ciencia del movimiento
Itzuli

Mugimenduaren zientzia: nola eragiten dio ariketak gure gorputzaren biokimikari eta lanari? 

Lantegi biokimiko bat da gorputza 

Mugitzen garenean, gure muskuluek indarra baino gehiago sortzen dute: gorputz guztirako seinale gisa aritzen diren substantzia kimikoak jariatzen dituzte. Substantzia horiek miozinak dira. Esan dezakegu muskuluek organismoaren funtzionamenduari eragiteko —eta, askotan, hura hobetzeko— gorputzeko gainerako parteetara bidaltzen dituzten “mezu kimikoak” direla. Aurkakoa pentsatu ohi den arren, ez da beharrezkoa oso gogor entrenatzea haiek aktibatzeko: nahikoa da egunean zenbait aldiz mugitzea. 

 

Izan ere, gibela, gantz-ehuna, sistema kardiobaskularra, pankrea, azala eta beste organo batzuk erregulatzen dituzten 600 miozina baino gehiago identifikatu dira; hau da, muskulua organismoaren erregulatzaile sistemikoa da. 

 

Zer dira miozinak? 

Mugitzen garenean, eta, bereziki, muskuluak uzkurtzean, odolean miozina izeneko substantzia batzuk askatzen dituzten guruin gisa aritzen dira muskuluak. Molekula horiek azken hamarkadetan aurkitu dira, eta askotariko organoetan (garuna, bihotza eta gantz-ehuna) eragiten duten seinale kimikoak dira. Horregatik esaten zaie mugimenduaren molekula. IL-6 molekula da aztertuenetariko bat; gaixotasun-egoeran agertzen den bertsio proinflamatorioa ez bezala, antiinflamatorioa da ariketaren ondoren jariatzen denean, eta immunitate-sistema orekatzen eta inflamazio kronikoa murrizten laguntzen du. Molekula horiek, halaber, intsulina-sentsibilitatea hobetu dezakete, bai eta apetitua erregulatu, minbizi-mota batzuetatik babestu eta gogo-aldartea modulatu ere. Gainera, haietako batzuek —besteak beste, IL‑15 eta IGF‑1— efektu bereziki garrantzitsuak dituzte gainpisua eta obesitatea dituzten pertsonen metabolismoan eta, ikusi denez, ariketa aerobikoa eta indar-ariketak konbinatzeak molekula horiek askatzea optimiza dezake. 

 

Beraz, ez dira ariketatik eratorritako produktu hutsak: gure gorputza eraldatzen duten eragileak dira, barrutik lan egiten dutenak eta ohiko mugimenduak osasun fisikoa, mentala eta metabolikoa zergatik hobetzen duen azaltzen duten efektu sistemikoak dituztenak. Eta onena da jarduera leunekin eta laburrekin ere aktibatzen direla: oinez ibilita, eskailerak igota, lanean eten aktibo bat eginda, etab. 

 

 

Ariketak bihotzean, garunean eta immunitate-sisteman dituen efektuak 

Mugimenduak oxido nitrikoaren ekoizpena estimulatzen du; oxido nitrikoa funtsezko molekula bat da osasun kardiobaskularrerako. Odol-hodiak zabaltzea errazten du konposatu horrek; hala, odol-fluxua hobetzen da eta presio arteriala murrizten. Denborarekin, zirkulazioaren hobekuntza horri esker, miokardio-infartuaren, iktusaren eta beste gaixotasun batzuen aurkako babesa areagotzen da. Gainera, odoleko kolesterol- eta glukosa-mailak erregulatzen laguntzen du ariketak eta, modu horretan, osasun metabolikoa egonkortzen laguntzen du. 

Ariketa egiten dugunean, neurotransmisoreak ugaritzen dira; dopamina, serotonina eta noradrenalina dira haietako batzuk, eta arreta, gogo-aldartea eta kontzentratzeko ahalmena hobetzen dituzte. Baina, gainera, garunetik eratorritako faktore neurotrofiko (BDNF) izeneko proteina bat askatzen da, zeinak neurona-konexio berriak sortzen laguntzen baitu eta narriadura kognitibotik babesten baitu. Horregatik, alzheimerra, parkinsona eta bestelako gaixotasun batzuk garatzeko arrisku txikiagoarekin lotzen da ariketa, eta prebentzio-estrategiatzat ere erabiltzen da familia-aurrekariak dituzten pertsonekin. Ariketak, halaber, autorregulazio emozionala hobetzen du, eta antsietatearen, estresaren eta depresioaren sintomak murrizten ditu, baita diagnostiko klinikorik ez duten pertsonengan ere. Azterketa berriek erakutsi dutenez, ariketa erregularki egiteak (barne direla eten aktiboak eta lan-ingurunean atsegin hartzeko egiten den kirola) eragin babeslea izan dezake neke profesionalean eta egoera psikologikoa hobetu dezake oro har. 

Immunitate-sistemarentzat ere ona da. Ariketa erregularraren bidez lortzen den muskulu-aktibazioak organismoaren hantura-erantzuna modulatzen du; hala, eraginkorragoa da, eta ez hain kaltegarria. Erregulazio horri esker, hantura iraunkorrari lotutako gaixotasun kronikoetarako (2 motako diabetesa, minbizi-mota batzuk, etab.) joera txikiagoko ingurune biologikoa lortzen da.Gainera, lan-inguruneko eten aktiboek (laburrak izan arren) immunitate-erantzuna hobetu dezakete estresa, infekzioak eta neke metatua dagoen egoeretan. Bi hitzetan esanda, erregulartasunez mugitzeak hobeto defendatzen laguntzen dio gorputzari. 

Eta zer egin dezakezu lanean? 

Imajinatu lantokian zaudela eta mugitzea erabakitzen duzula: sentadilla gutxi batzuk eginda, sorbaldei mugimendua emanda edo arnasa sakon batzuk hartuta, benetako erreakzio kimiko bat martxan jartzen ari zara. Ez duzu behar ekipamendu berezirik: zure muskuluak erabiliz, miozinak, endorfinak eta dopamina askatzen ari zara, eta gorputz guztian eragiten dute, inflamazioa, mina eta arreta-maila modulatuz. Esan genezake une horretan barne-medikamentu pertsonalizatu bat egiten ari zarela, zure premia fisiologikoetara egokitua. Farmako naturala, albo-ondoriorik gabea, zure gorputzak egiten dakiena… estimulu egokia ematen badiozu, betiere. 

Zer da interesgarriena? Efektuak igarri egiten direla (erregulartasunez eginez gero): bizkarreko min gutxiago, argitasun mental handiagoa, aharrausi gutxiago, etab. Keinu txiki bat da, zientziak babestua, eta eten aktibo bakoitza zure osasuna hobetzeko aukera bilakatzen du… baita lanean ari zarela ere. 

 

Jarri gurekin harremanetan eta ikasi nola inplementa ditzakezun estrategia horiek lan-ingurune osasungarri eta produktiboago bat lortzeko urrats gisa! 

 

Bibliografia 

 

  • Booth, F. W., Roberts, C. K., & Laye, M. J. (2012). Lack of exercise is a major cause of chronic diseases. Comprehensive physiology, 2(2), 1143. 
  •  Erickson, K. I., Voss, M. W., Prakash, R. S., Basak, C., Szabo, A., Chaddock, L., … & Kramer, A. F. (2011). Exercise training increases size of hippocampus and improves memory. Proceedings of the national academy of sciences, 108(7), 3017-3022. 
  •  Severinsen, M. C. K., & Pedersen, B. K. (2020). Muscle–organ crosstalk: the emerging roles of myokines. Endocrine reviews, 41(4), 594-609. 
  •  Eather, N., Wade, L., Pankowiak, A., & Eime, R. (2023). The impact of sports participation on mental health and social outcomes in adults: a systematic review and the ‘Mental Health through Sport’conceptual model. Systematic reviews, 12(1), 102. 

 

Lotutako berriak