Espainiako lehenbiziko bizikleta XIX. mende erdialdean fabrikatu zuten, baina XX. mendean ongi aurreratu arte (70eko eta 80ko hamarkadetara arte) ez zen hedatu haren erabilera, eta gero eta jende gehiagok erabiltzen du bizikleta garraiobide gisa.
Zer dela-eta igo da bizikletaren erabilera?
XXI. mendean, hiri handietako mugikortasuna aldatzen ari da, eta bizikletak garrantzia hartu du. Oso erabilgarria da garraiobide gisa, eta lagungarria da osasuna hobetzeko, hiriak jasangarriagoak izateko, trafikoa arintzeko eta hirietan ingurumeneko kutsadura gutxitzeko; izan ere, garraiobide ekonomikoa, garbia eta jasangarria da, eta ingurumena zaintzen laguntzen du.
Gaur egun, hiri askok mugikortasun seguru eta osasungarri baten alde egiten dute apustu; oinez eta bizikletaz ibiltzea sustatzen dute, zirkulazio abiadura murrizten dute 30eko eremuak ipinita, eta txirrindularientzako ibilbide berriak egiten dituzte.
Zergatik mugitu bizikletaz?
Garraiobide alternatibo honek onura ekartzen dio osasunari, bizikleta egunero erabiltzeak osasun fisiko eta emozionala hobetzen laguntzen baitigu: odoleko kolesterol maila jaitsi, estres maila txikitu eta aldartea hobetzen du; bikaina da gizentasunari aurre egiteko, baita arnas eta bihotz sistema hobetzeko ere, eta bihotzekoak eta garun hodietako arazoak izateko arriskua gutxitzen du, giharrak indartzeaz bat. Jasangarria, garbia eta ekologikoa denez, ingurumena hobetzen laguntzen du, eta, beraz, onuragarria da osasunarentzat. Eta bizikleta bat erostea eta mantentzea merkeagoa da, adibidez, auto bat izatea baino; hortaz, garraiobide ekonomikoa da.
Nola ibili hirian barrena bizikletaz modu seguruan?
Araudi aldetik, Zirkulazio Erregelamendu Orokorrak bizikleta bidezko garraioa arautzen du; alabaina, udal bakoitzak bere trafiko eta zirkulazio ordenantzak ezar ditzake, edo mugirkotasun ordenantzak, bizikleten zirkulazioarenak, eta abar.
Trafiko Zuzendaritza Nagusiak (DGT) infografia praktiko bat sortu du, hiriko bizikletentzako zirkulazio arau nagusiak ez ezik aholku praktikoak ere badakartzana.
Eusko Jaurlaritzak eta Trafiko Zuzendaritzak ere zenbait aholku eta gomendio ematen dituzte bizikletaz zirkulatzeko.
- EUSKO JAURLARITZA: https://youtu.be/S4qe7wun2Ao
- TRAFIKOA: https://www.trafikoa.eus/lfr/web/trafikoa/conduccion-de-vehiculos-de-dos-ruedas
Mutualiaren prebentzio arloko aholkularitza

