Urriaren 31n amaitzen da Langile Autonomoen Araubide Bereziari atxikitako langile guztiek, zeinak aurreko ekitaldietatik hona lanean baitihardute, Gizarte Segurantzaren aurrean beren jardueraren urteko etekinen nahitaezko aitorpena aurkezteko epea.
Aitorpen hori nahitaezkoa da autonomoen kotizazio-sistema berriari atxikitzeko egintza delako; sistema 2023tik aurrerako jarduera-etekin errealetara egokituko da. Oraindik aurkeztu ez dutenek 2022ko abenduan aplikatzen zuten kotizazio-oinarriaren arabera kotizatu dute ekitaldi honetan, behar bezala eguneratuta. Egoera iragankor hori ezingo da luzatu aitorpena nahitaez aurkeztu beharreko datatik aurrera, eta 2023ko urtarrila-urria bitartean egindako kotizazioak Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak erregularizatu beharko ditu, aitortutako etekinekin behar bezala harmonizatzeko, betiere desbideratzerik ikusten bada.
Aitorpena telematikoki aurkeztu behar da ImportaSS atariaren bidez. 2023ko ekitaldirako zenbatetsitako urteko etekin errealak jakinarazi behar dira. Datu hori zehaztasun nahiko handiarekin kalkulatu daiteke, ekitaldia aurreratu ahala lortutako etekinak abiapuntu hartuta.
Gastu orokorren murrizketa aplikatuta —kasuaren arabera, % 3 edo % 7 izango da—, 2023ko azarotik aurrera aplikatu beharreko hileko kotizazio-oinarria komunikatutako datuetatik lortuko da, eta, ondoren, indarrean den kotizazio-tasarekin biderkatuta kalkulatuko da kuota. Kotizazio-oinarri horrek, zeina aitortutako etekinen emaitza baita, berekin dakar kotizatzailea 2023. urterako ezarritako eskalaren kotizazio-tarte jakin batean kokatzea (eskala taula orokorrekoa zein taula murriztukoa izan daiteke). Gainera, kotizatzaileak egokitzat jotzen duen oinarria aukeratu ahal izango du aitortutako etekinengatik esleitu zaion tartearen barruan, eta, behar izanez gero, aldatu ere egin ahal izango du horretarako ezarritako bi hileko leihoetako edozeinetan.
Aitorpena adierazitako epean egiten ez badu, langileak ez du beteko informazioa emateko betebeharra. Ondorioz, batetik, falta astun gisa hartuko da, eta, bestetik, erregularizazio posible batek eragindako zorrak errekargua eta interesak izango ditu, epe barruan aitortutako etekinetan egindako kalkulu-akatsen ondorioz sortutako ohiko erregularizazioan ez bezala.
Iñaki Esnal Zalakain
Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua
