
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak (BJKN) beste bi kasu gehitu dizkio web aplikazioari, eta, horri esker, posible da lan-kontratua azkentzeagatiko laneko kalte-ordainak kalkulatzea. Bi kasu horiek aldizkako langile finkoen lana eta familia-etxeko zerbitzuaren lan-harreman berezia dira, langile askori eragiten dieten bi kasu, alegia.
Tresna 2016an jarri zen martxan, eta gaur egun Karrera Judizialeko kideen, abokatuen, prokuradoreen, gizarte-graduatuen, langileen, sindikatuen, enpresen, Administrazioko letradunen eta, orokorrean, hiritarren esku dago. Orain arte, tresna horri esker, posible zen kalte-ordainak kalkulatzea, besteak beste, bidegabeko kaleratzeagatikoak, langileen beraien borondatez kontratua indargabetzeagatikoak, arrazoi objektiboak direla-eta kontratua indargabetzeagatikoak, kaleratze kolektiboengatikoak, mugikortasun geografikoengatikoak edo lan-baldintzak nabarmen aldatzeagatikoak.
BJKNk adierazi duenez, aplikazioak segurtasun juridikoa eskaintzen du. Izan ere, emaitzak lotesleak ez badira ere, aplikazio horri esker posible da kontratu bakoitzari dagokion kalte-ordaina kalkulatzea, betiere, legeak finkatutako azkentze-arrazoien arabera, eta legea interpretatzen duen eta indarrean dagoen jurisprudentzia-doktrina oinarri hartuta.
