
Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak (aurrerantzean GSDN), enpresariei kalitate handiagoko zerbitzuak eskaintzeko duen konpromisoa betetze aldera, RED sistemak eskaintzen dituen funtzionaltasunak areagotu ditu; hots, bi online transakzio berri diseinatu ditu Langile Autonomoen Araubide Berezian (aurrerantzean LAAB) alta eta baja eskatu ahal izateko, Gizarte Segurantzaren administrazioetara joan beharrik izan gabe.
Funtzionaltasun berri horiek langile baimenduak sar daitezkeen RED zerbitzuen barruan jasoko dira, Gizarte Segurantzaren webgunean.
Jarduera hasi baino lehen eman beharko da altaren berri; gehienez ere, 60 egun lehenago.
Alta jardueraren hasieraren aurretik eskatzen bada eta jarduera hilaren 1ean hasi ez bada, interesdunak, urtean hirutan, gehienez ere, aukera izango du alta jardueraren hasieran edo hilaren 1ean eraginkorra izango den hautatzeko. Urtean zehar egiten diren gainerako altak jarduera hasten den hilaren lehenengo egunean izango dira eraginkorrak.
Alta epez kanpo eskatuz gero, jarduera hasi den hilaren 1ean izango da eraginkorra.
Bajaren berri jarduera bukatu eta hiru egunera eman daitekeen arren, posible izango da, baita ere, jarduera bukatu baino lehen eta, gehienez ere, 60 egun lehenago berri ematea.
Baja epearen barruan eskatzen bada eta jarduera hilaren azken egunean bukatu ez bada, interesdunak, urtean hirutan, gehienez ere, aukera izango du baja jardueraren bukaeran edo hilaren azken egunean eraginkorra izango den hautatzeko. Urtean zehar egiten diren gainerako bajak jarduera bukatzen den hilaren azken egunean izango dira eraginkorrak.
