Itzuli

Lan Autonomoaren lege berriaren giltzarriak

2017ko urriaren 25eko BOEn honako hau argitaratu da: 6/2017 LEGEA, URRIAREN 24KOA, LAN AUTONOMOAREN PREMIAZKO ALDAKETEI BURUZKOA. Legearen berrikuntzarik nabarmenenak:

1.- Legearen funtsezko xedeak:

  • Ekintzailetza-jarduera guztiei laguntzeko laguntza-neurri berriak garatzea.
  • Autonomoen diru-sarreren berezitasuna kontuan hartzea (ez dira finkoak ez ziurrak, eta aldakorrak dira) Gizarte Segurantzako kotizazioa egokitzeko eta administrazio-kargak murrizteko, ekintzailetza-jardueraren biziraupena bermatze aldera.

2.- Gizarte Segurantzako KOTIZAZIOA errazteko neurriak:

  • Kuotak ez ordaintzeagatiko ERREKARGUAK murriztu egingo dira (% 10era murriztuko dira, ordaintzeko epea amaitu eta hurrengo hilabete naturalaren barruan ordaintzen badira zor diren kuotak).
  • JARDUERA-ANIZTASUNEKO erregimenean dauden autonomoak (aldi berean Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean enpresa bateko besteren konturako langile gisa ere alta eginda dauden langileak): beren kotizazioek Estatuko Aurrekontu Orokorren Legeak xede horretarako ezartzen duen zenbatekoa gainditzen badute, gehiegizko kotizazioaren % 50 itzultzeko eskubidea izango dute ekitaldi bakoitzean, gehienez ere erregimen berezi horretan sartutako kuoten % 50era arte, derrigorrezko estaldurako kontingentzia arruntengatiko kotizazioagatik.
  • Kuotak murriztuko zaizkie langileei erregimen berezi horretan lehenengo aldiz alta ematean, alta emateak jarduera-aniztasuneko egoera badakar.
  • Jardueraren hasierako urteetan, kotizazioko HOBARIAK areagotu egingo dira:
    • Hasierako alta ematen dutenek edo aurreko ondoz ondoko bi urteetan alta-egoeran egon ez direnek hilean 50 euroko tarifa finkoa ordaintzeko eskubidea izango dute lehenengo 12 hilabeteetan (orain arte 6 hilabete bakarrik ziren), gutxieneko oinarria aukeratzen baldin badute. Gutxieneko oinarria baino handiagoa aukeratzen badute, kontingentzia arruntengatik ordaindu behar duten kuota % 80 murriztu ahal izango dute, erregimen berezian altan dauden lehenengo 12 hilabeteetan.
    • Erregimen berezian altan egondako lehenengo 12 hilabeteen ondoren, aukeratutako kotizazio-oinarria kontuan hartu gabe, murrizketa eta hobari hauek aplikatu ahalko dira, gehienez ere alta eman den egunaren ondoren 24 hilabete igaro arte, kontingentzia arruntengatiko kuotan: kuota % 50 murriztuko da hurrengo 6 hilabeteetan eta % 30 azken 6 hilabeteetan.
    • 30 urte baino gutxiago badituzte (edo 35 baino gutxiago emakumeen kasuan), eta hasierako alta eman badute edo ez badira alta-egoeran egon aurreko ondoz ondoko 2 urteetan, beste hobari gehigarri bat ere aplikatu ahal izango dute, % 30eko hobari gehigarria kontingentzia arruntengatiko kuotan, hobari-aldia amaitu eta hurrengo 12 hilabeteetan. Kasu horretan, murrizketen eta hobarien gehieneko iraupena 36 hilabetekoa izango da.
    • Norberaren konturako jarduera bati berrekiten bazaio kotizazio-onuren eskubidea izateko, aurreko ataletan zehazten den Erregimen Bereziko baja-aldia 3 urtekoa izan beharko da, baldin eta langile autonomoak onura horiek dagoeneko erabili baditu erregimen bereziko aurreko alta-aldian.
    • Halaber, aurreko ataletan xedatutakoa honako hauei aplikatuko zaie: batetik, Itsasoko Erregimen Bereziko 1. kotizazio-taldean dauden norberaren konturako langileei, eta bestetik, Autonomoen Erregimen Berezian edo Itsasoko Erregimen Berezian, 1. kotizazio-taldearen barnean dauden lan-sozietateetako kideei eta lan elkartuko kooperatibetako langile kideei.
    • Kotizazioan onurak izango dituzte desgaitasuna duten pertsonek ere, baita genero-indarkeriaren biktimek eta terrorismoaren biktimek ere, norberaren konturako jarduera lehenengo aldiz hasten dutenean edo berriz hasten dutenean.

 

3.- Gizarte Segurantzako erregimen berezian edo Itsasoko Erregimen Bereziko 1. kotizazio-taldean dauden langile autonomoen FAMILIAKO ETA LANEKO BIZITZA BATERAGARRI EGITEKO neurriak:

 

  • 12 hilabetez % 100eko hobaria jasotzeko eskubidea izango dute kontingentzia arruntengatiko autonomoen kuotan, honako baldintza hauek betetzen badituzte:
    • Hamabi urte baino gutxiagoko pertsona baten zaintza.
    • Mendekotasun-egoeran dauden edo desgaitasun larria duten senideen zaintza, baldin eta senide horrek ordaindutako jarduerarik egiten ez badu.
    • Kuotaren % 100eko hobaria honako aldi hauetan: amatasun-atsedena, aitatasun-atsedena, adopzioa, adoptatzeko zaintza, harrera, haurdunaldiko arriskua edo edoskitzaro naturaleko arriskua, baldin eta aldi horrek hilabete baino gutxiago irauten badu.
    • Amatasuna, adopzioa, adoptatzeko zaintza, harrera eta babesa direla eta jarduera eten duten emakume langileek, legeak ezarritako baldintzen arabera, jarduera eten eta hurrengo bi urteetan norberaren konturako jardueraren bat berriro egiten badute, hobari hau lortuko dute: kontingentzia arruntengatiko kuota, aldi baterako ezintasuna barne, 50 euro hileko izango da lanean hasi diren egunaren ondorengo 12 hilabeteetan, betiere gutxieneko kotizazio-oinarria aukeratzen baldin badute. Gutxienekoa baino kotizazio-oinarri handiagoa aukeratzen baldin badute,% 80ko murrizketa izango dute kontingentzia arruntengatiko kuotan, lehen aipatutako epean.

4.- Langile autonomoen FISKALITATEA argitzeko neurriak

PFEZaren zuzeneko zenbatespenean errendimendu garbia zehazteko, honako hauek izango dira gastu kengarriak:

  • Ordaindutako GAIXOTASUN ASEGURUAREN PRIMAK, bere estaldurari eta berarekin bizi diren ezkontidearen eta hogeita bost urtetik beherako seme-alaben estaldurari dagokien zatian. Kenkariaren gehieneko muga 500 eurokoa izango da pertsona bakoitzeko, edo 1.500 eurokoa desgaitasuna duen pertsona bakoitzeko.
  • Zergadunak bere ohiko etxebizitza zati batean jardueraren garapen ekonomikoarekin lotzen badu, ETXEBIZITZAREN HORNIDURA GASTUAK gastu kengarritzat hartuko dira; esaterako, ura, gasa, elektrizitatea, telefonoa eta Interneta. Kenkaria izango da etxebizitzaren azalera osotik jarduerara bideratzen den etxebizitzako metro koadroen proportzioaren % 30ekoa, portzentajea handiagoa edo txikiagoa dela probatu ezean.
  • Jarduera ekonomikoaren garapenean zergadunak izan dituen MANTENU-GASTUAK, baldin eta jatetxeetakoak eta ostalaritza-establezimenduetakoak badira eta ordaintzeko baliabide elektronikoak erabili baldin badira. Araubidez langileen dietentzako eta ohiko mantenu-gastuentzako ezarritako muga kuantitatiboak kontuan hartuta, hau da kenkaria: 26,67 euro egunean gastua Espainian gertatu bada edo 48,08 euro gastua atzerrian gertatu bada. Kopuru hauek bikoiztu egingo dira joan-etorrien ondorioz gaua igaro behar bada.

 

Neurri hauek ez dira oraindik PFEZari buruzko foru-arauetara ekarri Euskadiko Lurralde Historikoetan.

5.- Langile autonomoen KOTIZAZIOA hobetzeko neurriak

 

  • Ekitaldi ekonomikoaren uneren batean erregimen berezi horren barnean egondako langileen kasuan, EUREN ZERBITZURA BESTEREN KONTURAKO 10 LANGILE EDO GEHIAGO EDUKI BADITUZTE KONTRATATUTA aldi berean, hurrengo ekitaldirako gutxieneko kotizazio-oinarria Estatuko Aurrekontu Orokorren Legean zehaztuko da.
  • GEHIENEZ URTEAN 3 ALTEK IZANGO DITUZTE ONDOREAK JARDUERA EGIAZ HASTEN DEN EGUNETIK AURRERA (eta ez jarduera hasten den hilabeteko lehen egunetik, orain arte bezala)
  • KOTIZAZIO OINARRIA 4 ALDIZ ALDATU AHALKO DA, eta ez 2 aldiz orain arte bezala.

 

6. Parekatu egingo da IN ITINERE LAN ISTRIPUEN ondoriozko kontingentzien ondoreetarako

 

Lan-istriputzat hartuko da, halaber, jarduera ekonomikoa edo profesionala egin behar den lekurako joan-etorrietan izandako istripua. Ondore horietarako, zerbitzuak ematen diren lekua langile autonomoak bere jarduera egin ohi duen lekua izango da, bere etxebizitzarekin bat ez badator eta ondorio fiskaletarako jarduera ekonomikoarekin lotutako lokala, nabea edo bulegoa baldin bada.

 

Jose Angel Moral. Mutualiako lege-aholkularitzako abokatua

Lotutako berriak