LANGILE AUTONOMOEN ARAUBIDE BEREZIAN ERRETIRO-PENTSIOAREN GABEALDIA OSATZEKO ZENBATU AL DAITEZKE ORDAINDU GABEKO ETA PRESKRIBATUTAKO KOTIZAZIO-ALDIAK?

Gai interesgarri horretaz ari da 4.961/2022 errekurtsoan Auzitegi Gorenak 2024ko azaroaren 20an emandako epaia.
Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren (GSLO) 314. artikuluan ezarritakoaren arabera, langile autonomoen araubide berezian, “babes-ekintza lege-testu horretako 42. artikuluan xedatutakoa izango da, langabezia-babesaren eta prestazio ez-kontributiboen kasuan izan ezik”. Lege horretan ezartzen denez, kasu guztietan, prestazioak jasotzeko, araubide berezi horretako langileek egunean egon behar dute kotizazioen ordainketetan, GSLOren 47. artikuluan aurreikusten denez.
Langile Autonomoen Araubide Berezian (LAAB) erretiro-pentsioa jasotzeko, kotizazio-aldi bat behar da (GSLOren 205. artikuluan eta aipatutako 314. artikuluan jasotzen da), eta, gainera, gertaera eragilea gertatu den unean, langileak egunean egon behar du kuoten ordainketan, GSLOren 47. artikuluan jasotzen denez —2530/1970 Dekretuaren 28. artikuluarekin lotuta—.
Auzitegi Gorenak ezarri du kotizazioen ordainketan egunean egoteko betekizuna bete daitekeela erakunde kudeatzaileak ordaintzeko egindako gonbidapena betetzen bada, betiere onuradunak gabealdia osatua badu.
Auzitegi Gorenak ezarri du ordaintzeko gonbidapen-mekanismoak funtzionatzen duela baldin eta “prestaziorako eskatzen den gabealdia beteta badago, eta soilik aldez aurretik interesdunak egina duenean prestazioak jasotzeko eskubidea ematen dion kotizazioa”. Interesdunak eskatu zaizkion kuoten ordainketa egunean ez badu, erakunde kudeatzaileak ordaintzeko gonbidapena egingo dio; beraz, “preskribatu gabeko kuotak ordaintzeko gonbidapena egiteko, ezinbestekoa da aldez aurretik gabealdi galdagarria egiaztatzea, eta kuotak gertaera eragilearen ondoren ordaintzeak ez dakar balio txikiagoa izatea”.
Kasu honetan, lehen esan dugunez, ordaindu gabeko kuota batzuk preskribatuta daude, ordaindu ez direnetik lau urte baino gehiago igaro direlako, eta ordaintzeko gonbidapenik jaso ez duelako; eta kontua da ea aldi horiek kontuan har litezkeen gabealdia handitzeko eta beharrezko gutxieneko gabealdia osatzeko. Gai horri dagokionez, Auzitegi Gorenak ebatzi du gertaera eragilearen aurretik ordaindu ez diren kotizazioek ez dutela balio gabealdia handitzeko. Izan ere, haren ustez, ezin dira nahasi kuoten ordainketan egunean egoteko baldintza (ordaintzeko gonbidapena aktibatu daiteke) eta gabealdi galdagarria (zeina beharrezkoa baita erretiro-pentsioa eskuratu ahal izateko). Kotizazio preskribatuak izanik, ezin dira kontuan hartu gabealdirako, gabealdia ezin delako osatu ordaindu gabeko eta preskribatutako kotizazioekin.
Beraz, erretiro-pentsioa eskuratzeko, gabealdia eskatzen den gainerako prestazioetarako bezala, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorrean araututako beharrezko gabealdia kotizatuta eduki beharko da, eta beharrezkoa den gabealdi hori ezin da osatu preskribatuta egon arren ordaindu ez diren kotizazioekin.
Raquel Martínez Balbas
Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua