Lanaren Nazioarteko Erakundearen arabera, “arrisku psikosozialak oinarritzen dira, alde batetik, lanaren, haren ingurunearen, laneko gogobetetzearen eta erakundeko kondizio fisikoen arteko interakzioetan eta, beste alde batetik, langilearen gaitasunetan, premietan, kulturan eta lanetik kanpo duen egoeran, eta, pertzepzio eta esperientzien bidez, laneko osasunean, jardunean eta asebetetzean eragin dezakete”.
Lan-baldintzek zuzeneko lotura dute lanaren antolamenduarekin, haren ingurune sozialarekin eta lanaren edukiarekin. Laneko zereginak egiteak langilearen osasun fisikoari eta psikikoari eragin diezaioke.
Arrisku psikosozialen ebaluazioa
Arrisku psikosozialen ebaluazioa tresna bat da bere horretan, eta haren helburua da enpresa baten edo enpresa horren eremu partzialen diagnostiko psikosoziala egitea, detektatutako arriskuen eta ingurunearen araberako hobekuntza-jarduerak ezartzeko.
NTP 702: Faktore psikosozialen ebaluazio-prozesua dokumentuan jasotzen dira ebaluazio-prozesuaren faseak; hauek dira:
Arrisku-faktoreen identifikazioa
Bi helburu nagusi ditu:
- Aztertu beharreko egoeran dauden arrisku psikosozialeko faktoreak mugatzea. Lanaren azterketari, langileen iritziari, enpresaren dokumentazioaren azterketari (adibidez, absentismo-tasak) eta bestelako tresna batzuei esker mugatzen dira faktore horiek.*1
2) Azterketa-unitateak (lanpostuak dira unitate nagusiak, baina komeni da beste antolamendu-unitate batzuk ere definitzea) eta biztanleria definitzea; langile guztiek parte hartzeko ahalegina egin behar da.
Metodologia eta teknikak hautatzea
Datuak jasotzeko metodologia hautatzeko garaian, kontuan hartu behar dira erakundearen ezaugarriak, ebaluatuko diren faktore zehatzak (aldez aurretik mugatu behar dira) eta hautatutako azterketa-unitateak. **2
Hauek bereizten dira:
- Metodologia kuantitatiboa, zeinak formularioen bidez aztertutakoaren datuei buruzko informazioa ematen baitu.
- Metodologia kualitatiboa, zeinak elkarrizketa eta eztabaida-taldeen bidez aztertutako fenomenoa azaltzen baitu.
Metodo bata ala bestea hautatzeko, komeni da zenbait alderdi kontuan hartzea, hala nola ebaluazioaren helburua (hasierako edo aldizkako ebaluazioa egitea, langile-taldeak edo faktoreak konparatzea…), ebaluazioa egiteko bideragarritasun erreala (denbora, kostua, anonimatua eta konfidentzialtasuna bermatzeko modua…) eta biztanleriaren ezaugarriak (maila kulturala, hizkuntza…). Gainera, kontuan izan behar da konfiantza izan behar dela erabilitako ebaluazio-metodoak emango duen emaitzan (39/1997 EDaren 5. artikulua).
Metodologia aplikatzea eta teknikak – Faktoreen azterketa
Dena delako metodologia aplikatzeko, langileen parte-hartzea bultzatu behar da, aztertu nahi denari, erabiliko den metodologiari, egingo den moduari eta tokiari (elkarrizketak badira), aurreikusten diren epeei, anonimatua eta datuen konfidentzialtasuna bermatzeko moduei eta bestelako alderdi batzuei buruzko komunikazio eta sentsibilizazio egokia eginez. Ondoren, datuak modu egokian jaso beharko dira; prestakuntza egokia jaso duten teknikariek egin beharko dute.
Emaitzen azterketa eta txostena lantzea – Faktoreen ebaluazioa
Egin beharreko lehenengo ekintzetako bat da lortutako erantzun-tasa egiaztatzea, hark zehaztuko baitu adierazgarritasuna eta, horrenbestez, lortutako datuak baliagarriak diren ala ez. Erantzun-tasa baxuak zenbait arrazoiren ondoriozkoak izan daitezke, eta arrazoi horiek ere aztertu behar dira.
Emaitzak lortu ondoren, informazio hori arriskuen ebaluazio-txostenean jaso behar da. Txosten horretan, arrisku-faktoreak eta haiekiko esposizioa duten langileak zehaztuko dira, arrisku-maila zehaztuko da hautatutako metodoaren arabera, eta hobetzeko proposamenak jarduera eta proposamenak (espezifikoak izan beharko dute, eta egindako ebaluazioarekiko lotura zuzena eduki beharko dute) emango dira detektatutako arrisku bakoitzeko. Neurriak honelakoak izan daitezke: prebentiboak edo antolamenduari dagozkionak; esku-hartzekoak edo aurre egitekoak; eta, azkenik, babes-neurriak edo errehabilitaziokoak.
Lan-arriskuen Prebentzioari buruzko 31/1995 Legean jasotzen denez, arrisku-ebaluazioek laneko agintaritzaren eskura egon behar dute.
Esku hartzeko programa lantzea eta martxan jartzea
Ebaluazioaren emaitzetan arrisku-egoerak agertzen badira, arrisku horiek ezabatzeko, murrizteko edo kontrolatzeko beharrezko prebentzio-jarduerak zehaztutako dira, ezarritako lehenespenaren arabera. Enpresariak planifikatu beharko ditu jarduera horiek, eta alderdi hauek barne hartu beharko ditu prebentzio-jarduera bakoitzeko: epea, arduradunen izendapena eta beharrezko giza baliabideak eta baliabide materialak.
Hartutako neurrien jarraipena eta kontrola – Arriskuen kudeaketa
31/1995 Legearen 16. artikuluan jasotakoaren arabera, “Enpresaburuak ziurtatu beharko du plangintza horretara bildutako prebentzio-jarduerak benetan betetzen diren; horretarako, plangintzaren gainean etengabeko segimendua egingo du.” .
ESTEKA INTERESGARRIAK:
Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Institutu Nazionalak lanean arrisku psikosozialak kudeatzeko dokumentu eta tresna ugari ditu, hala nola:
- Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Institutu Nazionalaren faktore psikosozialak ebaluatzeko programa (FPSICO), “FPSICO metodoa. Faktore psikosozialak. Ebaluazio-metodoa”; dagoeneko 4.1 bertsioa atera da, eta “NTP 926: Faktore psikosozialak: ebaluazio-metodologia” dokumentuan jasotzen diren helburu tekniko eta funtzionalak ditu, eta “NTP 702: Faktore psikosozialak ebaluatzeko prozesua” dokumentuan bermatzen da.
- Eta, halaber, Arrisku psikosozialak kudeatzeko oinarrizko jarraibideak
- Sentsibilizatzeko eta kudeaketara hurbiltzeko kanpaina bat, bideoen bidez egina: Arrisku psikosozialaren kudeaketari buruzko bideoak
- Eta Faktore psikosozialak enpresa txikietan ebaluatzeko eta kudeatzeko metodoa
- NTP 703: Arrisku psikosozialak ebaluatzeko COPSOQ (ISTAS21, PSQCAT21) metodoa
OSALANek PSICOPREBEN izeneko atari bat du, eta han jasotzen dira Gida: Nola kudeatu arrisku psikosozialak enpresan eta Gida-liburua: Arrisku psikosozialen eta antolamendukoen hastapenak .
- Arrisku-faktoreak
Arrisku psikosozialen sailkapena askotarikoa izan daiteke, eta arrisku psikosozialen ebaluaziorako metodoek sailkapen desberdinak erabiltzen dituzte. Ikuspegi teoriko desberdinak daudelako gertatzen da hori.
Adibide gisa, Arrisku Sozialaren Kudeaketarako Europako Taldeak (PRIMA) egindako sailkapena jaso dugu.
• Lanaren edukia: monotonia, zentzurik gabeko zereginak, zatikatzea, lan-aldaketarik eza, egin nahi izaten ez diren zeregin desatseginak.
• Lan-karga eta -erritmoa: gehiegizko lan-karga edo karga baxuegia, denborari dagokion presioa, epe estuak.
• Lan-denbora: ordutegi oso luzeak edo aurretik jakin ezinekoak, txandakako lana, gaueko lana.
• Parte-hartzea eta kontrola: parte-hartzerik ez erabakiak hartzeko prozesuetan, kontrolik eza (adibidez, laneko metodoari edo erritmoari, ordutegiei, inguruneari eta bestelako alderdi batzuei dagokienez)
• Antolamendu-kultura: komunikazio urriak, laguntza urria arazoak daudenean edo garapen pertsonalean, helburuak ez definitzea.
• Harreman pertsonalak: bakartzea, harreman urriak, harreman txarrak, gatazkak, jokaera desegokiak.
• Rola: rolaren anbiguotasuna, rol-gatazka, pertsonekiko ardura.
• Garapen pertsonala: lanaren balioeste urria gizartean, laneko ziurgabetasuna, sustapenik eza edo gehiegizko sustapena
↩︎ - Ebaluazio-metodoak:
• Araudiak ez du zehazten zer metodo erabili behar den arrisku psikosozialak ebaluatzeko, Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Institutu Nazionalak ez dauka berariazkorik eta ez dago UNE araurik. Beraz, konfiantza pizten duten erakunde aintzatetsien gida eta metodoak erabiliko dira.
• Teknika kuantitatibo ugari sortu da horretarako. Hona hemen erabilienen zerrenda ez-oso bat:
Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Institutu Nazionalaren F-PSICO metodoa
Enpresa txikietan faktore psikosozialak ebaluatzeko eta kudeatzeko Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Institutu Nazionalaren metodoa.
CopSoq Istas 21 metodoa: bertsio laburra, 25 langile baino gutxiago dituzten enpresetarako; bertsio ertaina, 25 langile edo gehiago dituzten enpresetarako. Etxearen eta lanaren arteko interakzioa: presentzia bikoitzaren arazoak, exijentzia-gatazka ↩︎
