consulta
Itzuli

Kontsulta juridikoa 2025ko Apirila

AUTONOMOEK BA AL DUTE EZINTASUN IRAUNKOR BATEN ONDORIOZKO PRESTAZIOAK JASOTZEKO ESKUBIDERIK, GIZARTE SEGURANTZAREKIN KOTIZAZIO-ZOR GERORATUAK BADITUZTE? 

kontsulta

Horretarako, lehenik eta behin, kontsultaren xede den gaia arautzen duen araudiari heldu behar diogu.  

Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren (GSLO) 193.1 artikuluak, GSLOren 194. artikuluarekin lotuta, honela definitzen du kotizaziopeko ezintasun iraunkorra: dagokion tratamendua egin ondoren, lanerako gaitasuna murrizten edo deuseztatzen duten murrizketa anatomiko edo funtzional larriak dituen langilearen egoera, hura hainbat mailatan sailkatuta (partziala, osoa, absolutua eta baliaezintasun handia). 

Bestalde, Norbere Konturako Langileen edo Langile Autonomoen Gizarte Segurantzako Araubide Berezia arautzen duen abuztuaren 20ko 2530/1970 Dekretuaren 28. artikuluak ezartzen duenez, prestazioak jasotzeko eskubidea izateko, langileak egunean izan beharko ditu kotizazioak.  

Era berean, Gizarte Segurantzaren Diru-bilketako Erregelamendu Orokorra onesten duen ekainaren 11ko 1415/2004 Errege Dekretuaren 31.3 artikuluak aurreikusten duenez, geroratutako zorrak emanez gero, eten egingo da bilketa-prozedura, eta zordunak Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela joko da, diru-laguntzak, hobariak, erantzukizun-salbuespenak eta abar lortzeari dagokionez. 

Azkenik, Gizarte Segurantzaren Diru-bilketako Erregelamendu Orokorra aplikatzeko eta garatzeko arauak ezartzen dituen maiatzaren 25eko 1562/2005 Ministro Aginduaren 171.1 artikuluak atzeratutako kuoten geroratzea gizarte-kotizazioen ordainketan egunean egotearekin parekatzen du, prestazioak jasotzeko eskubidea aitortzeari dagokionez

Kontsultaren xede den gaia ez da Gizarte Segurantzarekin zorrak dituen langile batek ezintasun iraunkorreko prestazio bat jasotzeko eskubidea ote duen, erantzuna zalantzarik gabe ezezkoa baita. Argitu beharreko gaia da ea eskubiderik badagoen Gizarte Segurantzarekiko zorrak geroratuz gero.  

Hortik aurrera, eta logikari jarraituz, geure buruari galdetu behar diogu gerorapen hori gertaera eragilearen dataren aurretik edo ondoren eskatu den, edo, bestela esanda, prestazioa aitortzea ekar lezakeen onuradunaren premia-egoeraren edo egoera patologikoaren aurretik edo ondoren eskatu den. Langilearen babesa gertatuko da geroratzeko eskaera gertaera eragilearen data baino lehen egiten denean. 

Hori da Auzitegi Goreneko Gizarte-arloko Salak maiatzaren 5eko 98/2025 Epaian hartutako irizpidea, zeinak doktrina bateratzen baitu, jurisprudentzia-ildo finkatu bat aldatzea eragozten duten segurtasun juridikoaren eta berdintasunaren printzipioak argudiatuta. 

Jon Careaga Correa 


Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua  

Lotutako berriak