consulta
Itzuli

Kontsulta juridikoa 2025ko Uztaila

Enpresa baten barruan arrisku biologikoa egonez gero, zer aukera jasotzen ditu indarrean dagoen espainiako araudiak, baldin eta iturburu-pertsonak ez badu baimenik ematen bere mediku-historiara sartzeko edo bere lagin biologiko bat hartzeko? 

kontsulta

Enpresa baten barruko arrisku biologiko baten testuinguruan, hala nola gaixotasun kutsakorren eraginpean egotea, Espainiako araudiak zenbait lege-mekanismo jasotzen ditu informazio medikoa eskuratu edo lagin biologiko bat hartu ahal izateko, baita iturburu-pertsonaren baimen espliziturik gabe ere, betiere baldintza jakin batzuk betetzen badira. 

Lehenik eta behin, osasun publikoa babesteko printzipioak agintzen du. Espainiako legeriaren arabera, osasun publikoak lehentasuna du arrisku biologikoko egoeretan, bereziki herritarren edo hirugarrenen osasunerako arriskua dagoenean. Osasun Publikoari buruzko Lege Orokorrak (33/2011 Legea) eta Bizitzaren amaierako prozesuan pertsonen eskubideak eta duintasuna ziurtatzeari buruzkoak (41/2002 Legea) alderdi horiek jorratzen dituzte. Arrisku biologikoa egonez gero, iturburu-pertsonaren baimen espliziturik gabe jardun daiteke, baldin eta osasun publikorako arrisku nabaria eta larria badago. 

Bigarrenik, nahitaezkoa da osasun-agintaritzarekin lankidetzan aritzea. Pertsona batek gaixotasun kutsakor bat duela susmatzen bada, osasun-agintariek eskumena dute, legediari jarraikiz, pertsona horri azterketak egiteko edo lagin biologikoak hartzeko, haren baimenik gabe, osasun publikoa babesteko premia oinarri hartuta. Hori, batez ere, larrialdi-egoeretan aplikatzen da, hala nola epidemia-agerraldietan edo pandemietan. Kasu horietan, osasun kolektiboa lehenesten da. 

Jakina, bada lege-esparru bat, Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrean jasotzen dena. Lege horren azken eguneratzea 2023ko martxoaren 23an egin zen. Lege horren irakurketatik ondorioztatzen da ezen, arrisku biologiko larriko egoeretan (esate baterako, gaixotasun infekziosoak agertzen direnean, hala nola GIBa, hepatitisa, tuberkulosia, etab.), Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorraren 24. artikuluak xedatzen duela osasun-zerbitzuek behar diren neurriak har ditzaketela osasun publikoaren babesa bermatzeko. Kasu horietan, lagin biologikoak hartzeko edo historia medikora sartzeko baimenik ematen ez bada, osasun-agintaritzak ahalmena izango du ezezko hori aintzat ez hartzeko, osasun publikoaren interes gorenaren printzipioan oinarrituta. 

Araudiak zenbait salbuespen jasotzen ditu, bereziki adingabeen edo desgaitasunen bat duten pertsonen kasuan. Pertsona hori adingabea bada edo erabakiak hartzeko ezgaitua badago, Espainiako araudiak baimena ematen die haren tutoreei, legezko ordezkariei edo osasun-agintariei haren izenean esku hartzeko, osasun publikoa babeste aldera, betiere ukitutako pertsonaren interes gorena kontuan hartu bada. 

Hala ere, iturburu-pertsona bere lagin biologikoak hartzearen edo bere historia medikoa ezagutaraztearen aurka badago, eta haren ezezkoak arriskuan jartzen badu osasun publikoa edo beste pertsona batzuen osasuna, araudiak aukera ematen du agintaritza judizialera jotzeko. Agintaritza horrek, azken batean, erabakiko du informazio hori eskuratzea edo laginak hartzea beharrezkoa den, betiere osasun publikoaren eta oinarrizko eskubideen printzipioetan oinarrituta. 

Nola ez, datu pertsonalen konfidentzialtasuna babestu egin behar da. Egoera jakin batzuetan, baimena eman daiteke pertsona baten adostasunik gabe haren historia medikora sartzeko edo lagin biologikoak hartzeko; hala eta guztiz, legeriak babestu egiten du datu pertsonalen eta osasun-datuen konfidentzialtasuna ere. Hori dela eta, sarbide oro osasun publikoa babestera bideratuta egon behar da, eta, betiere, eskubide pertsonalak ahalik eta gutxien urratuko direla bermatu behar da. 

Laburbilduz, Espainiako araudiak bidea ematen du arrisku biologikoko egoeretan esku hartzeko iturburu-pertsonaren baimenik gabe, betiere osasun publikoa eta segurtasun kolektiboa arriskuan badaude. Hori guztia osasun publikoa babesteko printzipioan oinarritzen da; izan ere, osasun publikoa norbanakoaren pribatutasunerako eskubideari gailentzen zaio salbuespenezko testuinguruetan. 

David Erauskin Pérez  

Letrado de la Asesoria Juridica de Mutualia  

Lotutako berriak