billetes de euro
Itzuli

LAABeko kotizazio-oinarriak iruzurrez handitzen direnean, prestazioa azkenduko da, eta, horrez gain, jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira

Autonomoek kotizazioak berritzeko daukaten legezko aukeraren irizpide inspiratzailea kotizazio-oinarria beren diru-sarreretara egokitzeko eta etorkizuneko prestazioetarako eraginkorra izateko helburua da, neurri handiagoan edo txikiagoan gure Gizarte Segurantzako sistemak informatzen duen eta haren bideragarritasuna zein eraginkortasuna bermatzen dituen kontribuzioaren printzipioa kontuan hartuta. 

Artikulu honetan, Auzitegi Gorenak 2022ko maiatzaren 31n honako kasu honetan emandako epaia aztertzen da, hain zuzen ere:

Langile batek 2012ko ekainaren 1ean hartu zuen alta LAABen, gutxieneko kotizazio-oinarria aukeratu zuen eta 2013ko apirilaren 23ra arte egon zen egoera horretan. 2013ko uztailaren 1eti aurrerako ondorioekin, ordea, kotizazio-oinarria aldatzeko eskatu zuen, araubide horretako gehieneko oinarrira igo zuen eta oinarri berri horren arabera ordaindu zituen 2013ko uztailetik azarora arteko kuotak.

2013ko abenduan, langileak semea eduki zuen, eta GSINri eskatu zion amatasun-prestazioa. Erakunde horrek prestazio hori aitortu zuen eguneko gutxieneko oinarri arautzailearen arabera, eta 2013ko azaroaren 27tik 2014ko martxoaren 18ra arte izan zituen ondorioak.

Oinarri arautzailearekin bat ez zetorrenez, langileak aurretiazko erreklamazioa aurkeztu zuen.

Abenduan, 2013ko abenduaren 17an, GSINko Zuzendaritza Probintzialak Laneko Ikuskaritzara bidali zuen ofizioa, autonomoaren inguruko kasuan kasuko egiaztapenak egin zitezela eskatzeko, susmagarria zelako 2013ko uztailean oinarri arautzailea igotzea gutxieneko oinarritik gehieneko oinarrira, 2013ko abenduan erditu zela eta LAABen 2013ko azaroaren 30ean baja hartu zuela kontuan hartuta.

Laneko Ikuskaritzak arau-haustearen akta egin zuen 2014ko martxoaren 21ean, eta, bertan, proposatu zuen amatasunagatiko eta haurdunaldiko arriskuagatiko prestazioa edo dirulaguntza azkentzea eta bidegabe jasotako zenbatekoak itzultzea, ulertu egiten zuelako demandatzaileak oso arau-hauste larria egin zuela abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuaren 26.1. artikuluan xedatutakoaren arabera. Izan ere, jaso behar zituenak baino handiagoak ziren prestazioak lortzeko asmoz, iruzurrez jokatu zuen, prestazioak eskatu aurre-aurretik kotizazio-oinarria handitu zuelako.

Arau-haustearen akta horren arabera, GSINk zehapen-espedientea ireki zuen, eta 2014ko maiatzaren 26an ebatzi zuen. Horren bidez, amatasunagatiko eta haurdunaldiko arriskuagatiko dirulaguntza azkentzeko eta bidegabe jasotako zenbatekoak, guztira 11.285,43koak zirenak, itzultzeko proposatutako zehapena baieztatzea ebatzi zen.

2013ko irailean, urrian eta azaroan, mutualitateak haurdunaldiko arriskuagatiko 8.036,10 €-ko ABEko prestazioa ordaindu zion demandatzaileari, eguneko 90 €-ko kotizazio-oinarriaren arabera. GSINk 3.349,33 euroko amatasun-prestazioa ordaindu zion, eguneko 28,82ko oinarri arautzailearen arabera.

Egitate horietatik abiatuta, Auzitegi Gorenak erabaki egin behar du LAABeko kotizazio-oinarriak iruzurrez handitzen direnean bidezkoa den prestazioak azkentzea eta jasotako zenbatekoak itzultzea edo, bestela, ordura arte kotizatutako gutxieneko oinarrien arabera kalkulatutako prestazioen eta jaso zituen prestazioen arteko aldea bakarrik itzuli behar den, azken horiek gertaera eragilearen aurre-aurretiko epealdian handitu ondoren kotizatu ziren gehienekoen arabera kalkulatu zirela kontuan hartuta.

Gorenak abiapuntutzat hartzen du langilearen jarduketa, bere lan-bizitza osoan LAABen gutxieneko oinarriaren arabera kotizatu duela, haurdunaldi-egoera aurreratuan zegoela araubide horretan gehieneko oinarriaren arabera kotizatzea erabaki zuela eta, horren ondorioz, mutualitatearen kontura haurdunaldiko arriskuagatiko eta GSINren kontura amatasunagatiko prestazioak, gehieneko oinarri horien arabera kalkulatutakoak, lortu zituela kontuan hartuta, LISOSen 23.1. artikuluaren e) idatz-zatian tipifikatuta dagoen jokabidea dela. Jokabide hori “Gizarte Segurantzako arau-haustea” izeneko II. kapituluan aipatzen da, hain zuzen ere; lehenengo sekzioan, zehazki. Bertan, hain zuzen ere, beren konturako langileen arau-hausteak aipatzen dira, besteak beste, eta, hitzez hitz, oso arau-hauste larritzat hartzen du “langilearen kotizazio-oinarria bidegabe handitzea, kasuan kasuko prestazio handiagoak lortzeko”. Bestetik,langileen edo antzekoen, prestazioetako onuradunen edo eskatzaileen arau-hausteei buruzko LISOSen 26.1. artikuluaren 2. sekzioan, honako hauxe hartzen da oso arau-hauste larritzat: “Iruzurrez jokatzea, bidegabeak diren edo kasuan kasukoak baino handiagoak diren prestazioak lortzeko asmoz”.

Horrez gain, egitateak gertatu zirenean indarrean zegoen idazketa duen eta gaur egun bere horretan dirauen LISOSen 47.1 c) artikulua nabarmentzen du Auzitegi Gorenak. Bertan, Gizarte Segurantzako prestazioetako eskatzaileen edo onuradunen oso arau-hauste larrietarako zehapenak azaltzen dira, eta “pentsioa edo prestazioak sei hilabetez galtzea” direla zehazten du.

Horren ondorioz, Gorenak ebatzi du, arautegi hori kasu honetan ezartzean, LISOSen 47.1. artikuluan aurreikusitako prestazioa aldi baterako azkentzen denez, zehatutako epealdian jasotako prestazio guzti-guztiak itzuli behar direla, ezarritako zehapena argia eta egokia delako. Legean adierazten den bezala, prestazioa galtzean aurreikusitako sei hileko epealdian erabat azkentzen denez, kasu honetan ez ziren prestazio bakar batean ere lortu. 

Nabarmendu egin behar dugu ez gaudela bidegabe jasotakoaren itzulketari buruzko LISOSen 47.3. artikuluaren ezarpen-eremuan, legearen arabera aurreikusitako zehapenaren ezarpenean baizik, horren ondorioz prestazioak galtzen direla kontuan hartuta. Hori dela eta, zehapen hori gauzatu ahal izateko, jasotako prestazio guztiak itzuli beharko dira, hau da, amatasunagatik jasotakoa nahiz haurdunaldiko arriskuagatik jasotakoa.

María José Marcilla


Mutualiaren Aholkularitza Juridikoko abokatua

Lotutako berriak