Itzuli

Mendia: Behar dugun deskonexioa, mendi-ibiltaritzari esker

ekfb

Ziurrenik gure bizitzako uda arraroena izan dena amaitzear dago. Eta pertsona ugarik hilabete hauetan mendira inoiz baino sarriago joatea erabaki dute, hau da, ongi sentitzeko, arnasa hartzeko eta ziurgabetasunez betetako garai hauek gozatzeko toki paregabe horretara, hain zuzen. Botika onenetako bat da, zalantzarik gabe. Gure lurraldean zorte handia dugu, askotariko mendi eta ibilbide ederrak ditugulako; errazak eta zailagoak, gure gaitasun eta aukeren arabera.

Mendi-ibiltaritza errazen praktikatu dezakegun kiroletako bat da. Oso dibertigarria eta onuragarria da, eta senide eta lagunekin egin dezakegu. Lehenik eta behin, eskakizun-mailaren arabera, ondo aukeratu eta planteatu behar da ibilbidea. Gainera, nola ez, arropa eta oinetako egokiak eraman behar dira, bai eta makilak ere, belaunekin arazorik edukiz gero; bereziki, mendian jaitsiera nabarmenak baldin badaude. Bero handia dagoen egunetan beharrezkoa da eguzkitako krema, txanoa eta ur botila ere eramatea (azken hori, beti). Onena hastera doa. Errutina alde batera uzten hasten gara, eta segika ditugun arazoak eta aurten mehatxatzen gaituzten kezkak ahazten. Gure burua lasaitu egiten da. Gure arreta aire freskoan dago orain; lasaitasunean, gure mendietako natura ederrean, deskonexioan… Uda honetan gure bizitza erritmoa ahaztu, eta atseden hartu dezakegu, eta astindu ohi gaituen estresaren aurrean geldialdi bat egiten saiatuko gara. Hori guztia zokoratzeko modu osasungarri bat mendira joatea da. Ariketa fisikoari esker, gure osasunerako abantailak lortzen ditugu, mundutik baztertzen gara, eta naturarekin eta bertako fauna eta florarekin kontaktuan gaude. Zentzumen guztietarako gozamena da. Mendi-buelta batekin (bakoitzak badaki zenbat kilometro egin ditzakeen) tentsioak deskargatzen dira, eta energia kargatzen dugu. Gainera, gure sasoiari eusten diogu, eta osasun kardiobaskularra hobetzen dugu. Mendiko aire garbia arnasten dugu, eta gure birikei garbitzeko aukera ematen diegu horrela, gerta litezkeen arnas gaixotasunak saihestuta. Errutina gorrotagarritik eta presatik urrun gaude, naturarekin kontaktuan jartzen gara, eta lasaiago pentsatzen eta erabakiak hartzen ere lagun diezaguke. Neke fisikoa ager daiteke, bai, baina nekez izango da mentala, batzuetan jazartzen gaituen antsietatea edo negatibotasuna atzean uzten baitugu. Gure mendietako bide horietatik askotariko zuhaitzak eta animaliak topatuko ditugu. Hainbat ikerketatan

erakutsi dutenez, naturan denbora igarotzeak modu positiboan eragiten digu urduri ez sentitzeko, eta mendi-ibiltaritzak pentsamendu obsesibo eta negatiboak murrizten dituela adierazi dute ikertzaileek. Bi orduz ingurune naturalean oinez ibiltzen zirenek ‘umore txarreko’ maila baxuagoa zutela ondorioztatu zuten, eta, azaldu zutenaren arabera, gure mundua gero eta gehiago urbanizatzeak lotura dauka depresioarekin eta bestelako buruko gaixotasunekin. Horregatik, noizbehinka hiriko ingurunetik irtetea eta mendian denbora igarotzea gure buru osasunerako abantailetako bat da, mendian estresa eragiten duten faktore, zarata eta distrakzio gutxiago baitaude. Mendi-ibiltaritza ariketa fisikoa egiteko modu bikaina da, eta hautatutako ibilbidearen zailtasuna zein den, orduko 400 eta 700 kaloria artean errearazi ditzake. Beste onura gehigarri bat: ez du korrika egitea bezalako modalitateek beste esfortzurik eskatzen. Mendiarekin kontaktuan egoteak ongizate handia sortzen du, gorputz zein buruarentzat, eta oso beharrezkoa da gure existentziaren garai bitxi honetan. Izan ere, menditik ibiltzerakoan gorputzak endorfina gehiago sortzen ditu. Endorfinak zoriontasunaren hormonak dira, eta horri esker pertsona positiboagoak bihurtzen gara; ziurtasun handiagoa lortzen dugu, eta deprimitzeko aukera gutxiago ditugu. Gainera, sarritan oinez ibiltzeak belaunak eta orkatilak sendotzen laguntzen du, bizkarrean izan ditzakegun tentsio eta gainkargak lasaitzen ditu, odolean kolesterola eta glukosa murrizten laguntzen du, eta hezur-dentsitatea handitzen du; beraz, adinekoentzako jarduera gomendagarria da. Gainera, posible da natura ulertzeko eta hobeto ezagutzeko ezagutza eskuratzea. Euskal Kirol Federazioen Batasunaren sail honetako kideok zuen ibilbideak aukeratzera animatzen zaituztegu.

Lotutako berriak