Itzuli

Laneko estresa

Buruko nekeak edo neke fisikoak eragindako egoera da estresa, eta, baliabide baino eskakizun-maila handiagoko egoeren aurrean, eragindako pertsonak gainezka egiten duenean gertatzen da; egoeraren aurrean erreakzionatzeko gaitasun ezak frustrazioa eragiten du. Lan esparruan azken urteotan gertatu diren aldaketa ugariak direla-eta, estresak eragindako gero eta kasu gehiago daude. Hauek dira arrazoietako batzuk:

– Lan-gainkarga.

– Erabakietan parte hartu ezin izatea.

– Gehiegizko erantzukizuna.

– Ingurumen faktoreak (zarata, argiztapena, etab.).

– Giro txarra lankideen artean.

– Soldata baxuak.

– Motibazio falta.

Erreakzio horrek osasunari eta pertsonen arteko harremanei eragin diezaieke, hala lan esparruan nola esparru pertsonalean. Lan estresak jotako pertsona batek sintomahauetakoren bat izan dezake, bai psikologikoak bai fisikoak:

– Fisikoak: insomnioa, buruko mina, digestio motelak, gose eza, arazo kardiobaskularrak, diabetesa, inpotentzia, alopezia, giharretako mina, etab.

– Psikologikoak: gehiegizko kezka, erabakiak hartzeko ezintasuna, suminkortasuna, ahazte etengabeak, kontzentratzeko ezintasuna, drogekiko mendetasuna, depresioa, etab.

Laneko esparruan, patologia honek eragin negatiboa izan dezake pertsona horrek lanean duen errendimenduan. Egoerak lankideekiko eta buruekiko harremanetan eragiten badu, gatazkak sor daitezke eta harremana hondatu egin daiteke. Beste modu batean esanda, laneko estresak produktibitatea murriztu eta lan-giro txarra eragiten du.

Bestalde, erakundeetan estresa saihesteko, AEBko Segurtasunerako eta Lan Osasunerako Institutu Nazionalaren honako aholkuei jarraitu dakieke:

– Langileen bizitza pribatuan gatazkarik eragiten ez duten lan-ordutegiak diseinatzea.

– Langileei euren jardunean eragina duten erabaki edo ekintzetan parte hartzen uztea.

– Lan-kargak langilearen gaitasunak eta baliabideak gainditu ez ditzan kontrolatzea, eta zeregin berriari ekiten hasi baino lehen indarberritzeko aukera edukitzea.

– Zereginak modu zentzudunean eta estimulatzailean diseinatzea, langile bakoitzak bere erantzukizunpean izango duen zeregina ondo zehaztuta.

– Gizarte interakziorako aukerak sortzea, lanean babes morala eta laguntza eskainita.

– Ibilbide profesionalaren garapena sustatzea eta lan-egonkortasunaren inguruko gaian anbiguotasunak saihestea.

Bestalde, lanean estresa eragiten duten zenbait egoera kontrolpean mantendu daitezke, aholku hauei jarraituta:

– Buruekin harremanetan egotea, lankideekin arazorik badago edo lantokiko ingurumen-egoerak kaltegarriak badira, adibidez.

– Erlaxazio teknikak praktikan jartzea, kaltegarriak izan daitezkeen estres-egoerak kontrolpean izateko.

– Kirola egitea eta osasuntsu jatea.

– Behar besteko denboran lanetik deskonektatzea, burua argitzeko.

– Egunean 7-8 orduz lo egitea.

Lotutako berriak