NOLA ERAGITEN DIO LANALDIA METATZEAK KOTIZATZEKO BETEBEHARRARI ERRETIRO PARTZIAL AURRERATUAREN KASUAN?

Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 215.2 artikuluak arautzen du erretiro partzial aurreratua; hau da, aldi berean errelebo-kontratu bat behar duena. Era berean, artikulu horren beraren g) apartatuan jasotzen denez, erretiro partziala baliatzen den aldian, langileak lanaldi osoan jarraituko balu egokituko litzaiokeen kotizazio-oinarria ordainduko dute enpresak eta langileak.
Hala ere, erretiro partzial aurreratua hartu duten langileei dagokienez, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 215. artikuluaren 3. apartatuak baimentzen du lan-denbora metatzea, kontuan izanik lanaldi partzialean egin behar dela printzipioz, harik eta erretiro arrunt osoa hartu arte. Erretiratu partzialak ohiko erretiroa hartu arte garatu behar duen lanaldi aktiboaren zatia kontzentratzeko aukera horrek zalantzak sortzen zituen aldi aktibo kontzentratua kontsumitu ondorengo aldiaren kotizazioarekin loturik —hau da, langilea jada enpresara joatera behartuta ez dagoen aldiaren kotizazioari buruz—, ikusirik jarduera etenik duela erretiro osora iritsi arte.
Zehazki, aukera gisa planteatzen zen Kotizazio Erregelamenduari buruzko abenduaren 22ko 2064/1995 Errege Dekretuaren 65.3 artikuluan aurreikusitakoa aplikatzea jarduera partzial kontzentratu guztia garatu ondorengo aldiari. Artikulu horrek lanaldi partzialeko kontratuen kasuetarako kotizazio-arauak ezartzen ditu, baina jasotzen du, orobat, lanaldi partzialeko aldi aktiboak lanaldi jarraituetan metatzeko aukera. Arau horrek lanaldi partzialeko kontratuaren indarraldiari dagokion kotizazioa hainbanatzeko betebeharra ezartzen zuen, aldi aktiboan jasotzen zituen ordainsari errealetatik abiatuta. Finean, hauxe planteatzen da: arau hori kontuan hartuta, posible ote den lanaldi partzial aktiboaren soldata-ordainsariengatik bakarrik kotizatzea erretiratu partzialaren kasuan, lanaldi partzial hori modu kontzentratuan bete ondoren.
Gizarte Segurantza Antolatzeko Zuzendaritza Nagusiak ebatzia du gai hori 5/2025 Interpretazio Irizpidearen bidez, eta adierazi zuen ezen, arau-hierarkiaren arabera, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 215.2.g) artikuluan xedatutakoa gailentzen dela, eta, beraz, kasuari ezin zaiola aplikatu Kotizazio Erregelamenduaren 65. artikuluan xedatutakoa. Horrek esan nahi du egoera orotan jarraitzen duela erretiro partzial aurreratua hartzeko aldian lanaldi osoagatik kotizatzeko nahitaezkotasunak, baita lanaldi partzial aktiboa kontzentratuta gauzatu denean ere.
Iñaki Esnal Zalakain
Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua
