Itzuli

Loa eta gidatzea: zure amesgaiztorik txarrena.

Oinarrian dagoen arazoa da lo gutxi egiten dugula, eta gaizki. Errepidean bizitza salba diezagukeen baliabide natural hori oso gutxi baloratzen dugu. Espainiako Loaren Elkartearen datuen arabera, gauero 6,8 orduko atsedena hartzen dugu batez beste, eta hori kasurik onenean; izan ere, Espainiako Neurologia Elkarteak dio biztanleriaren % 30ek duela loaren nahasmenduren bat (% 4k kronikoa). 

 Arazo horiek guztiek tragedia bat izan dezakete ondorio; izan ere, egunez logura izatea eragiten dute, eta logura hori areagotu egiten da drogak, alkohola edo medikamentu-mota jakin batzuk kontsumituz gero.  

 Bost ordu lo egin duen gidari batek trafiko-ezbehar bat izateko duen  arriskua atseden hartutako pertsona batek duena baino bost aldiz handiagoa da. Loa eta alkohola konbinatuz gero, arrisku hori 30 aldiz handiagoa da. 

 

Logurak eragin oso latza du gidarien burmuinean. Logura izanez gero, erantzuteko eta kontzentratzeko gaitasuna txikia da, maniobrak ez dira hain zehatzak izaten, erreflexuak aldatu egiten dira eta modu agresiboagoan gidatzen dugu. Baina, batez ere, arriskuaren pertzepzioa murrizten da, eta hori oso arriskutsua da. Bide-ezbeharrak gertatzen dira okerreko erabaki bat hartzen delako arriskuaren pertzepzio desegoki baten ondorioz. 

Loak errepidean eragin ohi duen ezbehar tipikoa bidetik irtetea da. Gauez gertatu ohi da, eta, normalean, gidariak bakarrik bidaiatzen du eta objektu baten aurka talka egiten du. Azken emaitza heriotza izan ohi da, biktimak ez duelako frenatzen: lo zegoen. Bakarkako istripu deitu ohi zaie. 

 Halakorik gerta ez dadin, teknologia dugu lagun. Gaur egun, nahitaezko Gidatzen Laguntzeko Sistema Aurreratuak (ADAS) ditugu; esaterako, larrialdiko balaztatzea, gidatu bitarteko logalean eragin zuzena duena. 

 

Asmoa da ildo horretan aurrera egiten jarraitzea, baina bide luzea dago aurretik. EuroNCAP segurtasun-protokoloak honako hau aztertzen du: gidatzeko kaltegarriak diren sintomak antzemanez gero (kasu honetan, logura), ibilgailuak zuzenean esku hartzea; adibidez, beste ADAS sistema batzuen sentikortasuna areagotuta, hala nola ibilgailua erreian mantentzearekin lotutakoak. Baina etorkizun hori, non gidariak lo hartuz gero autoak erabakiak hartzeko gaitasuna izango baitu, iristeke dago oraindik. Eta, iristen denean ere, adituek argi dute: gidatu bitarteko loguraren aurkako borroka ez da teknologiarekin bakarrik irabaziko. 

 

Gidari gutxik dakite ez direla aharrausiak eta burukadak logura iragartzen duten zantzu bakarrak. Buruan ideiak bueltaka izatea, eserlekuan eroso ez sentitzea edo azken kilometroetan gertatu dena ez gogoratzea ere loak hartzear gaudelako sintomak dira. Baina are okerrago jokatzen dute lokartzeko zorian daudela jakin arren gidatzen jarraitzea erabakitzen dutenek.  Línea Directa-ren ikerketa baten arabera, inkestatuen % 61ek onartu zuen ez duela atsedenik hartzen 200 km-an edo 2 orduan behin, DGTk gomendatzen duen bezala, eta 1,5 milioi pertsonak adierazi zuen nekea gainditzen eta helmugara zuzenean iristen saiatzen direla, nahiago dutelako iritsi atsedena hartu baino. Baina geldialdi horrek bizia salba liezaieke. 

 

Prestakuntzaren eta kontzientziazio-lanaren garrantzia azpimarratu behar da, eta gidariei azaldu behar zaie zer egin dezaketen gidatu bitartean logura dutenean, askok ezertarako balio ez duten jokabideak baitituzte. Aire girotua jarri, musika entzun, leihoak zabaldu, abiadura bizkortu, kopilotuarekin hitz egin… Neurri horiek ez dute inolako eraginik, benetan egin beharko litzatekeenarekin alderatzen baditugu: gelditu eta atseden hartu, edo beste pertsona batek har dezala gidatzeko zeregina. HAIN ZAILA AL DA HALAKO NEURRI ERRAZAK HARTZEA? 

Lotutako berriak