Guraso bakarreko familia izanez gero, luzatu daiteke jaiotzagatiko baimena?

Planteatu da ea guraso bakarreko familia osatzen duten pertsonek luzatu dezaketen baimena, beste gurasoari jaiotzagatik legokiokeen baimena hartuta, gainerako familiei ematen zaizkien baldintza berberak bermatuz, adingabea ez diskriminatzeko.
Berriki 4948/2024 epaia (2024ko urriaren 15ekoa) eman du Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Salak funtzionario publikoentzat, eta garrantzitsua da epai horren eragina, harik eta legegileak egoki ikusten duen arte guraso bakarreko familia horien eskaerak kontuan hartuta arautzea. Ez da gai erraza, ordea, ikusiko dugunez.
Epaia aldekoa da, hau da, bi gurasoko familietako guraso bakoitzari dagokion baimena pilatzeko aukera ematen dio guraso bakar horri.
Eztabaida juridikoak hainbat ertz ditu, eta, baloratzeko, kontuan hartu behar dira Espainiako Konstituzioaren 14. artikulua (“Espainiarrak berdinak dira legearen aurrean; debeku da, bada, inolako diskriminaziorik egitea jaiotzagatik”) eta 39.1 artikulua (“Botere publikoek segurtatzen dute familiaren babes sozial, ekonomiko eta juridikoa”).
Arrazoiak berdintasunean eta adingabearen interesaren babesean oinarritzen dira; izan ere, uste da guraso bakarreko familia batean jaiotako seme-alabek ezin dutela bi gurasoko familia batean jaiotakoek baino denbora gutxiagoan izan guraso baten konpainia eta zaintza, adingabeak baldintza berdinak izateko eta diskriminaziorik ez gertatzeko.
Hainbat interes garrantzitsu eta legitimo daude baimen horiek baloratzerakoan, hala nola amaren osasuna eta ongizatea, familiaren interesa, gurasoen arteko berdintasuna sustatzea seme-alaben zaintza-betebeharrei dagokienez, familia eta lana errazago uztartzea eta, batez ere, adingabearen interesa, zeinak etengabeko babesa, arreta eta zaintza behar baititu bizitzako lehen hilabeteetan. Azken hori gailentzen da, jaioberrien arteko berdintasuna baloratzen baita, Espainiako Konstituzioak ezarritako ildoei jarraikiz.
Bestalde, aplikatu beharreko araua Langileen Estatutua denean, ondorioa ez da berdina. Hala, Auzitegi Goreneko Lan Arloko Salaren azken ebazpenak (1637/2023), 2024ko irailaren 12koak, ez du onartzen baimenak metatzeko eskubidea. Horretarako, argudio batzuk ematen ditu, eta garrantzitsuena da, Gizarte Segurantzarekin lotuta, tratu-desberdintasuna eragiten duena ez dela familia-eredua, baizik eta gurasoek Sisteman kotizazioak egitea edo ez egitea. Izan ere, guraso bakarrari prestazioak metatzeko aukera emanda, egoera kaskarragoan geratuko lirateke bi guraso izan eta bietako batek alta emateko baldintzak betetzen ez dituztenak, ez baitute bigarren laguntza hori jasotzen.
Interpretazio-lan bat egin behar da; izan ere, Legeak ez ditu berariaz aipatzen guraso bakarreko familien baimenak, ez emateko eta ez ukatzeko, baina horrek ez du esan nahi legeak ezer esaten ez duelako ukatu behar direnik. Horregatik, interpretatu egin behar da ama biologikoaren baimenari bigarren gurasoaren baimena gehitzeko aukera, bai estatuko langileentzat eta bai lan-harremana Langileen Estatutuaren arabera arautzen zaien langileentzat.
Gaur egun, beste urrats bat egin da gai honen inguruan, eta, arazoa konstituzio-kontrakotasuneko gisa planteatuta, Konstituzio Auzitegiaren osoko bilkurak ebatzi du 140/2024 epaian, 2024ko azaroaren 6koan, beharrezkoa dela ezen, legegileek gai horri buruz zerbait erabakitzen duten bitartean, guraso bakarreko familietan honela interpretatzea Langileen Estatutuko 48.4 artikuluan eta GSLOren 177. artikuluan aipatzen den baimena: ama biologikoarentzako baimenari (16 aste) beste gurasoarentzat aurreikusitakoa gehituko zaio (10 aste; lehenengo 6 asteak kendu egiten dira, horiek nahitaez jarraian eta erditu eta berehala hartu behar baitira).
María Urizar Pérez
Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua
