conciliacion laboral y familiar
Itzuli

Kontziliazioa Mutualian: konpromisoak eta aurrerapenak beste urte batez

Urtetik urtera argi ikusten da kontziliazioarekin dugun konpromisoa; izan ere, bizitza pertsonala, familia eta lana uztartzea errazten duten ekimenak egiten ditugu. Gainera, lan-ingurune osasungarriagoa sortzen laguntzen dute ekimen horiek. Aplikatzen ditugun neurrien artean, hauek nabarmentzen dira: lanaldi-murrizketak, lan- eta antolamendu-malgutasuna, eszedentziak eta soldatarik gabeko baimenak eta telelana. 

 

Ziurtagiriak 

Mutualiak EFR ziurtagiria du Enpresa ProAktiboa B kategorian, eta MásFamilia Fundazioak sustatutako telelanaren charterra ekimenaren parte da.  

Lan-ingurune malgua eta gure langileen premietara egokitua eskaintzeko egiten dugun ahalegin etengabearen isla dira ziurtagiri horiek. 

 

Kontziliazio-neurriak 

2024an 432 kontziliazio-neurri onetsi dira, eta haietatik 337 (% 76,8) emakumeek baliatu dituzte. Agerian geratzen da batez ere emakumeek jarraitzen dutela oraindik ere horrelako neurriak hartzen, plantillan duten presentzia baino ehuneko handiagoan, gainera (2024/12/31n, % 73 ziren emakumeak). Datu horrek azpimarratzen duenez, aukera-berdintasuna eta kontziliazio-neurrietarako irispide ekitatiboa bultzatzen jarraitu behar da. 

 

Kontziliazioa eta erantzunkidetasuna 

Funtsezkoa da kontziliazioaren eta erantzunkidetasunaren arteko desberdintasuna ulertzea. Kontziliazioaren xedea da bizitzako zenbait alderdi bateratzea, eta erantzunkidetasunak esan nahi du gizonezkoek eta emakumezkoek modu ekitatiboan parte hartzea etxeko lan guztietan, mendekotasuna duten pertsonak zaintzen, jarduera pertsonaletan eta profesionaletan eta norberarentzako denboran. Mutualian, bi kontzeptuak bultzatzen ditugu, oreka zuzena eta jasangarria bermatzeko. 

 

Izan ere, Mutualian sinetsita gaude kontziliazioa eta erantzunkidetasuna ezinbestekoak direla etorkizun hobea izateko. Lanean jarraituko dugu, ohitura horiek errealitate bilaka daitezen bizitzako alderdi guztietan, gogoan izanez, betiere, guztioi dagokigula erantzukizuna, guztionganakoa. 

Lotutako berriak