
Aldizkari honen aurreko zenbakietan, patin-hockeyak eta belar-hockeyak gure lurraldean duten harrerari buruz mintzatu gara. Zer talde dauden aipatu eta kirol horiek egitearen abantailak azaldu ditugu.
Azken zenbakian, patin-hockeyko Euskadiko selekzioak, Euskal Kirol Federazioen Batasunaren laguntzari esker, Macaon nazioarteko txapelketa bat jokatu zuela aipatu genuen, eta bikain aritu zen, txapelketa irabazi baitzuen! Oraingoan, lineako hockeyaz arituko gara. Euskadin badaude kirol honetaz gozatzeko aukera ematen duten hainbat talde, besteak beste, Bilboko Metropolitano Hockey Club (herrialdeko indartsuenetako bat), Street Hockey Gasteiz, Sumendi eta Bergarako Hanka Labanka. Izotz-hockeyaren antzeko kirola da, baina zurezko, asfaltozko, zementuzko edo material sintetikozko pista baten gainean jokatzen da. Pistak 20 x 40 metro eta 30 x 60 metro bitartekoak izaten dira. Jokalariek gurpil-lerroko irristailuak erabiltzen dituzte, lau gurpilekoak, abiadura handiak lor ditzaketenak, baita disko edo puckari jotzeko sticka ere. Hockeyaz hitz egitea askotariko abantaila fisikoak eta psikologikoak dituen kirol batez hitz egitea da. Patin-hockeya kontaktu-kirola da, eta ohiko patinajearen onura asko dakartza berekin, baina hura praktikatzean izaten den bizitasunaren faktore biderkatzailearekin. Irristaketa-kirola denez, kaloria ugari erretzeko aukera ematen du, beste modalitate batzuekin konparatuta.
Gainera, arnasketa-gaitasuna eta erresistentzia azkarren handitzen dituen espezialitateetako bat da. Izan ere, energia handia behar da lineako hockeyan aritzeko. Bizitasun handiko kirola denez, abiarazte oso azkarrak behar dituena, energia handia behar da. Jokaldi bakoitzaren ondoren, hurrengoa hasi arte, tarte labur batean arnasa sakon hartzeko aukera eman dezake. Ondorioz, gorputza bere onera etortzen da. Horregatik da hain eraginkorra errendimendu fisikoa areagotzeko orduan.
Gihar-talde ugari erabili behar dira, indarrez jokatzeko eta patinen gainean abiadura handian gelditzeko edo biratzeko inertzia konpentsatzeko. Lineako hockeyak hankak, izterrak, ipurmasailak, gerria, sabelaldea, lunbarrak eta besoak bizkortzen eta indartzen ditu. Irristaketa beste kirol batzuk baino ariketa arinagoa da, artikulazioetako kalteak kontuan hartuta. Izan ere, hainbat ikerketak ondorioztatu dute behe-artikulazioek jasotzen duten inpaktua % 50 txikiagoa izan daitekeela irristaketan korrikan baino.
Mugimenduak abiaduran egitean, gainera, lineako hockeyak oreka eta koordinazioa lantzen ditu, burmuinak mugimenduak automatizatzen baititu, eta horiek egiteko gero eta arreta gutxiago jarri eta esfortzu txikiagoa egin beharko baita.
Hasieran baliteke baldar sentitzea, baina entretenimendu handia izango da hockeyan jokatzea. Oreka galtzeko beldurrez ibiltzen ez bagara, mugimenduak gero eta arinagoak izango dira eta azkarrago hobetuko da gure teknika. Gainera, lineako hockeyan jokatu bitartean, egoera dibertigarri ugari sortzen dira.

