Langabezia-sorospena jasotzen duen eta gaur egun errezidiba-egoeran dagoen langileak ba al du aldi baterako ezintasuneko prestaziorik jasotzeko eskubiderik?

Hona kasuaren deskribapena: langilea aldi baterako ezintasuneko egoeran egon zen, lan-istripu bat zela-eta, alta medikoa egin zen, lan-kontratua amaitu zen, langabezia-prestazioa jaso zuen hura agortu arte, eta, gaur egun, langabezia-sorospena jasotzen du. Une honetan errezidiba-egoeran dago, eta aldi baterako ezintasuneko prestazioa jaso nahi du.
Hasiera batean uler daiteke langileak lan-istripuagatiko aldi baterako ezintasuneko prestazioa jasotzeko eskubidea izango lukeela, nahiz eta aldi baterako ezintasuneko bi prozesuen artean denbora-tarte bat igaro eta langabezia-sorospena jaso. Hala ere, Auzitegi Gorena 2023ko uztailaren 4ko Epaian oso bestelako ondorio batera iritsi zen. Jarraian aztertuko dugu.
Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren (GSLO) 165. artikuluak ezartzen du aldi baterako ezintasuneko prestazioa jasotzeko eskubidea izateko baldintza dela araubide horretan afiliatuta eta altan egotea edo altarekin parekatutako egoeran egotea, eta 166. artikuluak altarekin parekatutako egoerak zerrendatzen ditu (besteak beste, langabezia-prestazioa jasotzen duen langilea). Era berean, GSLOren 265. artikuluaren arabera, langabezia-babesa bi mailatakoa izan daiteke: maila kontributibokoa (langabezia-prestazioa) eta maila asistentzialekoa (langabezia-sorospena).
Aipatutako araudia kontuan hartuta, planteatutako kontsultan langileak ez du betetzen Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean alta-egoeran edo altarekin parekatutako egoeran egotearen baldintza; izan ere, gaur egun langabezia-sorospena jasotzen du, hau da, prestazio ez-kontributibo bat.
Aipatutako Auzitegi Gorenaren 2023ko uztailaren 4ko Epaiak (3121/2020 Errekurtsoa) oraingoaren antzeko kasu bat aztertzen du; hots, eztabaidagaia da ea lan-istripua izan zuen eta langabezia-sorospena jasotzen duen langile batek aldi baterako ezintasuneko prestazioa jaso dezakeen errezidiba-kasuan. Auzitegi Gorenak, aipatutako epaian, ondorioztatzen du langabezia-sorospen asistentziala jasotzen ari dena ez dagoela altarekin parekatutako egoeran, aldi baterako ezintasuneko sorospenaren sortzapenaren ondorioetarako.
Jesús Escartín Azlor
Mutualiako aholkularitza juridikoko letradua
