Konstituzio Auzitegiak, maiatzaren 6an emandako 56/2019 epaian (RTC/2019/56), funtzionario publiko baten lan-jazarpenaren ondoriozko lan-jarduerarik gabeko egoeraren kontra Babesa eman du. Hala, integritate moralaren eskubidea bermatzen duen Europar Kontseiluaren 15. artikulua noiz urratzen den aztertzen du, eta gogoratzen du zein den lan-jazarpena kontzeptuaren jatorria eta bilakaera.

Psikologian sortu zen lan-jazarpenaren kontzeptua, ikuspegi teraupetikotik heltzeko, elkarrekin, ezaugarri komun hauek betetzen dituzten laneko estres egoera edo jokabide askotarikoei: errepikatu egiten dira denboran, ondorioz dakarte lan-baldintzak andeatzea edo liskarrak, eta helburua edo emaitza izaten dute langilearen integritate pertsonalari eraso egitea edo arriskuan jartzea.
Egoera edo jokabide horiek bultzatzen dituztenean enpresaren organigraman goragoko posizioa betetzen dutenek –eta hori izaten da, hain zuzen, ohikoena–, jazarpena “bertikal beheranzkoa” edo “instituzionala” dela esaten da. Lan-jazarpenaren helburuak era askotakoak izan litezke: otzana ez den langile bat errepresaliatzea; bazterrera uztea, ez ditzan nagusiak nabarmen utzi; beldurra ematea, produktibitatea igo dezan; edo jazarlearen izaera manipulatzailea edo erasotzailea asetzea (jazarpen “perbertsoa”), eta abar.
Erakunde pribatuen barruan, lan-jazarpenak helburu edo emaitza argi bat eduki ohi du, zeina den langile jazarriak borondatez lana uztea, era horretara, enpresak ez baitio ordaindu beharko bidegabeko kaleratzeari dagokion kalte-ordaina, baina herri administrazioetan, funtzionarioen erregimenaren berezitasunak direla-eta, langilearen bazterketa profesionala izaten da funtsa, askotan, eta hainbat arrazoik bultzatua izaten da (mendeku pertsonala, zigor ezkutua, bazterketa ideologikoa).
Orain dela gutxira arte ez da gaiari buruz kontzientzia sozialik edo instituzionalik egon, nahiz eta lan-jazarpen moduren bat jasan duten langileen ehunekoa kontuan hartzeko modukoa izan, eta are handiagoa den herri administrazioen esparruan [cfr. Europar Parlamentuak lantokian jasandako jazarpen moralari buruzko ebazpena, 2001/2339 (INI) zk. eta Europar Batzordeak gizartearen eta langilearen munduan gertatzen ari diren aldaketei egokitzeko moduari buruzko jakinarazpena: osasunaren eta segurtasunaren estrategia komunitario berria, COM (2002) 118 final].
Europar Kontseiluaren esparruan, Europar gutun sozial (RCL 1980, 1436, 1821) berrikusia izan zen lehenengo erreakzioa (Estrasburgon egina 1996ko maiatzaren 3an), zeinaren arabera lan-jazarpena “lanean duintasuna bermatzeko eskubidearen” kontrakoa den, eta izenpetzen duten alderdiek “neurri egokiak hartu behar dituzte langileei babesa emateko” (26. art.). Europar Batasunean, 2000/43/CE (LCEur 2000, 1850), ekainaren 29koa, eta 2000/78/CE (LCEur 2000, 3383), azaroaren 27koa, Kontseiluaren zuzentarauen ondorioz, zeinak diren tratu berdintasunari buruzkoak, Estatu kideek bazterketarekin zerikusia duten jazarpen kasuen kontrako neurriak hartu behar izan dituzte, besteak beste, “bermatu behar da alderdi demandatuari dagokiola tratu berdintasunaren printzipioari dagokionez ez dela inolako urraketarik gertatu” (8.1. eta 10.1. art., hurrenez hurren).
Espainiar legegilea hasi da arazoa prenbentzioaren, babesaren eta errepresioaren ikuspegitik kontuan hartzen. Aipatzekoak dira, azken ikuspegi horri dagokionez eta enplegu publikoari lotuta, alde batetik, Langile publikoaren oinarrizko estatutuari buruzko Legearen testu bateginaren 95.2 o) art. (LEEP –RCL 2015, 1695, 1838–), urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren –RCL 2015, 1695, 1838– bitartez onartua, non falta oso larri gisa tipifikatzen den “lan jazarpena”, eta, bestetik, Zigor Kodeko 173.1. artikuluaren bigarren paragrafoa –RCL 1995, 3170 eta RCL 1996, 777–, ekainaren 22ko 5/2010 Lege Organikoaren –RCL 2010, 1658– bitartez sartua, zeinak “integritate moralaren” kontrako delitu gisa tifikakatzen dituen “edozein lan-harremanetan edo funtzionarialetan behin eta berriro egindako etsaitasun egintzak edo egintza iraingarriak nagusitasun harremanaz baliatuta”, baldin eta “biktimaren kontrako jazarpen larria eragiten bada”.
Auzitegiak adierazten du, dagokion ikuspegi konstituzionaletik, kontuan hartu behar dela lan-jazarpeneko egoerek, helburua edo emaitza dutenez langilearen integritatearen kontra jardutea edo hura arriskuan jartzea, zerikusia dutela konstituzioan onartzen den pertsonaren duintasunarekin, integritate fisiko eta moralaren funtsezko eskubidearekin eta tratu irangarrien debekuarekin (CE 10.1 eta 15. art. –RCL 1978, 2836–).
Edonola ere, lan-jazarpenaren inguruko egoerak forma askotakoak direnez, funtsezko beste eskubide batzuei ere eragin diezaiekete, besteak beste, Konstituzioak artikulu hauetan aitortzen dituenak: pertsonaren duintasuna (10. artikulua), osotasun fisiko eta moralerako eskubidea, inoiz ezin direnak meneratu torturetara, ez eta zigor edo tratu ezgizakor edo itsusietara (15. artikulua), eta ohorerako, norberaren eta senitartekoen barrukotasunerako eta bakoitzaren irudirako eskubidea (18. artikulua). Era berean, botere publikoei agintzen die, 40.2. artikuluan, lanean segurtasuna eta higienea zaindu dezaten.
Susana Castaños
Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua
