Azkenaldian, enpresa batzuek, langile bat bere laneko betebeharrak betetzen ari ez delako susmoa dutenean, GPS bat instalatu dute langilearen ibilgailuan, susmoa zuzena zen ikusi eta, langilea bere betebeharrak betetzen ari ez zela egiaztatuta, zegozkion neurriak hartzeko.
Horren aurrean, langileek erantzun egin dute, jarrera horrek beren intimitatea urratzen duela eta modu horretan lortutako probak baliogabeak direla argudiatuta.
Zehazkiago, kasu batean enpresa batek bajan zegoen langile bati jarraipena egitea erabaki zuen. Horretarako, detektibe bat kontratatu zuten eta GPS bat instalatu zuten langilearen ibilgailuan. Horrela ikusi zuten, baja medikoan egon arren, bost egunetan bere laneko betebeharren antzeko jarduerak egin zituela (ibilgailu bat gidatzea, obratik obra joatea eta noizean behin pisuren bat garraiatzea).
Jarduera horiek egiaztatuta, enpresak langilea kaleratu zuen, enpresaren konfiantzaz abusatzeagatik eta kontratuko fede ona urratzeagatik.
Gatazka epaitegietara heldu zen, eta ebatzi zuten kaleratzea deuseza zela eta erabilitako froga baliogabea zela, konstituzioak aitortzen duen intimitaterako eskubidea urratuz lortu zelako.
Horretarako Auzitegi Konstituzionalak intimitaterako eskubidearen inguruan ezarritako doktrina hartzen da oinarri bezala (2000ko azaroaren 30eko STC 292/2000 epaia, 2001eko maiatzaren 29ko STC 119/2001 epaia, 2006ko martxoaren 27ko STC 89/2006 epaia, besteak beste). Doktrina horrek pertsonaren pribatutasuna babesten du injerentzien aurrean eta teknologikoki aurreratua den gizarte batean sor litezkeen arriskuen aurrean. Horretarako, 1/1982 Lege Organikoaren 7.2 artikuluan xedatutakoa hartzen da kontuan. Bertan ezartzen denez, entzuteko edo grabatzeko gailuak edo pertsonak errekonozitzeko beste edozein bitarteko erabiltzea esku-hartze neurrigabea da. Gainera, enpresariek (Langileen Estatutuko 4.2 eta 20. artikuluak) eta detektibe pribatuek (Segurtasun Pribatuari buruzko 23/1992 Legearen 19.1 a) artikulua) gaindi ezin ditzaketen mugak ere ezartzen dira arauetan, eta ondorioztatzen da langile baten jarraipena egiteko GPS bat instalatzea legearen kontrakoa dela eta, ondorioz, enpresak bitarteko horren bidez lortzen duen informazioak ondoriorik ez duela.
Detektibeak egindako jarraipen pertsonala ere baliogabetu zuen epaitegiak, detektibeak tresna horren bidez lortutako datuak baliatu zituelako langilea une oro non zegoen jakiteko.
Horregatik, modu horretan eskuratutako froga legez kanpokoa eta deuseza dela ezartzen da eta, ondorioz, deuseza da ere froga horretan oinarritzen den kaleratzea (EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren 2011ren maiatzaren 10eko epaia).
Irizpide bera aplikatu zen bete kasu batean ere. Langileak zegokion ordutegia eta egitekoak betetzen ez zituelako susmoa zuen enpresariak eta, bere ibilgailuan GPS bat jarrita, detektibe bat kontratatu zuen hura jarraitzeko. Horrek ikusi zuen lan-ordutegian, laneko eginbeharrak egin ordez, langileak egiteko pertsonal batzuk egin zituela, eta enpresak langilea kaleratu zuen.
Epaitegiak horrela lortutako froga deuseza zela ebatzi zuen, bitartekoa ez zelako proportzionala edo egokia enpresariak egin nahi zuen egiaztapenerako. Ondorioz, kaleratzea bidegabea izan zela ebatzi zuen. Izan ere, beste bitarteko batzuen bidez langileak bere egitekoak betetzen ez zituela egiaztatu zen arren (nahiz eta bitarteko horiek detektibearen lanean izan zuten eragina aipatu ez), laneko ez-betetze horren proportzioa eta enpresari eragindako kalte egiaztagarri baten falta ikusita, kaleratzea bidegabea eta ez deuseza zela ebatzi zen (EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren 2012ko otsailaren 14ko epaia).
Honen guztiaren ondorioa, beraz, honako hau da: langileak bere egitekoak betetzen ez dituela egiaztatzeko bere ibilgailuan jarritako GPS bat jartzeak intimitaterako eskubidea urratzen du eta ez da proportzionala edo egokia lortu nahi den helburuarentzat. Ondorioz, froga baliogabea da, horretan oinarrituta hartzen den beste edozein neurri bezalaxe.
Pedro Fraile. Mutualiako lege-aholkularitzako abokatua