Gaur egungo lanetan, lanaldi luzeak egiten ditugu ordenagailu aurrean, zeregin askok sedentarismoa sustatzen dute, edo eskakizun fisiko handiko lan errepikakorrak egiten ditugu; horregatik, jarduera fisikorik ezaren ondorioak lehentasunezko gai bihurtu dira. Enpresetan, zeinetan berrikuntza eta produktibitatea funtsezko zutabe baitira, langileen osasuna hobetzen duten estrategiak erabiltzeak eragina izan dezake emaitzetan.
Bizimodu sedentarioak eragin negatiboa du osasunean, oro har, baina baita osasun muskulueskeletikoan ere. Eta horrek, langileei ez ezik, enpresei ere eragiten die, laneko bajak ugaritzen baitira, eta errendimendua murrizten. Hala ere, konponbidea ez da lanetik kanpo ariketa-saio luzeak egitea; mugimendua laneko eguneroko martxan txertatzea da gakoa.
Etenaldi aktiboak: luzaketak baino gehiago
Etenaldi aktiboak luzaketa hutsa baino gehiago dira orain. Nahiz eta luzaketak eraginkorrak diren muskulu-tentsioa murrizteko, berriki egindako ikerketek erakutsi dute indar-ariketak oso garrantzitsuak direla. Erresistentzia-ariketek, hala nola banda elastikoak edo norberaren gorputz-pisua erabiliz egindakoek, aukera ematen dute jarrera iraunkorretan eta mugimendu errepikakorretan parte hartzen duten muskuluak indartzeko, eta horrek, mina prebenitzeaz gain, langileen gaitasun funtzionala hobetzen du.
Mugimendu-snackak: dosi txikiak, emaitza handiak
Ikusten ari gara mugimendu-snackak estrategia sinple eta eraginkorra direla sedentarismoaren ondorioei aurre egiteko. Jarduera-aldi laburrak dira (1-5 minutu), eta ariketa hauek egin daitezke, besteak beste: eskailerak igo eta jaitsi, aulki batean eseri eta altxa edo besoen indarra lantzeko ariketak egin. Ariketa erraz horiek astean pare bat aldiz egiteak eragin positiboa du langileen osasunean eta ongizatean.
Lan-ingurunean duten onura
Osasun fisikoa hobetzeaz gain, laneko ariketa-programek eragin zuzena dute taldearen gogo-aldartean eta kohesioan. Gogobetetze-maila hobetzen eta enpresarekiko konpromisoa indartzen dituzte. Arlo ekonomikoari dagokionez, etenaldi aktiboetan inbertitzeak lagundu dezake gaixotasun-bajei eta nahasmendu muskulueskeletikoek eragindako tratamendu medikoei lotutako kostuak murrizten.
Aldaketarako gonbita
Irabaziak maximizatzeko, funtsezkoa da erakunde bakoitzaren behar espezifikoetara egokitutako programak diseinatzea eta inplementatzea. Askotariko aukerak daude: hasi mugimendua erraztuko duten egokitzapen ergonomikoetatik eta profesionalek gidatutako etenaldietaraino. Izan ere, mugimendua, beharra ez ezik, etorkizuneko inbertsioa ere bada.
Jarri harremanetan gurekin, eta jakin nola inplementatu ditzakezun estrategia horiek eta nola egin dezakezun zure lan-ingurunea osasuntsuagoa eta produktiboagoa!
Erreferentziak
● Panahi, S., & Tremblay, A. (2018). “Sedentariness and health: is sedentary behavior more than just physical inactivity?”. Frontiers in Public Health, 6, 258.
● Luger, T., Maher, C. G., Rieger, M. A., & Steinhilber, B. (2019). “Work-break schedules for preving musculoskeletal symptoms and disorders in healthy workers”. Cochrane Database of Systematic Reviews, (7).
● Parry, S. P., Coenen, P., Shrestha, N., O’Sullivan, P. B., Maher, C. G., & Straker, L. M. (2019). “Workplace interventions for increasing standing or walking for decreasing musculoskeletal symptoms in sedentary workers”. Cochrane Database of Systematic Reviews, (11).
● Da Costa, B. R., & Vieira, E. R. (2008). “Stretching to reduce work-related musculoskeletal disorders: a systematic review”. Journal of Rehabilitation Medicine, 40(5), 321-328.
● Parra Vera, M. F., González Herrera, R. A., Ñiripil Árias, N. E., & Guzmán Muñoz, E. E. (2024). Efecto de pausas activas en la disminución de trastornos musculoesqueléticos de extremidades superiores en oficinistas. Revista de la Asociación Española de Especialistas en Medicina del Trabajo, 33(2), 209-217.
