
Bihar, urriak 24, Mutualiaren EHO Erabakimen Handiko Ospitalean (Gasteiz) “Zauri traumatikoekin nola jokatu” jardunaldia egingo da. BMZA Bilboko Mediku Zientzien Akademiako kirurgia plastiko eta konpontzaileko atalaren presidentearekin aritu gara hizketan, Mutualiako kirurgialari plastiko Francisco García Bernalekin; programako hezkuntza jardueretako batean parte hartuko du, eta, bertan, zauri konplexuak arteztearen gaia jorratuko du.
Askotan, kirurgia plastikoa ebakuntza estetikoekin lotzen dugu. Alabaina, García Bernalek gogorarazi digu izen ofiziala Kirurgia Plastiko Konpontzailea eta Estetikoa dela, nahiz eta zehaztu duen egia dela oso kirurgialari plastiko gutxi aritzen direla konpontzailean arduraldi osoan.
Kirurgia plastikoari buruz daukagun kontzeptua zabalduko al zeniguke?
Kirurgia plastikoa luze-zabalean atzeman ezina den espezialitate moduan definitu ohi da, ez dauden ehunak ordezkatzen baititu. Ehun gabezia horren arrazoia izan daiteke tumore bat erauztea, istripu bat, gaixotasun sortzetiko baten ondorioa, erredura batzuen erasanak… Horrenbestez, kirurgialari plastikoaren jarduera-hedadura aski zabala da: izan daiteke genitalak berregitea, eskuak berrosatzea, hankak, aurpegiko erasanak… oraindik orain, jendea arlo zehatzagoetan ari da espezializatzen.
Nik neuk, ia 20 urte daramatzat gehienbat esku nahiz eskumuturretako patologien, nerbioen eta mikrokirurgiaren lan arloan. Eta neurri txikiagoan minbizi osteko berregitean: esate baterako, tumoreak erasandako ehun zatiak kentzen ditu otorrinoak, eta nik berrosatu egiten ditut, mikrokirurgiako teknikekin.
Eskuko eta eskumuturreko kirurgiaren arloan, zeintzuk dira lan arloarekin lotutako patologia ohikoenak?
Patologiarik ohikoenak hatz punten anputazio partzialak dira, gehienetan makinek eragindakoak. Pazienteak hatzaren zati bat galtzen du, eta berrosatu egin behar zaio. Baldin eta galera txikia bada, hatzeko ehunen bitartez berregin daiteke, transplante lokal txikiak eginez, eta galera handiagoa baldin bada, mikrokirurgiako teknikak erabili beharko ditugu, hala nola berriz ezartzeak edo esku bakoitzeko hatz bana transplantatzea.
Ez dira hain sarritan izaten, baina ohikoak dira traumatologia kasuak ere: tendoietako lesioak edo hausturak.
Eta bada eskuko kirurgiaren jarduera bereganatzen ari zaigun zati oso garrantzitsu bat: errepikapen-mekanismoek eragindako gaixotasun profesionalen gaia.
Mutuako larrialdi zerbitzuetan artatzen ditugun lesioen ia % 30 eskuko traumatismoak izaten dira.
Zer lan motak eragin ditzake errepikapen-mekanismoek sortarazitako gaixotasun profesionalak?
Ekoizpen kateetako lanak, esate baterako, non langileek 7-8 orduko lanaldietan keinu berbera egiten duten. Azkoinak estutuz, piezak leku batetik bestera eramanez, kontserbak ontziratuz. Anekdota batekin gogoratzen naiz: aldi batean arrain gogorragoa iritsi zen, eta tendinitis epidemia bat izan genuen, langileek eskumuturra behartu egiten zutelako arraina zuritu ahal izateko.
Jardunaldian zauri traumatikoak arteztea jorratuko da. Sarritan gertatzen dira?
Alde batetik, gaur egun ezagutza handiagoa dago, eta antibiotikoak erabiltzen dira; kontuak kontu, zauri infektatuak ez dira sarri ikusten. Ebakuntza-gelan eta ohiko inguruetan infekzio-tasa oso apala da. Eta tratamenduan, industriak ahalegin betean bultzatzeko eta saltzeko dauzkan ukendu nahiz apositu ugari izan arren, pazienteei esaten diegu zauriak garbi eta lehor egon behar duela: ohiko urarekin garbitzeko, eta ongi lehortzeko. Ura, desinfektatzailea eta tiritak edo apositoak erabiltzea da kasuen % 90ean zauriak sendatzen dituen erremedioa.
Kirurgia plastikoan eboluzio onik izaten ez duten zauri konplexuak ikusten ditugu. Gizakiok badugu orbantze ahalmena zauriak osa daitezen, baina batzuetan zauri horiek ez dute bilakaera egokirik izaten, eta hor kirurgia plastikoak esku hartu beharra izaten du, ahalik eta ondoen berregiteko.
Kirurgia beharrezkoa al da beti?
Beti ez, baina batzuetan, pazienteak substantzia galtzean edo zauriaren itxuraren arabera, badakizu hor ez dela eboluzio onik izango, edo zauri horrek tendoi bat edo artikulazio bat airean uzten dizu, eta ezin duzu hori sendatzeko zain egon, tendoiaren artikulazioa gal baitaiteke, eta bere funtzioa egin ezinik gelditu. Horrelako egoeretan, merezi du esku hartze bat egitea, tendoi edo artikulazio hori ongi babestuta egon dadin eta pazienteak haren belauna, ukondoa edo eskua kontserba dezan. Bitxia bada ere, kirurgia plastikoan esan ohi dugu tamainak ez duela axola, zauri oso handi bat izan daitekeelako, baina itxura onekoa eta teknikoki konpontzeko erraza, eta, aldiz, izan daiteke zauri txiki-txikia, azpian munta handiko egitura duena, hala nola hatz lodi baten artikulazioa edo agerian dagoen nerbio bat, gabezia bat, 2 zentimetrokoa adibidez, estaltzeko ebakuntza konplexua eskatzen duena.
Urriaren 24an egingo den jardunaldia profesionalak elkartzeko prestakuntza jarduera bat izango da, eta kasu klinikoak azalduko dituzten han.
Kasu erreal batzuk aurkeztuko ditugu, eta nola arteztu ditugun azalduko. Eta aukera eskaini dugu bertaratuko direnek ere euren kasuak ekar ditzaten eta, areago, oraindik bukatu gabe dagoen kasuren bat aurkeztuko dugu, parte hartzaileek beren esperientzia eta iritziak eskain ditzaten. Hauxe da asmoa: aurkeztuko den kasu kliniko bakoitzean, jendeak gainerako entzuleekin nola landuko lukeen zuzenean eztabaidatzea.
Zer ekarpen eskaintzen du profesionalen artean esperientziak elkarren artean trukatzeak?
Jardunaldi honen ideia diziplina anitzekoa izatea da, hainbat ikuspuntu elkarrekin trukatzeko aukera emango duena; izan ere, “zu zeu mailua izanez gero, guztiak iltzeak dira”. Hau da, kirurgialari plastikoa baldin bazara, kirurgian soilik pentsatzen duzu, eta, noizean behin, egokia da etxez etxe sendaketak egiten dabiltzan erizaintzako langileen ikuspuntua ezagutzea, zauri kronikoak etengabe artatzen ari diren etxeko ospitalizazioko unitate horiena, alegia, euren ikuspuntua eta esperientziak erakusten eta helarazten dizkigutenen langileena. Iruditzen zait baduela garrantzia diziplina anitzeko jardunaldiak antolatzeak, beste espezialistengandik ikasteko eta zeure konfort-zonatik irteteko.
