Itzuli

KONTSULTA JURIDIKOA 2021EKO APIRILA

KONTSULTA JURIDIKOA

Zeintzuk dira 2021erako Aurrekontu Orokorren Legearen berritasun nagusiak Gizarte Segurantzari dagokionez?

2021ERAKO ESTATUKO AURREKONTU OROKORREN LEGEA

BERRITASUNAK GIZARTE SEGURANTZAREN ARLOAN

Tradizioz, Estatuko Aurrekontu Orokorren Legeak berritasun esanguratsuak izan ohi ditu Gizarte Segurantzari dagokionez. Haatik, 2021eko ekitaldirako onartu berri den legean (11/2020, abenduaren 30ekoa) ez dago aldaketa askorik, eta daudenak erretiroko eta jaiotzagatiko prestazioei eta adingabekoak zaintzeagatik emandakoei buruzkoak dira.

Erretiroaren kasuan, bere erreferentziazko arauaren (27/2011 Legea, abuztuaren 1ekoa) xedapen iragankorretan finkatutako prestazioaren jasotze-erregimen progresiboa garatuz, ezartzen da 2021ean erretiro osoa hartu ahal izango dutela 65 urte betetzen dituztenek, betiere hogeita hamazazpi urte eta hiru hilabete edo gehiago kotizatu badituzte Gizarte Segurantzan. Kotizatutako denbora hori bete ez duenak, baina bai hamabost urte gutxienez, hirurogeita sei urterekin hartu beharko du erretiroa. Bistan denez, bi kasu horietan ez gara erretiro aurreratuaz ari, prestazioa ohiko erregimenean jasotzeaz baizik.

2021. urtean, prestazioaren oinarri arautzailea zein den jakiteko, 336z zatitu beharko da azken 228 soldaten kontingentzia arruntengatiko kotizazio-oinarrien batukaria; hau da, kotizatutako azken 24 urteena. Gogoratu beharra dago 2022tik aurrera, eta ondorengo urteetan, beste erreformarik ez badago, kotizatutako azken 25 urteak hartuko direla kontuan. Oinarri arautzaile horri, eta prestazioa kalkulatzeari dagozkion ondorioetarako, honako portzentajeak ezarriko zaizkio: lehen hamabost urteengatik prestazioaren % 50 onartuko da; hortik aurrerako hilabete bakoitzeko % 0,21 gehituko da 1 eta 106 hilabeteren arteko tartean, eta % 0,19 ondorengo hilabete bakoitzeko.

Borondatezko erretiroaz den bezainbatean, 2021ean baimendu egiten da hirurogeita hiru urterekin erretiroa hartzea hogeita hamazazpi urte eta hiru hilabete edo gehiago kotizatuta izanez gero, eta, era berean, hirurogeita laurekin, hogeita hamahiru urte eta hogeita hamazazpi urte eta hiru hilabete bitarteko kotizaziora iritsiz gero. Kasu horietan, jakina, prestazioa lehenago jasotzen hasteari dagokion koefiziente murriztailea aplikatu beharko da.

Jaiotzagatiko edo adingabeak zaintzeko baimena, berriz, iraupen berekoa da bi gurasoentzat 2021eko urtarriletik. Hortaz, ama biologikoa ez den gurasoak hamasei aste izan ditzake dagoeneko, zatika edo jarraian. Bestalde, adopzioagatiko, adopzioa egiteko zaintzagatiko edo behin-behineko zein behin betiko harrera egiteko baimenari dagokionez, honakoa ezarri da: 2021etik aurrera, bi gurasoek lan egiten badute, derrigorrezko atsedenaren lehen sei asteen osteko aldia zatika hartu ahal izango da, eta horretarako epea lehen sei asteen bukaeraren eta hamabi hilabeteen artekoa izango da, jaiotzatik zenbatzen hasita, edo adopzioa gauzatzen den ebazpen judizialetik, edo adoptatzeko edo harrera egiteko helburua duen zaintzaren erabaki administratibotik zenbatzen hasita.

Iñaki Esnal

Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua

Lotutako berriak