consulta
Itzuli

Kontsulta juridikoa 2024ko Uztaila

Legezkoa al da langile batekin harremanetan jartzea aldi baterako ezintasuneko prozesu batean dagoenean?

kontsulta

Kontsulta hau enpresetan gero eta kezka handiagoarekin ikusten duten lan-absentismoaren ondorioz sortua da, ikusirik aldi baterako ezintasuneko prozesu ugari eragiten dituela. Egoera horren ondorioak oso kaltegarriak izaten dira batzuetan enpresaren bilakaerarako: bai alderdi ekonomikotik, bai enpresa barruan izan daitezkeen gatazkengatik, gainerako lankideek lan-karga handiegia hartuz gero.

Egoera horren aurrean, enpresa batzuk babesik gabe sentitzen dira, eta iruditzen zaie apenas dutela legezko aukerarik horri aurre egiteko eta egoera hobetzeko, ez baitute eskumenik aldi baterako ezintasuneko prozesuei lotutako gaietan. Hori hala dela ikusirik, enpresa horiek neurriak hartzea erabakitzen dute, langileengana gehiago hurbiltzeko eta bajen iraupena murrizteko.

Jarraian ikusiko dugunez, protokolo edo neurri horiek zorrotz errespetatu behar dituzte langileen eskubideak, hala nola diskriminaziorik eza, osotasun fisikoa, osotasun eta duintasun pertsonala, eta deskonexio digitalerako eskubidea —guztiak ere egokiro arautuak gure ordenamendu juridikoan—.

Horixe gertatu zen, hain zuzen, Galiziako Justizia Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Salak eman berri duen 2687/2024 Epaiak azterturiko egitatezko kasuan. CCOO sindikatuak gatazka kolektibo bat planteatu zuen BOSCH SERVICE SOLUTIONS SAU sozietatearen aurka, zeinean eskatzen baitzion adieraz zezala enpresaren jarduera-protokoloak langileen eskubideak urratzen zituela. Sindikatuak eskatzen zuen, orobat, enpresak berehala utz zezala bertan behera praktika hori.

Vigoko Lan Arloko 1 zenbakiko Epaitegiak emaniko 422/2023 Epaiak egitateen zerrendan ezartzen duenaren arabera —eta aurretik aipatu dugun Salak berretsi egin du epai hori—, enpresa demandatuaren Team Leader edo koordinatzaileek absentzien jarraipena egiteko prozedura bat aplikatzen zuten, langilearen osasun-egoeraz galdetzeko; zehazki, telefono-deiak egiten zituzten. Protokoloan jasota daukate debekaturik dagoela langileari lanera bueltatzeko eskatzea edo langilea hertsatzea; era berean, debekatuta daukate berriro deitzea nabarituz gero langileak ez duela jarrera harkorra, eta ezin dute bajaren arrazoia galdetu, ez eta deia dokumentatu ere.

Salaren ustez, kasu honetan ez dira urratzen inola ere langileen eskubideak. Ez zituzten urratu langilearen eskubide merezituak koordinatzaileak osasun-egoeraz galdetzeko dei egitean; izan ere, dei haien helburua ez zen langileari lanera itzul zedin eskatzea eta baja zergatik hartu ote zuen jakitea. Aitzitik, dei adeitsuak izan ziren, eta lankideen arteko lan-giro onaren inguruabarretan interpretatu behar dira. Era berean, epaiak gaineratzen du ez dela urratzen deskonexio digitalerako eskubidea ere: dei bat jasotzeak —kontuan izanik, gainera, ez dagoela erantzutera behartuta— ez dakar nahitaez enpresak emandako bitarteko digitalekin konektatzea atseden hartzeko aldian.

Finean, ikuspegi juridikotik baiezta dezakegu enpresak bajan dagoen langile bati deitzea ez dela hertsapen-egintza ilegal bat, betiere zorrotz errespetatzen badira haren lan-eskubideak.

Jon Careaga  


Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua 

Lotutako berriak