ciudad
Itzuli

EUROPAKO MUGIKORTASUN IRAUNKORRAREN ASTEA

Nola ibili bizikletan hirian zehar segurtasunez

Urtero, irailaren 16tik 22ra, MUGIKORTASUNAREN EUROPAKO ASTEA egiten da. Ekimen hau 1999an sortu zen Europan, eta mugikortasun jasangarria sustatzea du helburu, jardunbide egokien eta neurri jasangarrien garapena sustatuz. Aurten, kanpainarako aukeratu den leloa “Isurketarik gabeko mugikortasunaren alde” da, eta Europako Itun Berdean jasotako helburua islatzen du: 2050. urterako CO2 isurietan neutraltasuna lortzea, eta pertsona guztiek zero isuriko garraio-sistemetara irispidea izatearen garrantzia nabarmentzea.

Aste honen barruan, irailaren 22an, Hiria, autorik gabe! ekitaldia egingo da. Mutualiak bat egiten du ekimen horrekin, babestutako langileak hirian zehar egiten dituzten joan-etorrietan bizikleta erabiltzera animatuz. Alabaina, hiri handietan ibilgailu asko daudenez eta oinezko asko bizi direnez, eta ibilgailu-motaren ezaugarriak direla-eta, bizikleta-erabiltzaileak gero eta ahulagoak dira zirkulazio-istripuei dagokienez. Funtsezkoa da bizikleten erabilerari dagozkion segurtasun-arauak ezagutzea, eta, horretarako, hirietako mugikortasun jasangarrirako bitarteko gisa bizikleta modu seguruan erabiltzeari buruzko dekalogo bat ematen dugu.

ciudad
Infografia: Bizikletaz hirian ibiltzeko arauak (Iturria: Trafiko Zuzendaritza Nagusia_DGT).

Arauei dagokienez, “Zirkulazioko Araudi Orokorrak” bizikletaz egiten den garraioa arautzen du; hala ere, udalerri bakoitzak trafikoari eta zirkulazioari buruzko edo mugikortasun jasangarriari, bizikleten zirkulazioari eta abarri buruzko bere ordenantzak ezar ditzake.

Arau orokor gisa honako hau ezarri da:

1. Kaskoa eta jantzi islatzaileak: kaskoari dagokionez, nahitaezkoa da 16 urtetik beherakoek erabiltzea. Helduen kasuan, hiriguneetan erabiltzea derrigorrezkoa ez bada ere, gomendagarria da beti. Hiriarteko eremuetan, errepidean kaskoa derrigorrezkoa da pertsona guztientzat. Jantzi islatzaileak erabiltzea ez da nahitaezkoa, baina une oro erabiltzea gomendatzen da, bereziki argitasun gutxiko baldintzetan (iluntzean, lainoarekin, euriarekin eta abar).

2. Segurtasun elementuak: bizikletak atzeko eta aurreko gurpiletarako balaztak izan behar ditu, eta, horrez gain, gainerako pertsonei bere presentziaren berri emango dien txirrina ere izan behar du. Argiztapenari dagokionez, bizikletak aurreko eta atzeko argiak izan behar ditu, eta derrigorrezkoa da elementu islatzaile bat izatea hiriarteko bideetan gauez zirkulatzeko.

3. Bidaiari kopurua: bizikletan (tandemean izan ezik), gehienez ere bi bidaiari joan daitezke, betiere, laguntzailea zazpi urtetik beherakoa bada eta eserleku homologatu batean bidaiatzen badu.

4. Debekatuta dago soinu-hartzaileei edo -erreproduzitzaileei konektatutako aurikularrak erabiltzea, bai eta telefono mugikorra erabiltzea ere.

5. Baimendutako alkohol-tasa 0,5 g/l da odolean edo 0,25 mg/l arnastutako airean.

6. Maniobrak seinaleztatzea: edozein maniobrari ekin aurretik, autoen eta oinezkoen posizioa begiz egiaztatuko da, eta maniobra seinaleztatuko da: maniobra abiatu aurretik (besoa horizontalki luzatuz sorbaldaren parean); eskuinera biratzean (ezkerreko besoa gorantz tolestuta eta ahurra luzatuta, edo, bestela, eskuineko besoa horizontalean eta esku-ahurra beherantz luzatuta); ezkerrera (ezkerreko besoa sorbaldaren parean horizontalki luzatuz eta eskua

beherantz irekita, edo, bestela, eskuineko besoa gorantz tolestuta eta esku-ahurra luzatuta); eta frenatu edo gelditutakoan (besoa goitik behera mugituz, txandaka, mugimendu labur eta azkarrekin).

7. Zebrabideetan, bizikletentzako pasabide espezifikorik ez badago, debekatuta dago bizikletan ibiltzea, eta, beraz, erabiltzaileak bizikletatik jaitsi eta oinez zeharkatu beharko du.

8. Seinaleztatutako bidegorria dagoenean, bizikletaren erabiltzaileek erreitik zirkulatu behar dute, eta ez galtzadatik, eta pasatzeko lehentasuna izango dute autoekiko. Bidegorririk ez badago, beti galtzadatik ibili beharko da, inoiz ez espaloitik. Bi errei baino gehiago badaude, eskuinetik ibili beharko da.

9. Noranzko bakarreko bide batean biratzean, bizikletaren erabiltzaileak galtzadaren ezkerreko ertzetik ahalik eta gertuen jarri beharko du bere burua, eta maniobra aldez aurretik seinaleztatu. Noranzko bikoitzeko bide batean, biratzean, erdibitzailera edo galtzadaren ardatzera hurreratu behar da, kontrako noranzkoan sartu gabe, eta seinaleztatu.

10. Biribilguneetan, txirrindulariek pasatzeko lehentasuna dute ibilgailu motordunen aurretik, baldin eta, taldean zirkulatuta, lehen bizikleta gurutzatzen hasi bada edo biribilgune batean sartu bada. Talde osoa alegiazko ibilgailu bakar bat balitz bezala tratatu beharko da.

Mutualiaren Prebentzio-Aholkularitza

Lotutako berriak