Itzuli

Langileen jardunaren erregistroa derrigorrezkoa izango da

Espainiako Gobernuak langile bakoitzaren lanaldia erregistratu nahi du, hasiera eta bukaera ordutegiekin, enpresek pairatzen duten lan-prekarietateari aurre egiteko asmoz. Neurri berria indarrean sartuko da heldu den maiatzaren 12an.

Gizarte babeserako eta lanaldiari loturiko lan prekarietateari aurre egiteko premiazko neurriei buruzko martxoaren 8ko 8/2019 Errege Lege-dekretuak (2019ko martxoaren 12ko BOE) urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina aldatzen du. Aurrerantzean, honela geldituko da testua:

1. 34.7 artikulua aldatuko da, eta jarraian adierazten den moduan idatzita geldituko da:

           “Lanaren, Migrazioen eta Gizarte Segurantzaren Ministerioko titularrak proposatuta, eta ordezkaritza handieneko sindikatu eta enpresaburuen erakundeei entzun ondoren, lanaldiaren eta atsedenaldien antolamendua eta iraupena mugatu edo zabaldu ahal izango ditu Gobernuak, baita lanaldi erregistroaren betebeharraren espezialitateak ere, beren berezitasunak direla medio hala eskatzen duten sektore, lan eta kategoria profesionaletarako.”

2. 34. artikulua aldatuko da, 9. atala erantsiz; honako testu hau, hain zuzen:

          “Enpresak lanaldiaren eguneroko erregistroa bermatuko du; erregistro horretan, langile bakoitzaren lanaldiaren hasiera eta amaiera ordu zehatzak agertuko dira, artikulu honetan ezarritako ordutegi malgutasunaren kalterik gabe.

Hitzarmen kolektiboaren edo enpresa akordioaren bidez edo, halakorik ezean, enpresaburuak aldez aurretik enpresako langileen legezko ordezkariei kontsulta eginda antolatu eta dokumentatuko da lanaldi erregistroa.

Enpresak 4 urtez gordeko ditu arau honetan aipatzen diren erregistroak, eta eskuragarri izango dituzte langileek, haien legezko ordezkariek nahiz Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzak.”

Ikusten denez, arauak ez du aurreikusten lanaldi erregistroa antolatzeko eta dokumentatzeko modu zehatzik, baina etorkizunean auzitegiek, arau hori interpretatzeko orduan, zalantzarik gabe kontuan hartuko dituzten funtsezko bi alderdi aipatzen ditu, enpresaren bi obligaziori dagozkionak:

  • Lanaldi erregistroa bermatzea
  • Erregistroaren antolaketa eta dokumentazioa adostea, eta, akordiorik ezean, aldez aurretik langileen legezko ordezkariei kontsulta egitea

Langileen ordezkariekin adostuz gero erregistro orrien edukia eta erregistroaren antolaketa, auzitegiek, seguru asko, adostasun horri balioa emango diote, lege iruzurreko egoera jakinik ez badago.

Enpresak langile guztien lanaldi erregistroa bermatzeko moduari buruzko akordiorik ezean, berriz, berme gehiago emango ditu erregistro automatikoak, automatikoa ez denak baino.

Arauak ez du inolako sistemarik lehenesten, arrazoizkoa denez, ezagutu arte Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren interpretazioa, garapeneko araudia, Lanaren, Migrazioen eta Gizarte Segurantzaren Ministerioaren jarraibideak edo Auzitegi Gorenaren edo Justizia Auzitegi Gorenen epaia.

Lanaldi erregistroaren neurri hau BOEn argitaratu eta bi hilabetera izango da aplikagarria, hau da, 2019ko maiatzaren 12an.

Lotutako berriak