretazio malguagoek arriskuan jar dezaketela segurtasun juridikoaren printzipioa, eduki gabe uzten baitute legez ezarritako inskripzioa eskatzeko behar sendoa.
Iñaki Esnal Zalakain
Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua
