Lan-kontrataziorako pizgarrien sistema berria onartu du Ministroen Kontseiluak
- Kontrataziorako pizgarriak kontratu mugagabeentzat dira batez ere
- Enpresa onuradunen betebeharrak sinplifikatu eta homogeneizatu egin dira
- Hobarien bidez finantzatutako kontratuetarako, kontratu pizgarriduna hasten denetik gutxienez hiru urtez altan eduki beharko du langilea enplegatzaileak.
- Gizarte Segurantzako hobariei dagokienez, hilabete natural oso bakoitzeko zenbateko bat ezarri da.
- Desgaitasuna duten edo genero-indarkeriaren edo sexu-indarkeriaren biktima diren pertsonentzako hobariek bere horretan jarraituko dute.
- Kontziliazioari lotutako kontratuek ere pizgarriak dituzte, kontratazio-aldi osoan
- Ceutan eta Melillan, kontratazio mugagaberako hobariak % 75eraino igo dira.
Kontratazioetarako hobari berriak
- Egoera berezietarako ordezkapenak. Hobaria duen aldi baterako kontratu bakarra da. Langabezian dagoen eta desgaitasuna duen pertsona bat kontratatzen bada aldi baterako ezintasunean dagoen eta desgaitasuna duen beste pertsona bat ordezkatzeko, 366 euroko hobaria izango da hilean, ordezkapenak irauten duen bitartean. Hobari hori bera izango da haurdunaldiko arriskuagatik, edoskitzeagatik, seme-alaben jaiotzagatik edo adingabeen zaintzagatik bajan dagoen langile bat ordezkatzeko langabezian dagoen eta 30 urte baino gutxiago dituen langile bat kontratatzen bada. Kasu honetan, bi kotizazioek izango dute hobaria, ordezkatutakoarenak eta ordezkatzen duenarenak: 366 euro bakoitzeko, ordezkapenak irauten duen bitartean.
- Genero-indarkeriaren, sexu-indarkeriaren, salerosketaren, lan-esplotazioaren edo prostituzioaren biktimen kontratu mugagabea. 128 euro hilean, lau urtean.
- Gaitasun intelektual mugatua duten pertsonen kontratu mugagabea. 128 euro hilean, lau urtean.
- Lanpostua aldatu bada haurdunaldiko edo edoskitzaroko arriskuagatik, edo lana gaixotasun profesional batera egokitzeko. 138 euro hilean, aldaketa horrek irauten duen denboran.
- Gizartean baztertuak izateko arriskua duten pertsonen kontratu mugagabea. 128 euro hilean, lau urtean. Laneratzeko enpresa batetik atera eta hurrengo urtean egiten bada lehenengo kontratua, 147 euro hilean lehen urtean. Gizartetik baztertuta geratzeko arriskuan daude: gutxieneko errentak jasotzen dituztenak eta haien bizikidetza-unitateko kideak; erroldan edo bizikidetza-unitatean behar adina denbora ez egiteagatik gutxieneko errenta horiek eskuratu ezin dituztenak, edo errenta horiek agortu dituztenak; adingabeen zentroetatik ateratako 18 eta 30 urte bitarteko pertsonak; droga-mendekotasuna edo beste mendekotasunen bat izan eta errehabilitazioan daudenak; espetxealdia lanarekin bateragarri egiten dutenak; eta ostatatze-zentro alternatiboetan edo gizarteratze-zerbitzuetan arreta jasotzen dutenak.
- 30 urte baino gutxiago dituzten eta kualifikazio-maila txikia duten pertsonen kontratu mugagabea —Batxilergoko titulurik edo erdi-mailako heziketa-ziklorik ez dutenena— edo gazteentzako berme-sistema nazionalaren parte direnena. 275 euro hilean, lau urtean. Hobari hau lege-dekretuaren indarraldiko lehen urteko kontratazioei aplikatuko zaie. Luzatu ahal izango da, behar adina diru badago.
- Terrorismoaren biktimen kontratu mugagabea. 128 euro hilean, lau urtean.
- Iraupen luzeko langabeen kontratu mugagabea, baldin eta aurreko 18 hilabeteetatik gutxienez 12tan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egon badira. 110 euro hilean hiru urtean, edo 128 euro emakumeak edo 45 urtetik gorakoak izanez gero.
- Prestakuntza-kontratuak mugagabe bihurtzea (128 euro hilean hiru urtean;147 euro emakumeak badira) eta errelebo-kontratuak (55 euro hilean; 73 emakumeak badira).
- Praktika-kontratua izatetik kooperatibetako bazkide langile izatera pasatzea. 138 euro hilean, hiru urtean. Desgaitasuna duen pertsona bat izanez gero, lan-harremanak irauten duen denbora guztian.
- Kooperatiba bateko bazkide bihurtzen diren langabeak. 73 euro hilean, hiru urtean. Lehenengo urtean 147 euro ordainduko dira 30 urtetik beherakoak badira edo % 33ko desgaitasuna edo handiagoa badute.
- Ikertzaileentzako doktorego aurreko kontratuak. 115 euro hilean, kontratuak irauten duen bitartean.
- Txandakako prestakuntzako kontratua. Hainbat hobari ditu: hilean 91 euroko bat, enpresako tutoretza konpentsatzeko beste laguntza batzuk, eta 28 euroko deskontua hilean langileak ordaintzen dituen kuotetan.
- Nekazaritzako aldi baterako langile izatetik aldizkako langile finko izatera aldatzea. 55 euro hilean hiru urtean; 73 euro emakumeak izanez gero. Hobari hau bi urtez bakarrik egongo da indarrean, irailean dekretua indarrean sartzen denetik kontatzen hasita.
- Turismo-enpresak (edo turismoari lotutako ostalaritza- eta merkataritza-enpresak), baldin eta otsailean, martxoan eta azaroan beren aldizkako langileei eusten badiete edo alta ematen badiete. 262 euro hilean, hil horietan.
- Ezintasun iraunkorragatik kargutik kendutako pertsona bati kontratu mugagabea egitea. 138 euro hilean, bi urtean. 55 urtetik gorakoa izanez gero, beste kategoria batean edo beste enpresa batean kontratatzen bada ere aplikatuko da.
- Kontratazio mugagabea Ceutan eta Melillan, sektore hauetan: nekazaritza, arrantza, industria (energia eta ura izan ezik), merkataritza, turismoa, ostalaritza eta beste zerbitzu batzuk, eraikuntza, finantzak, aseguruak eta higiezinen sektorea. 262 euro hilean, kontratuak irauten duen denboran, baldin eta urtean gutxienez 20 orduko prestakuntza-ekintzak egiten badira.
Orain arte bezala jarraituko duten hobariak
- 30 urte baino gutxiago dituzten edo 35 urte baino gutxiago izanik % 33ko desgaitasuna edo handiagoa duten pertsonen laneratze-enpresetako kontratuak. 147 euro hilean, kontratua indarrean dagoen bitartean, edo hiru urtean, mugagabeak badira.
- Desgaitasuna duten pertsonak kontratatzea. 375 euro hilean kontratuak irauten duen bitartean; 425 desgaitasun handia dutenetan. Emakumea bada, 70,83 euro gehiago emango dira. Eta 45 urte baino gehiago baditu, 100 euro gehiago. Halaber, % 100eko hobaria emango da desgaitasunen bat duten pertsonak ONCEn kontratatzeko, eta % 50ekoa prestakuntza-kontratuetarako.
- Etxeko langileak kontratatzea. Gainera, beste hobari batzuk ere izango dituzte; zehazki, haurdunaldiko arriskuagatik edo adin txikikoak zaintzeagatik lanean ari ez direnak edo genero- edo sexu-indarkeriaren biktima direnak ordezkatzeko 30 urtetik beherako langileei egindako kontratuei dagozkienak.
- Ikertzaileak kontratatzea. % 40, orain arte bezala, baina % 5 gehiago emakumeak edo 30 urtetik beherakoak badira.
- Lana uzten duten edo mugigarritasun geografikoa edo aldaketa eskatzen duten genero- edo sexu-indarkeriaren biktimentzako ordezkoak aldi baterako kontratatzea. Kuotaren % 100.
1/2023 Errege Lege Dekretuan (BOEn argitaratua) jasotako lan-kontrataziorako pizgarrien eta hobarien erreforma hori irailean sartuko da indarrean.
