Ekainaren 28a LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna da. Lesbianen, gayen, bisexualen, transexualen eta intersexualen eskubideak aldarrikatzen dira egun horretan. Egun hori aukera bat da aniztasuna ikusgai jartzeko, gizarte berdinzaleago eta toleranteago baten alde egiteko, eta, batez ere lan-arloan, oraindik irauten duten erronkei buruz hausnartzeko.
Aniztasuna eta berdintasuna enpresetan
“Bizi garen gizartearen aniztasunaren isla izan behar dute enpresek. Hala ere, errealitatean ez da hori gertatzen”, dio Ignacio Lekunberri Mutualiako zuzendari kudeatzaileak. Legedian eta kontzientziazio sozialean aurrerapausoak eman diren arren, LGBTI+ pertsona askok diskriminazioari eta aurreiritziei aurre egin beharra dute oraindik lan-eremuan. Eta funtsezkoa da enpresek inklusio- eta berdintasun-politikak gauzatzea eta langile guztiak errespetatuak eta baloratuak sentituko diren ingurunea sustatzea.
Joan den maiatzean, Aniztasunaren Astea ospatu zuen Mutualiak. Prestakuntzako eta kontzientziazioko hainbat ekimen egin dira, hala nola “Aniztasuna enpresetan. Erronkak eta aukera” gaiari buruz egindako jardunaldia. Gonbidatutako hizlarietako bat Borja Sainz de Aja izan da, REDIko (Aniztasunaren eta LGTBI Inklusioaren aldeko Enpresa Sarea) presidentea. Nabarmendu duenez, “LGTBI pertsonen % 51k hesi bat jartzen dute nor diren ezkutatzeko, eta ez dira gai beren potentziala garatzeko”. Sainz de Ajaren arabera, faktore sozialek eta migrazioei, prestakuntzari eta diskriminazioari lotuek garapen pertsonala eragozten dute, bai eta, ondorioz, profesionala ere. Abiapuntuak enpresan egon behar du: “gaia enpresen mahai gainean jarri behar da (zuzendaritza eta giza baliabideak), eta diskriminazioa eragoztera bideratutako neurriak eta ekimenak abiarazi behar dira”. Bere hitzaldian azpimarratu duen funtsezko alderdietako bat prestakuntza bultzatu beharra izan da.
LGTBI+ pertsonen eskubideak lan-eremuan babesteko, funtsezkoa da aniztasun-batzordeak sortzea, sentsibilizazio-programak ezartzea eta berdintasuneko eta diskriminazioaren aurkako politikak ezartzea.
Mutualia: Aniztasunarekiko konpromisoa
2024an, Aniztasunaren Urtea ospatzen ari da Mutualia, eta erakundean eta gizartean berdintasunarekin eta inklusioarekin duen konpromisoa berretsi du.
Azaroan, Berdintasun Batzordeak, Berdintasun Planaren barruan, Mutualiako prebentzio- eta jarduketa-protokolo berria aurkeztu zuen, sexu-jazarpenari eta/edo sexuan oinarritutako jazarpenari eta LGTBI pertsonen aurkako sexu-indarkeriari eta/edo haien aurkako indarkeriari aurre egiteko sortua. Protokoloaren helburu nagusia da Mutualian sexu-jazarpeneko egoerak prebenitzea; horretarako, sentsibilizazioa, komunikazioa, prestakuntza eta pertsonen erantzukizuna azpimarratzen ditu.
Era berean, sentsibilizazioko eta prestakuntzako zenbait ekimen egiten ari da Aniztasun Batzordea urte osoan zehar, giro inklusiboa sortzeko eta pertsona guztiak baloratuta eta errespetatuta sentitzeko.
Aniztasuna eta inklusioa funtsezko zutabeak dira enpresaren kulturan, eta pertsona guztien erantzukizuna da norabide horretan lan egitea: berdintasuna, aniztasuna eta inklusioa.