Gaixotasun arruntetik edo lanez kanpoko istriputik eratorritako ezintasun iraunkorraren kontingentzia, aldez aurreko patologia dagoela

Nabarmena da Gizarte Segurantzaren onuradunek lanez kanpoko istriputik eratorritako prestazio baten aitorpena lortzeko duten interesa, dela aldi baterako ezintasuna, dela ezintasuna iraunkorra, bai eta heriotzagatiko eta biziraupenerako prestazioak ere. Izan ere, prestazioak jasotzeko eskakizunak onuradunen aldekoak dira alta-egoerari edo baliokideari, aurretiko kotizazioaren eskakizunari eta prestazioen kalkulu mesedegarrienari dagokienez.
Kasu batzuetan (halakoa da aztertzen ari garen kasua), lesio batzuk eragiten dituen lanez kanpoko istripua izaten du pertsona batek, zeinak bestelako patologia batzuk baitzituen aldez aurretik, gaixotasun arruntetik eratorriak; lanez kanpoko istripu horren ondoren aitortzen da gaixotasun arruntaren ondoriozko erabateko ezintasun iraunkorra. Planteatzen da kontingentzia arruntetik eratorritako ezintasun hori gaixotasun arruntak ala lanez kanpoko istripuak eragin duen; izan ere, baja medikoaren prozesua lanez kanpoko istripu horren ondorioz hasi da, baina, ikusiko dugunez, baloratu beharko da zer jatorri duten aitortutako ezintasunaren gradua eragin duten lesioek.
Lan-istripuen testuinguruan, onuradunen egoera baloratzeaz ari garela, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 156. artikuluan —bigarren zenbakiko e), f) eta g) letrak— lan-istripuaren kontzeptua zabaltzen da; hala, lan-istriputzat joko dira (eta, horrenbestez, kontingentzia horretatik eratorri gisa) istripuak eragindako lesioen ondorioz larriagotzen diren gaixotasunak edo okerrak. Baina hori, ikusiko dugunez, ez zaio aplikatzen lanez kanpoko istripuari, zeinak eskatzen baitu “bat-bateko ekintza bortitz” bat gertatzea eta ezin baita izan aldez aurretiko lesio edo okerren narriadura larritzea.
Auzitegi Gorenak duela gutxiko epai berrietan aztertu duenez (adibidez, 2024ko abenduaren 17ko epaia, doktrina bateratzeko 232/2023 kasazio-errekurtsoan oinarritua), lanez kanpoko istripua gaixotasunetik bereizten duena ez da lesioa, berdina izan baitaiteke bi kontzeptuetan: istripuetan, bat-bateko kanpoko lesio bortitz bat dago, eta gaixotasunean, berriz, osasuna pixkanaka narriatzen duten barne-prozesu batzuk gertatzen dira.
Kontuan hartu beharko dira baloratzen diren lesioak, eta ea agertuak ziren lanez kanpoko istripuaren aurretik, bai eta lesio horien jatorria istripuan ez dagoen ere; kasu horietan ez da aplikatuko Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 156.2.f) artikuluan xedatutakoa. Auzitegi Gorenaren doktrinaren arabera, langileak aldez aurretik zituen gaixotasun eta oker horiek lan-istriputzat jo daitezke, egoeraren larriagotzea lantokian eta laneko denboran gertatzen bada edo lan-istriputik eratorritako patologiaren ondorioz; baina ez da gauza bera gertatzen lanez kanpoko istripuarekin, beti eskatzen baitu bat-bateko ekintza bortitz bat gertatzea eta ezin baita izan aldez aurretiko lesio eta okerren narriadura larritzea..
Beraz, patologia zehaztasunez aztertu beharko da beti, eta kontingentzia profesionalaren kontzeptua ezin da zabaldu lanez kanpoko istripuetara.
Cristina Cearra Guezuraga
Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua
