COVID-19aren pandemiak sortutako ohiz kanpoko egoeraren ondorioz, aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak ugaritu egin dira, eta horietako asko lanaldi partzialekoak dira. Zoritxarrez, egoeraren ondorioz, espediente horien kopuru handi batean, enpresaren jarduera eta, hortaz, lan-harremanak iraungiko dira.
Langileen Estatutuan kaleratze-mota desberdinetarako aurreikusten diren kalte-ordainek, besteak beste iraungipenarekin amaitzen diren ABEE-en kaleratze objektiboari dagokionak (LE, 53. art.), hileko soldata erabiltzen dute kalkulurako unitate gisa, eta lan-harremana amaitzen denean jasotzen dena jotzen da halakotzat. Iraungitzeko erabakiaren aurretik lanaldi murriztuko ABEE bat baldin badago, zalantza sor daiteke, kalte-ordainetarako kontuan hartu beharreko hileko zenbatekoa ABEE aurreko lanaldi osoari dagokiona den edo lanaldi partzialarekin bat etorrita proportzioan murriztutakoa den, batez ere aintzat hartu beharreko hileko saria iraungitzeko unean indarrean dagoena bada.
Auzi hori dagoeneko ebatzi zuen Auzitegi Gorenak pandemiaren aurreko garaian, zehazki 2018ko ekainaren 27ko epaian (Kasazio-errekurtsoa doktrina bateratzeko, 2655/2016 zk.), eta ondorio horietarako kontuan hartu beharreko hileko zenbatekoa lanaldi osoari dagokiona dela baieztatzen du, ez ABEE bitartean lanaldi partzialean murriztutakoa.
Epaiaren arabera, ABEE indarrean dagoen bitartean lanaldia murrizteko neurria enpresaren ekimenez eta interes nagusiaren ondorioz datorren neurria da, eta murrizketa iragankorra da, kaleratzeak zapuzten duen harremanaren izaera mugagabearen aurrean. Salak adierazten du lanaldi murriztuari dagokion ordainsaria soldata-modulu gisa onartzeak lege-iruzurra ekarriko lukeela, onartuko bailuke lanaldi-murrizketa kaleratzea merkatzeko aitzakia gisa erabiltzea.
Gogoan izan behar da, kaleratze objektiboagatiko kalte-ordainaren zenbateko behar baino txikiagoa ordainduz gero, bidegabekotzat jo daitekeela, eta, ondorioz, zenbatekoa handitu egin behar dela. Beraz, garrantzitsua da azaldutako irizpidea kontuan hartzea, kalkulu-akatsik ez egiteko lan-harremanaren amaiera ezinbestean saihestezina denean. Auzitegi Gorenak horri buruzko irizpide argi bat finkatzeak zaildu egingo luke kalte-ordainaren kalkuluan akats barkaezina alegatzea, kaleratzea bidegabekoa dela ez deklaratzeko; beraz, kontuan hartu behar da.
Iñaki Esnal
Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua
